“Euskara, bestela gara” III. hitzaldi zikloa Zumaian

Aurten, hirugarren urtez, “Euskara, bestela ez gara” hitzaldi zikloa antolatu dugu Zumaiako Euskara Zerbitzutik. Aurreko urteetako arrakastak animatuta, bide beretik jarraitzea pentsatu dugu, denok ere euskararen egoeraren inguruan hausnartzen jarrai dezagun: esparru batean eta bestean, herri mailan eta hiztun komunitatean… Hitzaldi guztiak Zumaiako Alondegia kultur etxean izango dira, 18:30ean hasita.

Hitzaldi zikloa 2014

Lehen hitzaldia otsailaren 19an izango da, eta bertan Amets Arzallus eta Joanito Dorronsoro “Puntuka” arituko dira bertsolaritzaz, kulturaz, euskaraz…

Bigarrena, otsailaren 26an izango da, Paula Kasaresen eskutik. “Familia euskarari iraunarazteko estrategietan” izenburuak garbi adierazten du esparru jakin hori jorratuko duela bereziki.

Hirugarren saioan, martxoaren 5an, Xabier Azkue izango da hizlari, eta “Euskal Kultura Zumaian” izenburuko hitzaldia emango du. Nola dago gaur egun? Zer egiten dute herriko kultur elkarteek eta zer egin dezakete euskara indarberritzeko?

Eta amaitzeko, martxoaren 12an Iñaki Martinez de Luna eta Belen Uranga etorriko dira, “Diskurtso berri baten beharra” hitzaldia eskaintzera. Euskararen inguruan nolako diskurtsoa eraiki beharko litzatekeen aztertuko dute: hizkuntza ekologiaren balioa, gaur egungo planteamenduetatik zer den baliagarria…

Saioak bideoz grabatu eta kronikekin batera zabaltzeko asmoa dugu aurten ere Euskara Zerbitzuan.