EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle-ikertzaileok martxoak 6 eta martxoak 12 GREBARA!

EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean martxoak 6 martxoak 12 GREBARA! – 

Ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan.

Aste hauetan zehar, negoziazio-mahaiaren bi bilera izan ditugu baina Errektoretza erabat itxita agertu da sindikatuek aurkeztutako proposamenen aurrean. Nabarmentzekoa da, bereziki, ordezko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko proposamenen aurrean zuzendaritzak erakutsitako egoskorkeria. Eusko Jaurlaritzaren jarrera pasiboa ere onartezina izan da.

Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula eta EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, finantzaketa falta izanik erroko arazoa. Hartara, gure aldarrikapen nagusiak irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, eta oro har Unibertsitatearen finantzaketa handitzea izan ziren. Honen aurrean, errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten pausoak oso eskasak izan dira. Ez dute hitz egin nahi 41/2008 Dekretua aldatzeaz, ordezko irakasle prekarioen miseriazko soldatak finkatzen dituena, edota haien soldatak EHUn bertan negoziatzeaz. Ez dute ezer jakin nahi EHUko langileon erosahalmenaren berreskurapenaz, edota irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarrien eguneratzeaz (% 30etik gorako balioaren galera izan dugu).

Ez dute ezer entzun nahi azken boladan langileen alde egon diren epaiak betetzeaz (ikertzaileak, seiurtekoak denontzat, bosturtekoak lanaldi partzialeko langileentzat…). Eta, erretiroen inguruko murrizketen aurrean garaipen judiziala egonda ere, Unibertsitateak bere horretan darrai.

Arazo estruktural eta prekarizatzaileen gorakadak ordezko irakasleen lan-baldintzen okertzea ekarri du. USLO indarrean sartu zenetik, hutsik dauden lanpostuen ordezkapen kasuetan izan ezik, ordezkoei ez zaie osoko jardunaldia aitortzen (nahiz eta ordezkatuak hala izan): ez klaseen prestakuntza, ez formazioa edota irakaskuntzari lotutako kudeaketa, eta miseriazko soldatetara kondenatu dituzte. Baldintza honetan dauden langileak guztiz egoera prekarioan daude, eta baldintza kaskar hauek izanagatik lanpostu asko ordezkatu gabe geratzen dira, sailetako beste irakasleei lan-zama handituz. Honek guztiak eragin zuzena dauka irakaskuntzaren kalitatean, ikerkuntzan eta unibertsitatearen kudeaketa egokian.

Urriaren 11an, urriaren 25ean eta abenduaren 19an argi esan genion EHU eta Eusko Jaurlaritzari unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen eta, ondorioz, unibertsitate beraren egoera jasangaitza dela eta bereziki premiazkoa dela aipatu ditugun gaiei eustea.

Errektoretza-taldearen jarrera murriztailearen eta Eusko Jaurlaritzan jarrera immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraitu beharko dugu lan-baldintza egokien defentsan. Horregatik, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok bi greba egun egitera deitzen dugu: MARTXOAREN 6an, EHUko unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eta, MARTXOAREN 12an, sektore publikorako mobilizazio-dinamikarekin bat eginez, unibertsitateko komunitate osoko langileak.

Euskal Herrian, 2024ko otsailaren 15ean

EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle-ikertzaileok martxoak 6 eta martxoak 12 GREBARA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude