Aurreiritzietatik tiraka

Aurreiritzietatik tiraka –

Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzan.

Arrotza egiten zaigu sarritan besteek gutaz duten iritzia, gu ikusteko eta gu definitzeko duten modua. Geuk ere nolakoak garen eta geure burua nola definituko genukeen ez dakigun arren. “Ez zara besteek uste dutena, agian zeuk uste duzuna ere ez”, kantatzen du Anarik.

Batzuetan jabetzen gara, hala ere, besteei buruz genuen iritzia ez zela batere zuzena. Neure esperientziari erreparatuz, bereziki gogoangarriak iruditzen zaizkit hasierako aurreiritziak hautsi dizkidaten hiru idazleren kasuak: Martin Ugalde, Txillardegi eta Miren Agur Meabe.

Martin Ugaldek Mantal urdina ipuin liburua aurkeztu zuenean (Erein, 1984), nahikoa izan nuen EAJkoa zela jakitea (EA sortu gabe zegoen artean), eta gainera, nire orduko ikuspegian bederen, nahiko zaharra (63 urte zeuzkan), haren liburuek niretzat inolako interesik ezin zezaketela izan erabakitzeko, eta politikoki “barrikadaren beste aldean” kokatzeko. Urte batzuk geroago, ageriko arrazoiengatik, oso bestelako iritzia nuen, orain ere dudan bezala, Martin Ugalde idazleari zein eragileari buruz.

Aurreiritzietatik tirakaTxillardegiren kasuan, lan-enkargu baten bidez berarekin egun batzuk pasatzeak lagundu zidan neuzkan aurreiritziak betiko baztertzen, hari buruz nuen iritzia goxatzen. Jakina da gizon erradikala izan zela (“Oker ala zuzen, beti erradikal” esaldiaren ondoan irudikatu zuen, ez debalde, Unai Iturriagak Jakin aldizkarian, 232. zenbakian), baina aurrez aurreko harremanean oso gizatiar eta irekia zen, eta halaxe agertzen da munduan zehar zein Euskal Herrian barrena egindako ibilietan oinarrituta idatzi zituen kronika ugarietan ere. Bide batez esanda, laster liburu batean bilduta irakurri ahal izango dira kronika horien arteko ale hautatu batzuk.

Miren Agur Meaberi buruzko nire iritzi aldaketa, zilegi bazait hala esatea, grazia handiagokoa da, eta adierazgarriagoa aurreko biak baino, Meabe lehenago ezagutu nuelako pertsonalki idazle moduan baino. Telefono bidezko oso tartekako lan-harremana geneukan, eta hain zen atsegina, adeitsua, fina, hain zegoen poetaren estereotipo jakin batetik urrun…; gainera, poesia lehiaketa ez oso entzutetsu bat irabazi zuen, izenburuko lehen hitza “Oi” interjekzioa zuen bilduma batekin (Oi, hondarrezko emakaitz, Labayru, 1999); genero-ikuspegiari lotutako aurreiritziek ere egingo zuten beren lana, jakina; izenak ere lagunduko zuen… Kontuak kontu, dena batuta, ia ziurtzat nuen lirismoz melatutako poesia erromantiko txepela idazten zuen neskato xaloa izango zela. Eta hara noraino, eta nola!, iritsi den geroztik!

Askotan pentsatu dut, ildo beretik, hedabideetan ikusi orduko muturra okerrarazten didaten pertsona asko oso bestelako begiz ikusiko nituzkeela koinatu edo koinata izan eta tarteka familia bazkarietan solaskide izango banitu. Bakarren baten kasuan ezinezkoa iruditzen bazait ere, dena esan behar bada.

Aurreiritzien ezagutzatik eta aitortzatik tiraka, filosofatzen, benetan ezer ez garela pentsatzera iritsi naiz, bagaudela eta egiten dugula, baina izan, berez eta izatez, esentziaz, ezer ez garela, unean uneko eta lekuan lekuko egote eta egite horretatik aparte, eta horregatik ez dakigula zer garen. “Ez naiz ezer. Ez naiz inoiz ezer izango”, idatzi zuen Fernando Pessoak. “Hori alde batera utzita, amets guztiak ditut neure baitan”.

Aurreiritzietatik tiraka

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Aurreiritzietatik tiraka”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-06 18:28

    Horixe, gure txikian potentzial itzela daukagu.

    Gauza da, noiz eta nola erabili potentzial hori.

    Bizitza ez da hain laburra, baina abadaguneak, aukerak, banaka bat besterik ez ohi dira gertatzen bizitzan zehar, normalean, zirt edo zart erabagitze uneak. Aukera banaka bat.

    Une horiexetan datza gakoa, norbere bizitzari zentzua ematen dioten UNE edo GUNE horiextan hain zuzen. Bakoitzak izan ohi ditu bereak.

    Korru Dantzan (Artolateko) “Azeri Dantza” deritzan une huraxe da, non, eskuinerantz doan korrua, baten batek ezkerrerantz tira egiten dion unean. Horixe duk une erabakigarria.

    Oraintxe bertan gara bidegurutze horien arteko une garrantzitsu batean: Sistemak bere egin gura gaitu (2030-Agenda), bere jokoaren bidez. Ez gaitezen erori haiek bidean jartzen dizkiguten dogmetan eta bertsio bakarretan, zentsura orokorraz baliatuz. Burua jan nahi digute. Egin TIRA ezkerretara.
    Guztiok bezatu (domestikatu) gura gaituzte. Izan erne, enteratu, ikertu, ez sinetsi EZER, baizik eta pantailetatik irten eta den-dena ikertu, kritikatu, berrikertu… Ez gaitzatela domestikatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude