Punpeziaz

Urtean behin SAUTRELA literatura saioaren alde egitea egokitzen zait, kazetari, EITBko arduradun eta gainerako aurkezle jendearen aitzinean. Idatzita ez izan arren, esan beharrekoak buruan prestatuta eroatea gustatzen zait. Besterik ez bada. Izan ere, inork sinesten ez didan arren, oso estu jartzen naiz (oraindik ere) jendearen aitzinean mintzatu behar naizen bakoitzean eta guztietan.

Aurtengo mintzaldi laburra egiteko, bi lagunen asmakizunei egin nien tira, Miren Agur Meaberi entzundako “armairuaren metaforari” eta Xabier Olarrak euskaratu berri duen James Joyceren Ulises eleberriari.

Punpeziaz
Bai, neu ere tartean naiz, atzeko 2015 horren zeroan dut burua. (Gezurra dirudi hain gaizki argizta litekeenik argazki baterako gunea).

Gutxi gora behera, eta apur bat borobilduz, honako hauxe esan nien joan zen ostiralean:

“Urte asko dira Euskal Telebistak, aldez edo moldez, SAUTRELA literatura saioa babestu duela. Horrek ez luke inor harritu behar, ezinezkoa baita euskararen onerako sortua den kate publiko batek ez babestea literaturari eskainitako saiorik. Oraintxe esango dizuet, zergatik:”

Istant horretan, Xabier Olarrak itzulitako ULISES liburukotea jarri nuen atrilaren gainean, ohartu gabe, une horretatik aurrera nire eskuetako dardara agerian geratuko zela.

“Hara, hizkuntza, ferreteria bat da. Burdindegi bat, alegia. Eta burdindegi horretan txukun-txukun jarrita ageri dira tresna guztiak zerbait esan edo idatzi nahi dugun unerako. Gure aldartea edo inspirazioa nola dabilen, halaxe hautatuko ditugu erremintak: zorrotzenak, egurrezko leunagoak, astunak edo arinak. Destorniladore, mailu, barautz, torloju eta zerra, segun eta zein estilo eman nahi diogun adierazi nahi dugun horri”.

Irririk ez nuen entzun batere entzuleen artean, arnasotsik ere ez, eta pentsatzen hasia nintzen okerreko lekuan nenbilela okerreko sermoia botatzen. Ferreteriaren kontuak ez ziela grazia handiegirik egin han bilduta zeudenei.  Dardarka eta tripak dantzan,  segitu egin nuen esan beharrekoarekin, izan ere,  Jainkoaren misioan nenbilen, Blues Brothers haien antzera.

“Baina hori ez da miraria. Burdindegian dena txukun egotea, eta gauza bakoitza bere lekuan aurkitu ahal izatea, ez da miraria. Azken puntako asmakizun teknologikoak ere bertan jarrita ikustea, ez da zerutik eroritako zerbait. Hori guztia norbaitek egiten du. Nork, ordea?”

Galdera airera jaurtitakoan, pentsatzen nuen Kikek “Euskaltzaindiak!” oihukatuko zuela, edo “Jainkoaren graziyak!” Alkainek, edota “Woody Allenek!” esango zuela Gurruk, edota “Migel Strogoffek!” esango zuela Pagadik, baina bai zera, inondik ez zen etorri laguntzarik.  Neureari eutsi beste biderik ez nuen izan, bada.

“Literaturaren jendeak. Bai, literaturaren jendeak hornitzen eta zaintzen du hizkuntza den burdindegi hori, idazle, itzultzaile eta editore jende klase hori arduradutzen da horretaz. Nola ez dio, bada, hizkuntzaren mesederako sortutako kate batek horri begiratuko?

Printzipala esana nuen baina orain beste kontu bat zetorren, Ulises liburuari lotutakoa, eta hasia nintzen eskua disimuloz poltsikoan sartu eta irakurtzeko betaurrekoak xerkan.

“Eta badakizue zein den burdindegira iritsi zaigun azken inbentua?” Galdegin nien, batere erantzunik jasotzeko esperantzarik gabe. “Liburu hauxe” eta Ulises eskuetan hartuta, atzera eta aurrera erakutsi nien, azala irakur zezaten.

ulises“Liburu hau Xabier Olarra izeneko munstro batek idatzi du, munstroa behar baita izan halako lan itzeletan sartzeko. Perbertsioren batek jota bakarrik hel dakioke halako lanari eta jakinekoa da Olarra oso dela bizioz betea, literaturari dagokionean, bederen”.

Betaurrekoak jantzi, lehen orria topatu eta esan nuen:

“Irakurri egingo dizuet”. Une horretan marmarren bat iritsi zitzaidan, baina laster argitu nuen egoera: “Lasai, hasierako lerroak bakarrik!”. Irriren bat zabaldu zen airean, eta liburutik irakurtzen hasi nintzen:

Punpeziaz, Buck Mulligan potoloa, xaboi-aparra katilu batean eta haren gainean ispilu bat eta bizar-labana gurutzatuta zeramatzala, eskailburutik etorri zen.

Punpeziaz kakotx!” errepikatu nuen ozenki, “Punpeziaz kakotx!”, bada hori modua liburu bat hasteko. Zer demontre da punpezia, zer arraio ulertu behar dut horrekin?”

Eta hasi nintzaien kontatzen, bere sonoritateagatik, pun eta pa, punpa eta punpa, bote bat eta beste bat, agian saltotxoak emanez etorria zela eskailburutik Buck Mulligan potoloa. Alabaina, ez naizela sekula fido nire buruarekin eta ferreterian zeuden hiztegietara jo nuela aurkitu arte punpeziaz edo ponpeziaz, frantsesezko ostentation dela, aparat, alegia, gaztelaniaz boato edo halako zerbait. Baina inondik ere ez saltotxorik. Luxua, arranditsua… esan nahi ei du punpezia hitzak. Gure letretan lau aldiz zegoen erabilita lehenago, nik jakin ez arren.

“Hara, burdindegira ekarritako azken tresnak lehengo hitzetik dakarkigu zer ikasia eta zer hobetua. Hitz berri bat ikasia dut nik berari esker irakurtzen hasi bezain azkar”. Une horretan EITBko arduradunei begiratu nien: “Eta profitatu egin nahi nuke punpeziaz esateko eskerrak ematen dizkizuedala gaurko agintariei ere, SAUTRELAri bere bidea egiten uzteagatik. Eskerrik asko”.

Eta ondoren liburukotea atriletik hartu eta betaurrekoak sakelean gordeta, neure lekutxora itzuli nintzen, erabakita neukan punpeziaz egin beharreko erreberentzia zeharo ahazturik. Hurrengoan beharko du.

eitb, Punpeziaz, Sautrela
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Punpeziaz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude