Poema galdu bat
Poema galdu bat
#Separataren inbidiarik gabe, neuk ere azken liburuan (Bulkada) sartu ez nuen poema bat eskegiko dut jarraian. Ez nintzen sobera gustura geratu, gaiagatik, eta orduan asko entzuten nuen Nacho Vegasen istorio baten kopia zirudielako.
…
LAZARO
Berbera izaten da zeremonia beti.
Joango dela ohartzeko deitu,
eskaratzean bitan kontrazeinu gisara jo
eta gora heltzean
behatxuloan bere figura ikusten duenean zabaltzen dio atea.
-Dena ondo?
Joan denetan ez du beste inor topatu berekin,
baina badaki bere gauzei bestela aurre egin ezin dion jendea
hurbiltzen zaiola bisitan.
30 libragatik kontsolamendua ematen du:
iluna distiratsu egin eta
itzarria lokartu.
Itxaroteko une batez,
esertzeko sofan,
edateko ezer nahi duen, eta ezer ez.
Bisitan jasotzen dituen gainerakoak
ze zurrunbilok bizi dituen jakin nahiko luke.
Haiekin hitz egin haien barne korronteez
atseden emango diena partekatu.
Une batez norbere minez beste egin
eta bere beldurrak norbere aurpegian ikusi.
Argia itzalita
zilarretan erretako ke lainoa jaten du
sofan etzaten da
eta begiak ixten zaizkio gozo.
Bere burua ikusten du ametsetan,
beste bat bailitzan.
Sofaren deserosotasunera eginda esnatu da.
Barealdi txiki bat besterik ez.
Besterik ez.
Leihoaren ondoan dauka begira.
Goiz da. Argi da.
-Orain behean zaude. Hegan besterik ezin duzu egin.
Nabar politeiar honek ez ote duen egundoko koska buruan… Eta, gainera, garraisika¡ Erredios, hau jendia hemen dabilena!