“Desioaren alderdi distiratsuenei eta ilunenei buruzkoak dira kantak“
Plateruenean orain urte bi egon zinetenean bete-bete egin zen aretoa. Zer oroitzapen daukazu ordukoaz? Durangoko Plateruena apur bat fetixea da guretzat, egia esan, eta estimu berezia diogu, batetik, kontzertuaren aurreko egunean entsegu orokorra egiteko auketa ematen digulako, eta, bestalde, arduradunekin hartu-eman berezia daukagulako.
‘Sexo, ternura y misterio’ diskoaren aurkezpen haren oroitzapen berezirik badaukazu?
Bira bateko lehenengo kontzertuekin gertatzen da sentsazioa batzuetan apur bat baldartasun eta urduritasunarena izatea. Teknikoki berba egiten badugu, lehenengoa ez da perfektua izaten, baina eragiten du felling berezi bat; emozionalki oso intentsoak izaten dira diskoen aurkezpen kontzertuak.
Zer dauka ba Plateruenak hain berezi egiten duena?
Halako gauzetan beti oso modu emozionalean jardun izan dugu, eta arrazoi konkreturik egon ez arren, Txiki arduradunagaz eta ingurukoekin feeling berezia daukagu. Lokala bera, baina, batez ere, bertan ipini duten energia dugu gustuko. Gauza horiengatik aukeratu dugu Plateruena birari hasiera emateko.
Zerk bereizten ditu orain urte biko diskoa eta datorren barikuan aurkeztuko duzuena?
Gaiari dagokionez da desberdina alde batetik: aurreko disko guztietan landu dugun gaia izan arren, lehenengo aldia da disko osoa desioaren gaiari buruz jorratu duguna. Deseo: Cartografía Imposible du diskoak izena, eta desioaren lurralde horiei buruzko hamar abesti dira. Gaiari dagokionez monografikoa da.
Musikari dagokionez, zelakoa da disko berria?
Egin ditugunetatik disko bariatuena da doinuei dagokienez: erabiltzen ditugun Fender gitarren soinu garbiak hastapenetako rocka dakarte gogora; horrek mendebaldera garamatza. Badaude baita Mila eta bat gauak gogora ekartzen dituzten sonoritateak; ekialdeko soinuak. Hegoaldeko zaporea ere badauka. Musikaren lau puntu kardinalak biltzen ditu, nahiz eta iparraldetik “galdurik egon eta bilatzen jardunda” sortuak izan.
Erritmoetako aniztasun horren sorreran diskoa prestatzen jardun duzuen denboran egindako bidaiaren bat dago? Musika sorkuntza beti dago esperientzia pertsonalagaz erlazionatua. Musikari moduan bizi duzun eboluzioak esperientzia intimoagaz erabat lotuta behar du egon. Gero, egia da asko destilatzen dugula, guretzako bakarrik ez, baizik entzuten duenarentzako ere baliagarri izan dadin emaitza. Desioaren alde distiratsuari eta ilunari buruz berba egiten duten hamar kanta dira; guztiok bizi izan ditugun tragedia txiki eta poztasunei buruzkoak.
Abestien sorrerako uneak zelakoak izan dira?
Abestien sorrera erditzeagaz konparatzen dut beti: ikaragarri kostatzen zait kanta bakoitza sortzea. Hasierako prozesua, gitarrari heldu eta melodiak sortzearena ludikoagoa izaten da, jolasean hasten da kanta. Sortutako hori gero taldeagaz konpartitzen dut… Azkenik, horri zentzu bat, letra bat erditzea introspekzio prozesu bati dago lotuta, eta gehiago kostatzen da. Oso gauza pertsonala eta intimoa da letren sorrera. Horri dagokionez, oraindio ez dugu epidurala aurkitu: minez erditzen dugu. Egia da, baita, behin egin eta gero, itzelezko poza dela umea parean ikustea, eta batzuetan akatu egingo zenukeen arren, maitasun itzela diozu. Behin eginda ikustean hasten zara gozatzen.
‘Que amanece de nuevo’ singleak zailtasunen aurrean aurrera egiteko jarrera bultzatzen du…
Esango nuke abestiaren izenburua dela baikorrena: “…ezerk deitzen ez nauenean, dena joana denean, denbora agonia baino ez denean, hain galdua nagoenean…” dio letrak.
Hori horrela izanda ere, “aurrera bolie” diozue baina, ezta?
Bai, beti. Abesti honetan, baina, desioa iraganari lotzen zaionean eta aurrera egitea gaitz izaten deneko uneei buruz dihardugu. Eta bai, abesti honetan ere, hala ere, “vals hau dantzatzea, norbaiti lotzea” da proposatzen duguna, “berriro egunsentia ailegatzen den bitartean”. Hainbatetan estropezu egin eta jauzi arren, aurrera egitea da dagoen bide bakarra.
Urte biko geldialdiaren ondoren, irrikaz egongo zara oholtza gainera igotzeko…
Ikaragarri, bai. Orain arte egindako lan guztiari zentzua ematen diona da. Geldi egoteak dakarrena da desioa handitzea. Entzuleekin berriro hartu-emanetan jartzeko gogotsu gaude: oso gauza potenteak gertatzen dira kontzertuetan, terapia baten antzekoak dira. Kontzertu batek irauten duen bi orduetan gertatzen direnetariko gauza batzuk berriro bizitzeko urte erdi igaro behar litzateke eguneroko bizitzan. Naizen guztia ematera ateratzen naiz beti oholtzara. Horregatik, dena ematearen sentsazioa sentitzen ez dudanean erretiratuko naiz: hau ezin daiteke funtzionario baten errutina izan. Larru-jotze baten antz handiagoa dauka.
Zerbait berezia prestatu duzue Plateruenerako?
Badago alde bat, bereziki prestatu duguna: bideo-sortzaile batek abestientzako sortutako irudiak emango ditugu pantailetatik. Kontzertu guztietan dago, bestalde, gure eta publikoaren arteko hartu-emanetik sortzen dena, eta gure kontroletik kanpo dagoena: berezi egiten duena. Bestalde, diskoan kolaboratu duten hainbat ekarriko ditugu zuzenekoetara: Anari, Zea Mayseko Aiora, Bilbon bizi den Maria malagar kantaria, Mikel Piris saxo-jotzailea…
Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org