Roberto Awa Nari, amazoniarra eta euskaldunberria: “Kukama hizkuntza eta euskara oso antzekoak dira”
Roberto Awa Nari
Peruko Amazoniako Kukama herriko kidea da Roberto Awa Nari eta orain sei urte heldu zen Euskal Herrira, pelikula batean parte hartzeko. Eltze askotako burruntzalia da Roberto: musikari, aktore, irakasle, artisau, argazkilari… Guk egin berri dugun argazki lehiaketara bidali zituen lanen bitartez ezagutu genuen eta bizkaieraz egiten duen amazoniar honen istorioak biziki harritu gaitu. Perun ikasi omen zituen lehen hitzak euskaraz, apaiz batek oparitu zion kasete bateko abestia fonetikoki ikasita: “uh uh uh colore bisia, arrasá ke riaren contra…” kantatzen ei zuen.
Roberto Awa Nari Peruko Amazonian dagoen San Pedro de Tipishka herrixkan jaio da, Kukama herriaren baitan. “Kukamarrek kukameraz hitz egiten dugu, tupi guarani familia linguistikoaren adar bat”, azaldu dio Robertok -euskaraz, noski- EuskalKultura.com-i. “Ez dakit zenbat garen, ze, esaten da kukamak desagertzen ari direla. Jendeari lotsa ematen dio kukameraz hitz egitea, bakarrik erabiltzen da txantxa egiteko, etxean senideen artean edo mozkortuta daudenean. Peruko eskola publikoak eragina izan zuen gure hizkuntzaren galera honetan. Penagarria da”.
Orain dela sei urte Euskal Herrira etorri eta bertan gelditzea erabaki zuen. Basaurin, zehazki. Ez hori bakarrik: euskaldunen artean erabat integratzeko asmoz, euskara ikastea ere erabaki zuen. “Baina langabezian nengoen eta AEKko lagun irakasle batek euskara ikastera doan gonbidatu ninduen. Detaille hori oso garrantzitsua da niretzako. Euskarak eman zidan munduan leku bat”.
Oihaneko jendea
Harrigarria bada ere, Robertok euskara eta kukama oso antzekoak direla dio. “Adibidez, Peruarrek gutaz burla egiten dute, erderaz esaldiak aldrebez esaten ditugulako: “de la selva su gente” edo “de Juan su camisa”. Itzulpen hori zuzenean dator kukamatik, horregatik esaten dut kukama eta euskara antzekoak direla: “ritama awakana” = “oihaneko jendea”, “juan chiru” = “Jonen alkandora”, adibidez”.
[Kukama handia, Marañon ibaian (argazkia RAN)]
Amazonian, antza, euskal kutsua duten hitzak ere badira, aspaldi handik ibilitako euskaldunen arrastoak, agian: “Peruko oihanean, sarri entzun daitezken hitzak dira “zuri” (zizare zuri bat), “motelo” (dordoka mota bat), “txalupa” (kanoa) edo “xiringa”... baina hori beste istorio bat da”.
Apaiz antiinperialista
Anekdotaz jositako kontakizunean, Robertok lehen euskal hitzak Perun bertan ikasi zituela azaldu digu. Kale antzerki eta punk musika egiten zuen talde batean zebilela, apaiz batek oparitu egin zizkien makina bat aldizkari, liburu eta kasete bat.
“Kasetearen azalean “música antiimperialista” jartzen zuen: abesti batzuk erderaz, errusiar himnoak, arabieraz be, eta abesti bat hizkuntz ezezagun batean. “Si es antiimperialista, estará bien”, esan zuen taldeko batek eta fonetikoki ikasi eta kantatzen gendun: ”uh uh uh colore bisía, arrasá ke riaren contra… uh uh uh colore gustía shenofó biaren contra…!“, gogoratu du. Negu Gorriak-en zalea zen apaiza, nonbait.
[Mendian ibiltzea atsegin du Robertok (argazkia RAN)]
Aktore eta musikari
Robertok euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzen du eta batzuetan hitzaldiak ematera gonbidatzen dute, bere esperientzia besteentzako lagungarri izan daitekeelakoan, nahiz eta berak ez duen inoren eredu izan nahi. Eskola batean eman zuen hitzaldi baten ondoren haurrei eskulanak erakusteko deitu zioten, eta hiru urte daramatza irakasle. Ipuinkontaketak ere egiten ditu, eta Euskal Herrira ekarri zuen afizioari jarraiki, tarteka aktore lana egiten du (“Sukalde kontuak”, “Dragoi ehiztaria”… dira bere lanetako batzuk).
[Eskubian, Roberto Awa Nari “Sukalde kontuak” filmaren afitxean]
Horrez gain, Robertok Dangiliske taldean kitarra jotzen du eta Euskal Herrian eta atzerrian ibili da kontzertuak ematen: Alemania, Grezia, Katalunia, Mallorca, Bretainia… Euskaraz egiteak lagundu egin diola onartu du. “Jendea ireki egiten da euskeraz egiten dudanean, hori askotan gertatzen zait. Kuriositatea pizten diet eta hurbiltzen dira.. eta bla, bla, bla herriko bat bihurtzen naiz, bueno hori sentitzen dut nik”.
Euskarak Euskal Herrria ulertzen lagundu diola dio, eta oso gertuko sentitzen ditu euskara eta kukama. “Herri bat barru-barrutik, bere sustraitik, bere amalurretik, bere hizkuntzatik ikusten baduzu, den-denak hartzen du zentzua eta ez dago mugarik. Kukameen hizkuntza eta euskara indigenak dira, biak”.
RT @zuzeu: Roberto Awa Nari, amazoniarra eta euskaldunberria: “Kukama hizkuntza eta euskara oso antzekoak dira” http://t.co/kZ8tjWTSZW
Euskaldun berri/zahar kontzeptua desagertarazi egin behar dugu. Nik euskalduna, besterik gabe esango nuke.
Istorio polita Robertorena!
Eta Urtzairekin erabat ados, bereizketa horrek konplejoak eta lotsak baino ez ditu sortzen eta.
Zuzentasun politikoaren izenean terminoa gure hiztegitik desagerraraziagatik ere, gure artean egon egonen dira euskaldun berri, zahar, alfabetatu gabe, periferiko/zentral, ikastolero, pasibo eta bestelakoak… Burusoilei esan beharrean “buruan ile urritasuna daukan pertsona” esatea bezala litzateke.
Problema ez da euskaldun berri edo zahar, ikastolero edo profilero, problema da euskaldun berri eta zahar kategorien gainean mailaketak ezartzea…
eta aldi berean 33 urteko euskaldun batek, etxetik euskara jaso ez izateagatik, 30 urte euskaraz hitz egiten zein bizitzen eraman arren, oraindik batzuren begietan “euskaldun berri” izatea..
azterketarako eta ulermenerako tipolojiak bai, mailaketarako eta handikerietarako ez.
Mailaketa hori oso modu egokian egin zuen Txepetxek, ezta?
Euskaldunberri/zahar kontu hori duela 20 urteko zerbait da, nire ustez jadanik zaharkitua dagoena euskaldunberriak gutxiesteko baldin bada. Gainera, uste dut Euskal Herriaren ertzetan, adibidez ni bizi naizen Gasteizen, inoiz ez dela existitu arazo hori.
Gaur egun nik beste mailaketa bat egingo nuke: euskaraz egiten duten euskaldunak / egiten ez duten euskaldunak. Eta beste bat ere bai: euskaraz egiten ez duten abertzaleak / euskaraz egiten duten abertzaleak.
Baina ni euskaldunberri/zahar ere mantentzearen alde nago, baina beste zentzu batean. Ni euskaldun zaharra naiz, beraz ez zait batere kostatu euskara ikastea, ez daukat inolako meriturik; nire emazteak 5 urte daramatza egunean bi orduz euskara ikasten, eta euskal abertzalea ez izanda, beti aitortuko diot bere familiagatik egin duen ahalegina.
Assar, hitzez hitz izenpetzekoa zait zuk idatzia, baita emaztearen kasua ere.
Bereziki garrantzitsua iruditzen zait, bestalde, euskaraz egiten duten abertzaleen eta euskaraz egiten ez duten abertzaleen arteko bereizketa hori. Euskararen gaiari begiratzeko -kategorizatzeko- modu hau eraldatzailea izan litekeela uste dut.
Euskaldunberri hitza gutxesteko erabiltzen dela? Bada, ni, eus-kal-dun-be-rria naiz eta ha-rro na-go…!!!
Eskema horiek zaharkituta geratzen ari dira, bertso-eskolak auzitan jartzen dituztenen pareko eskema zaharkituen moduan. Gaur egun, etxean euskara ez jasoagatik, bizitzako lehen urtetik euskaraz eskolatua (haurtzaindegietatik hasita) eta euskara berea duen pertsona bat zer da, euskaldun zaharra edo berria?
Eta hobe dugu testuinguru horretara ohitzea, horixe baita etorkizuneko arrisku handiena, txikitatiko euskaldun “zahar/berri(?)” desaktibatu horiena: jende gehienak euskaraz jakingo du eskolatik, baina portzentaje ikaragarri batentzat ez da berez etxetik jasotakoa izango, beraz ez da hizkuntza “berea” izango, eta okurritu ere ez zaio egingo harreman pertsonaletan (lagunak barne) erabiltzea.. eta horrek arrastre indar ikaragarria du etxetik euskara hizkuntzatzat duten “berezko” euskaldun zaharretik.
Euskaldun berri “klasikoak” urrea dira, motibazio batek eragin dielako ikastea, eta motibazio horrek eragingo dielako (kasu askotan hala ez bada ere) erabiltzea.
Nonbait irakurri nuen Koldo Mitxelenaren ateraldi hau. Askotan euskaldun berria zela “leporatzen” ziotenez (euskara batua gaizki ikusten zutenek, omen), ba behin erantzun zuen zoritxarrez ez zeukala meritu horretaz harro egoterik.
Amonarekin ados, aspaldiko partez.
Euskaldun berriak daude, euskaldun zaharrak dauden bezala. Eta?
Euskaldun berriak gutarrago ikusi ditut beti, euskaldun zahar pasiboak baino, ahalegin handia egin dutelako, ahalegin hori oso gutxi saritzen den gizartean. Biba euskaldun berriak eta biba euskaldun zahar aktiboak, arranopola!
Eta ikastoleroak zer dira, euskaldunberri ala zahar? Noiz bihurtzen da euskaldunberri bat euskaldunzahar? Mintzakide, mintzalagun, solaskide taldeetan, zeintzuk elkartzen dira? Eusladunzaharrak eredu eta euskaldunberriak praktikante?
Euskaldunberri eta euskaldunzahar kategoriak, errealitate bat islatu arren, gau egun ez dute ezertarako balio.
Gogoan dut, Euskararen Kontseilua sorrarazi zuen Euskaldunon Unibertsoa eztabaidan, euskaldunaren definizio osoago bat adostu zela. Euskalduna euskara duena, euskaraz dakiena izan da. Baina non eduki behar da euskara? Buruan? Bihotzean? Ala mingain-hatzetan?; Unibertsoaren eztabaidako definizioaren arabera, euskalduna euskaraz egiten duena da.
Jakintzari dagokionez, euskaldunberri-euskaldunzahar dikotomia baino funtzionalagoa iruditzen zait euskaldun oso-erdi euskaldun edo antzeko zerbait. Ez ahaztu euskaldunzahar askok oso gaitasun urria dutela egungo munduan euskaraz %100 funtzionatzeko.
Imaginatzen al du norbaitek, “español de toda la vida” eta “español principiante” edo antzeko zerbait? EZ. Bereizketa horiek arkaikoak dira nire ustez. Baina hemen aipatu den beste zerbait gustatu zait: euskalduna euskaraz EGITEN duena.
Euskalduna sentimendu abertzaletik edota lurraldetasun zentzutik bereizi behar dugu nire ustez. Euskalduna euskaraz egiten duena da eta punto. Gero izan daiteke abertzalea edo ez. “Yo soy euskaldun” horrek ez du ezer balio.
Beste gauza bat da, abertzaletasuna zer den. Aberri zalea bazara, zer maite duzu zure aberrian? Lur puska bat? Bertako paisaia eta mendiak? Munduan mila daude EH bezain politak. Nire ustez, abertzalea izateko ezinbestekoa da euskalduna izatea eta bertako kultura mirestea. Hori da batzen gaituena, izan nafar, iparraldeko, zuri, beltz… Muga administratibo guztiak pasa dituena, euskal subjektua osatzen duena. Azken batean bizi filosofia bat da.
Norbaitek imagina dezake euskara gorroto duen abertzale bat? Edo inporta ez zaion bat? Azken hori ere abertzalea da? Oso merkea da zerbaiten alde egotea, ez ordea alde egitea. “Yo soy euskaldun” horrek ezin du horren merkea izan. Esaten dutenez, hitzek baino ekintzek definitzen gaituzte.