Sagastitarrak edo antzezlan baten kontrakronika
Sagastitarrak edo antzezlan baten kontrakronika –
Zangoza, Nafarroa Garaiko udalerria. Arratsaldeko seiak. Heldu dira aktoreak: ez da alfonbra gorririk, ez argazkilaririk, ezta fan talde sutsurik ere. Hotza ari du, eta jendez lepo dagoen tabernan aterpetzea erabaki dute. Konpainiako teknikaria bertan da jada, orduak dira heldu dela; norbaitek atondu behar du antzokia, gertatuko den festarako oinarriak ezarri. Gorputza edari beroz indarberritu eta antzokira abiatu dira.
Zaharberritu, egokitu, eta garai bateko komentua Zangozako Karmengo Entzutegia bilakatu da. Aktoreak txoko guztiak arakatzen hasi dira. Eraikinaren bihotzera heldu direnean, estilo gotikoko klaustroa agertu zaie. Bere arkuteri eta kolomadi dotore bezain xumeetan barna abiatu dira, zeruko izarren argipean, mendeetako espiritualtasunak zeharkatzen dituela sentituz. Antzokia ezarri duten gela nagusian sartu eta segituan igo dira oholtza gainera, ukabilketan arituko den boxeolariak ringa alderik alde aztertzen duen legez, laster gertatuko dena irudikatzeko begiak itxi eta arnasa sakon hartzen dutelarik.
Artean umorea da nagusi, erlaxaturik diren langileen arteko txantxak, komedianteen lotsagabekeriak: imitazioren bat hemen, kanturen bat han, barreak orotan. Hasi dira lehenengo entseguak, argi eta soinu probak; talde osoa egitekoari emana da. Testuaren errepasoa, lehenengo akatsak, gero eta barre gutxiago, seriotasuna, profesionaltasuna. Orain bai, azkenekoz itxi dute atze-oihala. Beste aldean jende-burrunba aditu da, badatoz ikusleak. Antzezleak inoiz baino isilago dira, barnera bilduak, oholtzan agertzeko pronto. Aktore batek betiko erritualari ekin dio: bospasei flexio egin gorputza ernatzeko eta zenbait hitz eskaini dizkio berriki zendutako aitonari. Xuxurlan heldu da azken oharra: aktoreak prest? Zabaldu da oihala.
Hiru pertsonaia nagusiak goi-burgesiako familia batean sortu den korapiloa askatu nahian arituko dira: familiaren ohorea edo norberaren balio etikoak, dirua ala printzipioak, iraun edo izan. Tartean, belaunaldien arteko talka, sexu-orientazioa, feminismoa, armagintza, klase-borroka eta aurreko guztia zipriztinduko duen arrazakeria. Horrela, tarteka dementziak edo heriotzak bezalako zenbait gaik sorturiko giro hunkigarria gorabehera, hasi eta buka barre-algaraka izan dira ikusleak. Amaitu da funtzioa. Txalo zaparrada. Hiru aktoreak dira orain, zeruko izarrik bizienak bailiran, komentu zaharra argitzen dutenak.