Santiago bideak

Santiago bideak –

Mapan, Santiagori eskainitako tenpluren bat duten (edo iraganean izan duten) herriak ager dira. Morez, Frantses bidea, urdinez Baztango bidea eta gorriz balizko Aralarko bidea.

Santiago bideakIX. mendean Santiago Apostoluaren erlikien legenda sortu eta zabaldu zenean eratu zen bidea, eta berehala hartu zituen ospeak eta indarrak, ondasun gutiziatua bihurtu zuten. Gaur egun ere, erlijio kontuak atzenduta, turismo alternatibo bihurturik piztu denean, Donejakue bidea baliabide garrantzitsua bilakatu da ibilbideko herrientzat, gainerakoan erdi hutsik eta erdi hilik leudekeen landa eta mendi eremuko hainbat herrixka barne.

Gure orografia zaila dela-eta, Santiago bideak hainbat adar garatu zituen uren banatzailea zeharkatzeko: Donibane Garazitik abiatuta Orreagatik barrena Iruñera iristen zena dugu ezagunena,- Frantses bidea esan ohi zaion bide nagusia alegia, eta horren alboan dugu halaber azken urteotan EAEk sustatzen duen “barneko euskal bidea” edo “camino vasco del interior”, Gipuzkoako Goierrin gora, arabar lautadan sartu eta Gasteiztik pasata, Errioxako Ozkabarten eransten zaiona bide nagusiari. Bide honi, “Ruta Jacobea Vasca” eta “Baionako bidea” ere esan ohi zaio.

“Baionako bidea” gehiago gustatzen zait, besterik ez bada EAEn bizi ez diren euskal herkideen euskalduntasuna aitortu eta errespetatzeagatik, are gehiago Santiago bidea sortu zen garaian Iruñean, Lizarran Garesen eta Ozkabarten, denak Ordizian bezain euskaldun zirela gogoan hartzen badugu.

Frantziako ipar aldetik Baionatik barrena iristen ziren erromesak ez zuten halere aukera bakarra, “Baionako bidea” izenak horrela iradoki arren. Aipatu goierritar-arabar bidea ez ezik, bai baitzen gutxienez, “Baztango bidea” ere, Iruñeko atariko Arren, bide nagusiarekin bat egiten zuena. Bere garaian garrantzia handiko izan omen zen bide hau hornitu nahian dabiltza orain, turismoaren suspergarri bilaka dadin.

Santiago bidearen sona eta ospea XV. mendean ahuldu ziren ia erabat isiltzeraino. Hain kontu zaharra izaki eta hain parentesi luzez lo egondakoa, ez da erraza jakitea aspaldiko bide haiek nondik nora zihoazen. Ikerbide nagusia, Santiagori eskainitako eliza eta ermitak mapan kokatzea izan ohi da, azti ibiliz, tarte luze horretan zenbaitetan gertatu delako eliza edo ermita horiei santua aldatzea, gaur egun Santiago izenaren arrastorik geratzen ez delarik.

Santiago bideak
Itsasperriko Santiago Ermita.

Ikerketa xume bat eginez, “Baionako bide” horren hirugarren adar bat ageri dela dirudi, aurreko bien artean. “Aralarko bidea” esan geniezaiokeen hau, gipuzkoar-arabar bide bera izango zen Tolosaraino eta Tolosan bereiziko zen, Lekunberrira iritsi eta uren banatzailea Aralartik iragoteko, Larraun bailarako Zuarraratetik.

Hipotesi honen alde mintza zaizkigu Iribas eta Oderitz bezalako herrixkatako  (41 eta 46 biztanle hurrenez hurren), 1.200. urte inguruko parroki eliza dotoreak, baina batez ere, Santiagori eskainitako Itsasperriko, Irurtzungo Etxeberriko eta Atondoko Oskiateko tenpluak.

Hauetatik, Irurtzungoa lekuz aldatu zuten XVIII mendean eta ordukoa da beraz orain ikusi daitekeena, eta Oskiatekoa berriz, Arakil ibaiaren ertzeko haizpe ikusgarrian (berreraikita) dirauen arren, aspaldian galdu zuen XI. Mendean zuen Santiagoren izena, Andra Mariarena hartzeko. Egiarreta ondoko Itsasperrikoa azkenik, ikusgarri bezain harrigarria gertatzen da, gaur inguratzen duen ezerezaren erdian, iraganaren lekuko bikain.

 

Aralarko bide hau non batzen ote zitzaion bide nagusiari ez da erraza asmatzen. Seguru asko hemen ere aukera bat baino gehiago izango zituen erromesak:  Itsasperritik Irurtzungo Etxeberri aldera abiatuz gero, badirudi Iruñera joateko bidea izango zela. Itsasperritik Oskiatera joanda berriz, -biderik zuzenena-, Garesera iristera litzateke normalena. Eta Arteta eta Riezuko ermitek iradokitzen dute izan zitekeela beste adar bat ere,- traketsagoa antza-,  agian San Migeldik eta Bakaikutik  Lizarraga iragota letorkeenarekin bat egingo lukeena Abartzuzan, bide nagusira Lizarran iristeko.

Santiago bideak
Oskiako Andra Mariaren ermita,XVI. mendekoa. Bertan 1024n zegoena Santiagoren izena zeraman eta lekuak Hosquiatea zuen izena, Antso Nagusiak Iratxeri lagatzeko sinatu zuen dokumentuan.

Ikerketa sakonago bat egin gabe ez naiz ausartzen Tolosatik Lekunberrirainokoa nondik gora egingo zen iradokitzen,- horretarako ere bai baita aukera bat baino gehiago, baina hortik aurrera, tenpluen kokapena ikusita eta mapari begiratua eginda, honako ibilbidea hobetsiko nuke bidearen adar nagusitzat: Lekunberri-Zuarrarate- Itsasperri-Etxarren-Urritzola-Errotz-Oskiate- Artazkoz- Ibero-Paternain- Astrain-Legarda-Gares. Herriotako arduradunek bertako ekonomia suspertze aldera Santiago bidearen adar bat bertatik iragoten dela aldarrikatu nahiko balute, ez litzaieke aldeko arrazoirik faltako.

Gogoan izan behar da, Donejakue bidea puri-purian zela gertatu zela Gipuzkoa eta Araba Gaztelako Erregearen menpe geratzea, estatus berriaren araberako muga gotortuak eraikitzen hastea, eta horrek guztiak eragin bide zuen arriskua eta segurtasunik eza emendatzea. Gorritiko gazteluarena eta Beotibarko liskarrarena lekuko. Horrek zalantzarik gabe izango zuen bere itzala Santiagobide anitzen arteko hobespenak egiterakoan, batzuk gora eta beste batzuk behera egitea eraginez. Gainera pentsa daiteke, orduan,gaur egun bezala ere, ura nork bere errotara ekartzen saiatuko zirela bide-adarretan kokatutako hiri eta auzoak. Hau guztia kontuan hartuta litekeena da hemen deskribatzen dugun adar hau, Baionako bidearen adar nagusia izana, Gipuzkoa nafar lurra izan zen artean, eta gero erabat galdu izana “gaiztaginen mugaldearen” erdian geratu zenean, alboko bideen mesedetan.

Amaitzeko, Santiago bidearen adarrei irizteko proposamen bat egin nahi dut, lehenago esan bezala “euskal” hitza era murrizkorrean ez erabiltzeko. Baionako bidearen adarrei, Baztango (edo Belateko) bidea, Aralarko (edo Zuarrarateko) bidea eta Aizkorriko (edo Lizarrateko) bidea esango nieke, “Hirurak Bat”-etik at ere, bai baita euskara, eta izango al da urte askoan!

Santiago bideak Santiago bideak Santiago bideak Santiago bideak

2 pentsamendu “Santiago bideak”-ri buruz

  • Barkatu, baina oskiatetik Arakil ugaldea pasatzen duk. Bestalde, lan bikaina egin duk Hartsuaga. Benetan iradokitzailea.
    Zorionak!

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-09-11 01:39

    Arrazoi osoa duzu. Oraintxe zuzentzen dut. Mila esker!