Sautrela 359. saioaren aurrerapena (Aritz Mutiozabal)
XX. mendeko literatur lan handienetako bat argitaratu dela ehun urte bete dira aurten. Ehun urte baitira Marcel Proust-en Denbora galduaren bila-ren lehen liburukia, Swann-enetik, argitaratu zela. 1913ko azaroaren 14an argitaratu zen Parisen, aski argitalpen bazterreko moduan eta hainbat argitaletxe garrantzitsuren ukoa jaso ondoren.
Horixe izan zen Prousten egitasmo erraldoiaren zazpi liburukietako estreinakoa, eta gaur egun oraindik ere irakurrienetakoa dugu. Swann-enetik liburuaren lehen zatian topatuko dugu, adibidez, magdalenaren pasarte sonatua. Horretaz eta Prousten obraren garrantziaz oro har mintzatuko zaigu erreportajean liburu hori euskarara 2010an ekarri zigun Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzailea. Zergatik da Proust eta bere obra hain handi? Nolakoa da Prousten idazkera hainbestetan aipatua? Zer zailtasun dakartza euskararatzeko? Izan al du eraginik euskal letretan Prousten ekarriak?
Saioaren bigarren zatian poesia kontuak izango ditugu nagusi. Alde batetik, Aritz Mutiozabal zarauztarra elkarrizketatu dugu. Berriki plazaratu du Maiatz argitaletxea medio Gorren dantzalekua poema-bilduma. Esan daiteke honakoa dela bere lehen liburua, eta beraz, autore berri bat ezagutzeko parada ederra izango dugu.
BeƱat Sarasolak, berriz, poema-liburu bat berreskuratuko du: Amaia Lasa eta Mikel Lasa anaia-arrebek 1971an ateratako Poema bilduma. Liburu berezia da, egun ia eskuraezina dena liburutegiez kanpo, eta bi poeten lana iruzkinduko digu Sarasolak.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.