Saioa, ertzetik

Saioa, ertzetik –

Saioa, ertzetik
Arg: IDOIA ZABALETA / FOKU / BERRIA

Ez da berdin zentroa edo periferia. Ez da berdin erdigunea edo ertza. Ez da berdin egunero-egunero medioetako minutu eta lerro anitz hartzen dituen pandemia bat, edo urtean egun batez gogoan dutena. Ez da berdin liburu eta disko baten aurkezpena Donostian edo Iruñean. Ez da berdin Euskaraz edo erdaraz. Ez da berdin Lesakan edo Cascanten.

Ertzetan dagoenak zailago izaten du bere burua ikustarazteko edo bere ahotsa azaltzeko, zokoa baita ertzekoaren patua. Hala ere, tarteka hartu dezake bazterrekoak zentroa, ahotsa altxatu eta bere burua ikusarazi. Eta sortzen da magia bat, poztasun kolektibo bat askok partekatzen dutena. Behingoagatik ez baitira erdigunekoak ertzez ari.

Bertsolaritzak badu bestearen tokian jartzetik eta larruz aldatzetik. Baina erdiguneko erosotasunetik ertza urruti ikusi ohi da. Horregatik, Saioa Alkaizak jokatutako final borobilean publikoak zinez eskertu zuen argi eta kolore diferente bat. Beste molde bat ikusi genuen, beste ikuskera eta diskurtso bat, beste belaunaldi bat eta beste gorputz bat oholtza gainean. 

Igandeko magiak lorratza utziko du, seguru. Zorionak, Saioa!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko abenduaren 2koa]

Saioa, ertzetik

BARDO GORRI NAFARRA

7 pentsamendu “Saioa, ertzetik”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-12-07 02:10

    “eta orain musu handi bat
    iraultzaileen gorputzera
    ez bitarra, queerra, transa,
    marika eta bollera
    mundua ederragoa da
    hurbilduz bazterrera’.

    Zer da ba “ez bitarra”? Gizon edo emakume bat, bere burua ez daukana ez gizon ez emakumetzat.

    Izan ere, queer sinesmenen arabera, sexu-dimorfismoa ez da egitate biologikoa. Beraz, batek ez badu bere burua “sentitzen” ez gizon ez emakume, esan nahi du bera EZ DELA ez gizon ez emakume eta hobe ez badiozue diskutitzen.

    Gero eta ohikoagoa da izen emateetan, sexua galdetzean hirugarren laukitxo bat eskaintzea hala nahi dutenentzat; Argentinako gobernua haratago joan da eta nortasun agirietan X bat jarri ahal izatea legeztatu du.

    Moda honek (moda hutsa izanen ahal da!) ez dauka ez hanka ez buru.

    Ikaragarria da queer ideologiaren arrakasta ezker giroetan, baita mugimendu feministaren barnean ere (“emakumeak*” horrela, asteriskoarekin idaztea…). Bertso hori adibide bat da.

    LGBITQ+… Zertarako hainbeste letra, homosexual eta transexualen eskubideen aldeko mugimendu batentzat? Tribu urbano berri bat besterik ez da, transgresio eta iraultzatik gutxi daukana, genero-estereotipoak iraunarazten dituena eta errealitate materiala (eta emakumeen zanpakuntzaren iturburua, sexua) ukatzen dituena.

  • Aniztasunik nonbait ez badago, hori bertsolarien artean da. Denak ideologia berekoak dira edo hala antzezten dute behintzat. Ea zein bertsolari ausartzen den politikoki zuzenak ez diren bertsoak botatzera! Garai bateko bertsolariek, horiek bai, horiek botako zituzten zuzenak ez diren bertsoak. Baina oraingoek… estetika ezker rasta asko baina denak politikoki xuxen-xuxenak. Horrela lortzen dituzte zutabegile postuak.

  • Erabat ados Moxolorekin.
    Urteak dira niretzat ere bertsolaritzak grazi guztia galdu zuela, eta gaur eguneko bertso saio bat entzutea Berriako iritzi artikulu gehienak irakurtzea bezain jasangaitza egiten zait.

    Publikoan adin batetik gorako jendea ikusten dudanean beti zalantza bera etortzen zait: entzuten dutena gustatzen ote zaie? Edo abertzale zintzoaren karneta kenduko ote dieten beldurrez egiten dute txalo?

  • Norbait omen naiz 2021-12-08 12:41

    Xabier Silveirak esan zuen bere garaian alfombra gorriak kenduko zitzaizkiola bertsolaritzari eta bere tokira itzuliko zela…
    Nahiz eta bertsoaren muinarekin ados nagoen, egia da diozuena. Bertsolaritza politizatuegia dagoela iruditzen zait eta desnaturalizatzen ari dela, ematen du gaur egun elite batek soilik bota ditzazkeela bertsoak, bertsolaritza herrikoia da, herriarena ez elite intelektual batena. Errua ez da bertsolariena, inguruan duen postureo jasangaitzarena baizik, azkenean jendea beldurtu egiten da bertso bat botatzen hasteko. Bertsolaritza herriarena da! Gora bertsolaritza “amateur”-a!

  • Norbait omen naiz 2021-12-08 12:55

    Gora Saioa eta gora gure bertsolariak!

  • josu naberan 2021-12-09 10:49

    Barka Amona…zerrama hau barriro agertzearren, baina ez dizut ongi ulertzen…
    Batetik diozu, ezen Saioaren estiloak genero-ikuspegia iraunarazten duela… eta “Gora BETIKO Bertsolaritza”. Zein? “Basarri”-rena-eta? Haien estiloak ez ote zuen genero-ukiturik?

    Haienak bai, ez Saioaren EZ, zeren ez baitu GENEROA haintzat hartzen, EUSKERAk berak ere EZ duenez GENEROA haintzat hartzen (ez baitaka generorik, baizik eta LEINUA du haintzat hartzen), hain justu Saioak bezala, zeinek paso egiten duen GENEROA delakotik.

    Gora ORAINGO BERTSOLARITZA!

  • Amonamantangorri 2021-12-17 16:48

    “…bertsoak, bertsolaritza herrikoia da, herriarena ez elite intelektual batena”.

    Punta-puntakoen liga dago, erdi-profesional erdi-amateurren zirkuitoa badago, bertso-eskola sarea ere bai… Herri batek ezin du txapeldun olinpikorik eduki, auzoz auzoko kirol-elkarte sarerik gabe.

    Nafarroako txapelketakoa, adibidez, da aski amateurra, prekarioa, gerrilleroa, akaso Araba eta Iparraldekoaren antzekoa.

    Eta, jakina, hemen idatzi duzuen batzuok ez duzue gustoko eszena hori, zeren Ernai edo GKSko estereotipoak baitabiltza puntu panfletarioak bota eta bota. Edo, okerrago, gai jartzaile lanetan. Egia da. Eta politikaz ez dihardutelarik ere, bertso txar-txarrak, potoak ere bai…

    Aldiz, bertsolaritza profesionalagoa ere bada, estiloz eta gaiz landuagoa… Baten eta besteren gustoak gorabehera, bertso txarrak gutxitan botatzen dituztenen liga. BECen-eta entzun daitezkeenak.

    Han dabiltzan bertsolari batzuk doktoreak dira, libururen bat atera dute, bestelako genero artistikoak ere lantzen dituzte, tarteka saio esperimentalak egiten dituzte… KULTURGILEAK dira.

    Politikari dagokionez, badira politikoki esplizituak (denak, ezker-progreak), politikoki ez nabarmentzea nahiago dutenak eta, azkenik, Xabier Silveira dago.

    Jakina, hemengo batzuoi ere ez zaizkizue gustatzen oraingo punta-puntakoak. Zilegi da. Zuek nahiago Xalbador, Lazkao Txiki, Lazkano eta Uztapide. Lehengoak bai onak.

    Gertatzen da, zuen bizimodu eta bizipenek ere ez dutela kasik batere zer ikusirik bertsolari haienekin. Alegia, bizi gabeko mundu baten nostalgia daukazuela. Ez dakit horretaz konturatzen zareten.

    Bukatzeko: niretzat ere pozgarria da Nafarroako txapela irabaztea Iruñerriko, eskolari esker euskaldundutako emakume batek.

    Besterik gabe, nire lehen iruzkinean adierazi nahi nuen kezkagarria iruditzen zaidala, emakume bertsolari txapeldun batek besarkatu eta sinestea ideologia bat, iraultza sozial eta feminismotik oso gutxi daukana eta, berriz, indibidualismotik, pseudozientziatik, misoginiatik eta homofobiatik dexente.