Poetek dute hitza

NDEyOQ==

Hermann Brochen esanetan, kategoria estetikoak kategoria etikoa ordezkatzen duenean, hortxe ematen da kitscharen muina. Horren ondorioz, artistaren betebeharra ez da, jada, “lan on bat” egitea, “lan atsegin bat” egitea baizik. Zentzu horretan, ez da heriotza gainditu nahi, heriotzari ihes egitea da kontua, irrazionala argitzeari muzin egin eta arrazionalerantz etengabe ihes egitea. Alegia, mundu hobeago eta seguruago batean babestea. Artea, zentzu zabalean ulertuta, bere garaiko gizakiaren erretratua da, eta kitscha gezurra baldin bada, gezur hori behar duen gizakiaren baitan egokituko da.

Walter Benjaminek egindako diagnostikoaren arabera, artea bere funtzio kulturaletik banandua eta bereizia izan da. Benjaminek berak “aura” kontzeptuaren berreskurapena aipatzen zuen. Hain zuzen ere, kontzeptu honek artelanari bakantasuna eta errepika ezintasunaren kategoriak ematen baitizkio, eta “orain eta hemen” baldintzetan oinarritzen da, hau da, artelanak duen errepika ezintasunaren gaitasunean. Sortzerakoan, beraz, sentsazio berriak sortu nahi izatea babeslekua areagotzea litzateke, denbora-pasa.  

Edonola ere, ez gara pentsamendu huts, ezta sentimendu huts ere. Pascalek zera zioen, “bihotzak bere arrazoiak ditu, arrazoimenak ezagutzen ez dituenak. Mila kontutan ikusten da hori.” Bihotza gehiago zen Pascalen garaian, arrazoimena baino, mila kontu eta bat gehiagoaren kariaz. Pascalentzat, ordea, bihotza adina zen arrazoimena; edo, alderantziz esanda, arrazoimena ahalekoa zen bihotza, mila arrazoirengatik. Kunderaren ustez, kitscharen erresuman bihotzaren diktadura da nagusi, alegia sentimendua bainoago sentimenduaren irudia, sentimenduzko gehiegikeria. Baina buru eta bihotzaren arteko lehia ez da benetakoa, faltsua eta interesatua baizik. Pentsamendua sentimendu suerte bat da. Bihotzak egia dela dioena egia da, nolabait esateko, buruak baieztatuko egia bezain egiazkoa, gutxienez. Bien artean egon beharko luke, aurkitu beharko genuke, orekaren bat, hitzez egina, oihuz bainoago. “Pentsatzen dut, beraz banaiz” famatua ere kitscharen erresumakoa da, beste erresuma klase batekoa, jakina. Arrazoimenak eraikitako etxean ez baitago askotan bizitzerik. Bihotzak eraikitakoan ere ez dago askotan gordetzerik.

Pentsamenduak gutxi egin lezake sentimenduaren aurka. Baina, bestela, badakigu pentsamendua dela bizitzari aurre egiteko dugun tresnarik eraginkorrena. Pentsamendua hitza baino lehenagokoa izan zen eta pentsamenduak hitzak berak ditu asmatu, bere nahi eta erara. Sentimenduak, hitza bainoago, oihua du maiteago, isiltasunaren oihua, isiltasunaren hitza. Bihotzari hitz egiten dionak, hitzak sentimenduzko belusean bil-bil eginik, arrakasta berehalakoa lortzen du. Buruari hitz egiten dionak ere lortzen du arrakasta, ez dezagun ahantz.  

Finean, edozein arte espresio garatzerakoan, estetika eta etikaren arteko erlazioak gure oinarrietako bat izan behar du. Izan ere, Brochek zioen bezala, benetako arteak gizona liluratu egiten du, gizona liluratu egiten du itsutu arte, eta ondoren, egia ikusarazi egiten dio.

 Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko.

Irudia | Arestiren mailua? | JosepMaRosell | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

5 pentsamendu “Poetek dute hitza”-ri buruz

  • Iñakito Garay 2010-12-28 19:31

    Oso interesgarria, zalantzarik gabe, baina zergatik ez dute poetek, beste guztiok bezala, izena ematen eta euren idatziak zuzenki sartzen Zuzeun? Eurak ez al dira besteok bezalako horizontalak?

  • Gaurko egunari omen dagokion txantxa?

  • Ez, idatzia amaitzeko espreski diote honakoa: “Oharra: ez da txantxa bat, benetako lan serioa da, nahiz eta gaur abenduaren 28a izan.”

  • Ados Iñakitorekin.

  • eta zein da, benetako lan serioa? Euskal Herrian nork idazten du poesia estetika hutsagatik?
    lau hauek ez diren beste euskal poeta guztien poemek ez dute pentsamendurik eragiten?