Sautrela 358. saioaren aurrerapena (Jon Sarasua)
Aste honetako saioan gure ondareko pieza preziatuetako bat berreskuratuko dugu: Polizia nobela beltzari buruzko erreportajea. Genero hori da munduan irakurtzen den nobela genero nagusienetakoa. Nobelaren azpigenero gisa ulertzen bada ere, esan daiteke bere emaitza gailenetan letra larriz idatzitako literaturarekin pareka daitekeela, Dashiell Hammett eta Raymond Chandler-en nobelak kasu.
Polizia nobela beltzaren ezaugarrien inguruan arituko zaizkigu Txomin Peillen –eleberri beltz ugari idatzitakoa– eta Xabier Olarra –itzultzailea eta Igela argitaletxearen eta bere “Sail beltza”ren arduraduna–. Zein da detektibe nobela eta nobela beltzaren arteko aldea? Ze mundu irudikatzen digu nobela beltzak? Nolakoak dira pertsonaiak? Horiexek argituko dizkigute, besteak beste, Peillen eta Olarrak.
Bestetik, Jon Sarasua elkarrizketatuko dugu bere azken liburuaren karietara. Hiztunpolisa izena du eta Jon Sarasuaren azken urteetako euskararen eta haren egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketak biltzen dituen saiakera mardula da. Gaiari buruzko Sarasuaren pentsamendua ulertzeko liburu erreferentziala dudarik gabe.
Beñat Sarasolak, berriz, erreportajearekin loturik, euskaraz idatzitako lehenengo detektibe nobelatzat jotzen den Jose Antonio Loidi-ren Hamabost egun Urgainen izango du hizpide. Euskal literaturaren historietan salbuespenik gabe aipatzen den nobela da, baina, benetan nabarmentzeko moduko eleberria al da?
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.