Poesiak ez du hamaseigarrenik Ean

Poesiak ez du hamaseigarrenik Ean –

Poesia maite duen ororentzat topagune ederra izan dira Eako Poesia Egunak, orain 15 urtetik uztailero. Joan den urtera arte, aurten ez baitagu hitzordurik izango Ean, antolakuntzak atzo ezagutarazi zuenez. Tenk!

 

PORROT EDER BAT DA ADIOA
Pausatu, ziklo baten amaiera heldu dela sentitzen dugulako.
Pausatu, eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko.
Pausatu, berritzaile izateak haustura dakarrelako.
Pausatu, garai berriek modu berriak eta gogo berriak eskatzen dituztelako.
Pausatu, hutsunea eta zuloa sentitzeko eta sentiarazteko.
Pausatu, euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturan sinesten dugulako.
Pausatu, literatur plazan konfiantza osoa dugulako, mila adierazpidetan berreraikiko dela badakigulako.
Pausatu, kultura ez delako kudeaketa hutsa.
Pausatu, kultura etengabeko mugimenduan bizi delako.

.

ESKERRAK EMAN, DANA EMON JAKOLAKO
Zuei, bertakooi zein gurera urtez urte etorri zareten sortzaile, hizlari, ilustratzaile, bidelagun, artista, editore eta zaletuei. Guztiok izan gara beharrezko. Eskerrak zuei. Hala ere, Eako Poesia Egunak ez dira ezinbestekoak izan ezta izango euskaraz egiten den kulturak aurrera egin dezan.
Pausatu eta arnasa hartu.

.

HARIA ETEN, BIDE BERRIAK JOSTEKO
Zulo beltzaren gainean salto egin, eta zuritasun lauari aurre egiteko energia badugu oraindik. Hamabost urteotan zehar jositako haria eten, eta beste hari bati jarraitzeko intuizioa eta gogoa jaio zaizkigu eta laster helduko diogu hari berri horri. Hari zaharra eten behar, tenk, eta minez bada ere, agur esan behar diegu Eako Poesia Egunei. Minez, baina pozarren, ibilbide luze honetan ikasitakoagatik, eta utzitako arrastoagatik. Minez, baina gogoz, gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa.
Poesiazale, elkartuko gaitu kultur plazak, egon ziur, eta beste hari batzuk korapilatuko ditugu elkarrekin, baita orri zuri berriekin jolastu ere.
Poesiak ez du hamaseigarrenik Ean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude