Eppur si muove!

Eppur si muove! –

Eppur si muove!
Jaikibeleko kide hauetarik, zein onartuko eta zein egotziko zenukete 1638ko irizpide ustez historikoen arabera?

“¡Eres un racista de género!” bota zion haserre neska batek ikaskide bati, gelako delegatua izateko mutila izan behar zela esan ziolako. Neskaren izeba antropologoak kontatu zigunean barre egin genion boutadeari. Baina baita arrazoi eman ere. Danborradaren lana prestatzen ari ginelarik, gaia behin eta berriro plazaratzen zen: nor ausartuko litzateke folklorea, historia, tradizioa… argudiatzera festan parte hartzeko irizpidea larruazalaren kolorea balitz? Zergatik deritzogu sexismoari baino okerrago arrazakeriari edo etnizismoari? Badakizue erantzuna: genero bereizkeria are sustraituago eta naturalizatuago dagoelako.

Erronkariko auzietan deigarri egiten zait emakumezko bezinoekin ezkondutako agoten eskubide aldarrikapena. Ondoko ibarrean, Zaraitzun, urte askoan ezkondu eta semea izan ondoren, gizon agot bat ibarretik egotzi eta gehienez ere hilean behin familia bisitatzera etortzea baimendu zioten. Halako istiluen hotsa Baztaneraino zabaldu zenez, agintariek debekatu zituzten ezkontza “mistoak”, eta ohartarazi zieten emakumezkoei agotekin ezkonduz gero bezino eskubideak galduko zituztela. Tira, ez zait deigarri, alderantziz; bai, ordea, bere baitan ezkutatzen den errealitate isildua, bi galdera hauetan laburbiltzen dena: bata, zergatik ez da dokumentatu emakumezko agoten eta  gizonezko bezinoen arteko ezkontzarik, inoiz gertatu ez zelako ala halakoek eskandalurik sortzen ez zutelako?;  bestea, nola zen posible halako giroan agot batekin ezkondu nahi zuen emakumezko bezinorik egotea? Agian agotekiko herra, edo haren adierazpide bortitzak, ez zeuden bezinoen artean hain sustraituak, agian dokumentazioaz ondorioztatzen dugun errealitatea ez zen hain gordina. Agian horrexegatik ziren erreakzioak neurrigabeak, desegin zitekeen ordena bati nola edo hala eustearren.

Eppur si muove!
Oronozko eliza. Duela 30 bat urte Baztanera funtzio batera joan eta hasi orduko konturatu nintzen alde batean zeudela gzonak eta bestean emakumeak… eta Irungo parienteok, ez baikenuen bereizketa hura ezagutzen.

Lehendabiziko galderak eskatuko luke dokumentazioa xehero aztertzea. Badakigu ondoko Baigorrin XVIII.ean arian-arian agoten eta bezinoen arteko harremanak “normalizatu” egin zirela. Bestetik, amoñak Zubietan ezagututako hiru ahizpa ijitori buruz zioena: “bai, ijitoak ziren, baina arrunt neska ederrak, arrunt kolore argikoak“. Eta hori azaltzeko gehitzen zuen: “guk ijito deitu baina ez baitziren ijitoak, aita ez baitzen ijitoa“. Leinua aitak ematen, omen. Andre bati behin entzun nion bezala: “nosotras los llevamos dentro, pero los hijos los hacen los hombres”. Dena den, Gipuzkoan, Bizkaian eta Baztanen behinik behin, bezinotasuna erdiesteko gutxien-gutxienez lau aitona-amonen “odol garbia” frogatu behar zen.

Gaur egun sexismoa horren iltzatua baldin badugu, ez da harrigarria XVII.ean Arizkungo elizan ofrenda egiteko ordena: lehenik gizon ezkonduak, gero mutilak, gero mutikoak, gero etxekoandreak, gero neskak, gero neskatilak… eta gero agotak, ordena berean. Halaber, ez da harritzekoa agotek, asaldaturik, hori aldatzeko eskatzea, “ordena naturalaren arabera” jokatuz; alegia, gizonezko agot ezkonduak beste gizonezko ezkonduen gibeletik, mutilak mutilenetik, eta abar. Bezinoen gibeletik onetsi arren, gizonak, agot izanagatik ere, emakumeen ondoren aritzea ordena naturalaren aurkakoa zelakoan.

Atzo, irailak 8, bere burua “politikoki zuzenari sumiso” ez direla dioten emakume batzuek inoiz baino gorago paratu zituzten aldez aurretik gizonezko batzuek emandako plastiko beltzak; banatu zizkieten txifloak ere, aspaldi honetan desagertuak, inoiz baino ozenago jo zituzten. Ez al da arraro samarra emakume horiek txifloa jotzea, zertarako eta txilibitua jotzen duten emakumeen soinua estaltzeko? Arraro esan dut, baina tamalez arraroa ez da: hágase en mí según tu palabra (barkatu, baina nik katekesia erdara hutsean egin nuen).

Eppur si muove!
Kristautasunak bi eredu ditu: Maria, ancilla domini otzan eta esanekoa, eta Eva, obeditu beharrean askatasunez erabakitzearen alde egin zuena, ondorioak ondorio. Zuek zein nahiago?

Perbertsioa da emakume horiexek bereganatzea atzoko albisteen protagonismoa, baita deitoratzeko bada ere. Hori bai, ez duzue komunikabideetan jakingo neskatila batzuek, duela urtebete arte Irun edota Hondarribiko Kale Nagusian plastiko beltzez edota bizkar emanda zeuden batzuek, atzo txilibitua jotzen atera zirela Jaizkibel konpainian. Egia da, egia da, nik ikusi dudalako; egia da, egia da, porque lo he visto yo. Eta zuek uste baino gehiago dira. Agian horrexegatik izan dira aurten inoiz baino partaide gehiago, eta horrexegatik erreakzioa ere bortitzago: batzuondako nahi baino askoz mottelago gauzatzen ari den aldaketari azkarregi deritzote beste batzuek.

Eta agoten gaur egungo ondorengoek? Ei, Unai? Jakin nahi nikek bozatarrek zer dioten Alardeez, Baztango mutildantzez, eta abarrez. Eta hire iritzia ere bai, eta isiltzen diren bertze aunitzena.

Eppur si muove! Eppur si muove! Eppur si muove! Eppur si muove!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.