Sagarnaga familia eta Bolibiaren independentzia
Sagarnaga familia eta Bolibiaren independentzia –
XVII mende hasieratik XX. mendera milaka izan ziren Ameriketara, bizimodu hobe baten bila abiatu ziren euskaldunak, eta gaur haien ondorengoek Amerika osoa, iparretik hego muturreraino, euskal odolez eta deiturez betetzen dute. Horietako bat izan zen Manuel Sagarnaga Aritzaga durangarra, 1760. urte aldera, Bolibiara abiatu zena eta La Paz hirian bizitzen kokatu zena. Aipatu hirian Maria Carrasco kriolloarekin ezkondu eta lanbidez aduanetako teniente gisa hasieran eta gerora Errege Altxorraren diruzain gisa aritu zen.
Ez dakigu zehazki zenbat seme-alaba izan zituzten, baina horietako bi Joan Batista eta Maria Manuela Sagarnaga Bolibiaren independentziaren aldeko ekintzaile ospetsuak izan ziren, eta gaur bi-biak aberriaren heroitzat hartuak dituzte. Ikus ditzagun bana-banan:
1.- Joan Batista Sagarnagaren nondik norakoak
Joan Batista Sagarnaga Bolibiako La Paz hirian sortu zen 1766ko ekainaren 14an. Lehen aipatu bezala, Manuel aita lanbidez errege diruzaina izan zen. Ttikia zela, Chuquisaca hiriko unibertsitatera igorri zuten eta bertan egin zituen legegintza arloko ikasketak, eta baita 1790ean, graduazioa atzeman ere. Ikasketak bukatzean, La Pazera itzuli zen eta Kabildoko erregidore posturako hautatu zuten. 1805ean, mugimendu independentzia-zale bat piztu zen hirian. Pedro Domingo Murillo izan zen mugimendu horren bultzatzaile nagusia eta iduriz, Joan Batista Sagarnagak lagundu zion propaganda kontuetan.
Bi urte berantago, hau da, 1809ko apirilaren 11n, Joan Batista Sagarnaga euskal jatorriko Josefa Arzerekin ezkondu zen. Ordurako bazuten 9 urteko mutiko bat, Manuel izenekoa. Urte berean, 1809ko uztailaren 16an, Chuquisacako Iraultza piztu zen, eta horren ondorioz, bolibiar abertzaleak La Pazen ere altxatu ziren. Sagarnaga izan zen altxamendu horren antolatzaile, bultzatzaile eta ekintzaile nagusietako bat. Uztailaren 24an, Junta Iraultzaileak armadako sarjentu nagusi izendatu zuen. Alargundu berria zela eta, 1809ko irailaren 2an, Isabel Calderon neska gaztearekin ezkondu zen.
Irailaren 24an Tiahunakora abiatu zen armada iraultzailearen komandante gisa. Urriaren 25ean, armadako kolonialeko buru zen Jose Manuek Goienetxe baztandar jatorrizko euskaldunak armada iraultzailea garaitu zuen Chacaltayako gainetan eta Sagarnagak mendebalde aldera ihes egin behar izan zuen, Yungas izeneko eskualdera. 1809ko urriaren 27an, iraultzaileek sekulako porrota izan zuten Chicalomako gatazkan, eta Sagarnaga, beste askoren artean, preso hartu eta La Pazera atxilo bidali zuten.
Abenduaren 22an La Pazeko presondegian sartu zuten, 1810eko urtarrilaren 6an aitormena izenpetu zuen eta 29an Arma Plazan urkatu zuten. Bederatzi urteko Manuel Sagarnaga Arze semea izan zen aitaren heriotzaren lekuko. Isabel Calderon emaztea gerora erditu zen Juana Manuela izeneko alabaz. 1940an, Joan Batista Sagarnagaren gorpuzkinak, Murillorenekin batera, Heroien Kriptara eraman zituzten Bolibiako gobernuak antolatu zuen omenaldi handi baten ondoren.
2.- Maria Manuela Sagarnaga
Maria Manuela Sagarnaga (1768-1857) Joan Batistaren arreba zen, eta nebak egin zuen bezala, bera ere Bolibiaren independentziaren alde kementsu borrokatu zen. Bilkurak antolatu zituen, dirua atzeman zuen balak egin ahal izateko eta mugimendu abertzalearen zabalkundean parte hartu zuen. Emakume abertzaleen mugimendu horren buru Bixenta Juaristi Egina euskaldunen alaba zegoen. Maria Manuelak larrutik ordaindu zuen bere militantzia. Senarra erbestera igorri zuten eta bera Caupolican izeneko eskualdera zigortuta. Hala eta guztiz ere, bizirik atera zen eta Bolibia independentea sortzen ikusi ahal izan zuen.
3.- Manuel Sagarnaga Arze
Manuel Sagarnaga Arze (1800-1866) Joan Batistaren semea izan zen. Independentziaren aldeko borroketan parte hartu zuen, eta geroago, Peruren kontrako gerretan. Azken horietako borrokaldi batean larriki zauritu zuten. Gerora, jeneral graduazioa atzeman zuen. Gaur egun, La Pazeko kale batek bere izena du.
4.- Azken gogoeta gisa
Amerikako errepubliken independentzia gerretan, euskaldun askok hartu zuten parte, batzuek indar iraultzaileen alde eta beste batzuek indar espainiar kolonialen alde. Aipa dezagun Bolibiako independentzia gerran, iraultzaileen artean Zudañez, Asurdui, Loaiza, Goizueta, Muñaka, Ballibia, Zuñiga, Olañeta, Urkullu, Mendizabal… izeneko ekintzaileak izan zirela, eta Oliden, Alipazaga, Urkixo, Urrutia, Goienetxe… armada koloniaren lerroetan.