Errua Martutenen

221_Martutene

Lausoa da eta nonahikoa, sakonki dago mintzairan txertatua solaskideari errua leporatzeko ohitura: zure erruz galdu gara berriro Donostiako errepideetan, zure erruz bereizi zaizkigu gurasoak. Giza harremanak ping-pong partida balira, orduan errua pilota, erruduna izaten baita lagun hurkoa kosta ahala kosta errudun sentiarazi nahi duena.

Edonola ere, ez besteren batek baizik nork bere burua hobendun jotzeko joera nabarmentzen da eleberrian: tabakoa erretzeagatik hobendun, lagunei dirua emateko orduan eskuzabala ez izateagatik, semeak zure antza duelako, senarraren ordenagailuan kuxkuxeatzeagatik, arbasoek euskaldun zintzo izateko agindu eta ez duzulako maila ematen, etakideek zure ideien alde dena ematen duten bitartean ez zarelako erakundean sartu, edota ez zarelako terroristen biktimengana laster eta ganoraz hurbildu; Max Frischek ere hobenduntzat du bere burua, mendian nazi bat izan zitekeena topatu eta amildegitik beheiti ez botatzeagatik. Jende zintzoa pertsona bat ez hiltzeagatik hobendun senti bailiteke.

Badira kulpa errealak eta beste batzuk gaizki dabilen gure gogoak ezarriak, iraganeko zaborra. Dirudienez, giza burmuinak badu exkrezentzia bat deusetarako balio ez duten sentimenduak eragiten dizkiguna: obsesio, beldur, erru sentimendu absurdoak. Hauen artean, Juliak eta Pilarrek zazpi urte lehenagoko infideltasunagatik oraindik pairatzen dutena. Martinek zein Abaituak abandonatuta zeuzkaten eta axaleko harreman bana izan zuten. Gizonen jelosiazko erantzun basatiaren alde bat emaztea umiliatu eta zikin eta errudun sentiaraztea izaten da.

Errudunik zitalenak psikopatak dira, ez dute kulpa sentimendurik. Sendagileen gremioan ez bide da ezohikoa pazienteen bizia arriskuan jartzea dirua egiteko, edo hierarkian gora. Ez dira gutxi sendagileen arduragabekeriek hilak. Martutenen medikuen kulpaz jaio berri bat hiltzen da, eta medikuak ahalegintzen dira errua amari leporatzen. Hauxe litzateke jende gaiztoaren saizarbitoriar definizioa: batetik, errudun sentitzen ez den erruduna; bestetik, bere errua besteri egozten ahalegintzen dena. Ostera, bidegabekeria egin ondoren errudun sentitu eta bere gain hartzen duena, Saizarbitoriaren hiztegian, “gizajoa” da.

Protagonista bakoitzak kulpa gainetik kentzeko bide berezia erabiliko du. Pilarrek denbora pasatzen utzi, sudokuak egin bitartean. Abaituak ez die apaizei barkatzen hobendun sentiarazteko grina, batez ere sexu kontuetan. Horregatik da protagonistarik kristauena hobenaz libratzeko estrategiei dagokienez: barkamena apalki eskatu eta penitentzia. Bai baita gurean kristauek arrakasta ikaragarriz zabaldu duten ideia bat, arretaz aztertuz gero arras bitxia: sufrimenduaren bidez garbitzen da hobena, oinazeak berrerosiko zaitu. Abaituak barneratua du plazerak ordaina dakarrela, ez dagoela zigorrik gabeko bekaturik eta penitentzia saihestezina dela.

Martin da agian errua garbitzeko bide berriak asmatzeko orduan originalena. Nerabe zela amak masturbatzen harrapatu zuen. Uste dut orduz geroztiko kulpa gordinari erantzuteko era poetiko bat dela Poliklinikan aita ohean datzala ama estuaren alboan Zentzumenen inperioa ikustea, biak adi-adi eta isil-isilik, hasi eta buka, zakil tentea pantaila osoa betetzen, semen-eztanda kamera geldoan.

Martinek, gainera, idatzi egiten du. Errua sendatzeko orduan idaztea ez da oso eragingarria haatik, idazteak berak literatura elikatu ahal izateko izain bihurtzen baitzaitu, ingurukoen biziaren eta odolaren hurrupari, batik bat bikote-bizitzako erru eta miseriena. Saizarbitoriak errudunari “miserable” ere deitzen dio. Miserablea da Juliak Martini ordu arte inori aipatu gabeko oroitzapen mingarri bat kontatu, alegia, txikitan gurasoen lagun bati kuleroak jaisten eta bulba ukitzen uzten ziola, arkatzen truke, eskolan koaderno ederrak egitea gustatzen baitzitzaion, eta handik pixka batera Martinek Juliaren ispilu literarioaz idaztea txikitandik ohitu zela bere bulbatxoarekin trafikatzen. Idazlea, traidore eta errudun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude