Pierre Lotiren euskal familia

Pierre Lotiren euskal familia –

Denok ezagutzen dugu Pierre Loti eta Hendaian, gure artean, bizi zela idatzi zuen Ramuntxo eleberri hunkigarria, eta askok eta askok idatzi dute horiei buruz. Oraingo artikulu honetan, batez ere, bere maitale izan zen Kruxita Gaintzaren eta elkarrekin izan zituzten semeen berri gogora ekarri nahi nituzke.

Pierre Lotiren euskal familia

1.- Pierre Lotiren nondik norakoak

Louis Marie Julien Viaud, hori baita Pierre Lotiren egiazko izena, Frantziako Rochefort herrian jaio zen 1850eko urtarrilaren14an eta gazte-gaztetatik itsas bidaiak egiteko gogoa erakutsi zuen. Hori dela eta, 1867an ofizial ikasketak egiteari ekin zion. Hori izan zen itsasoarekin loturik izan zuen ibilbide luze baten hastapena, Lehen Mundu Gerla handian parte hartu zuen eta horren ondorioz, ontzi kapitain graduazioa atzeman zuen.

1881ean, frantses itsas agintariek Lapurdira igorri zuten, Bidasoa ibaian zeukaten Javelot kanoiontzi kostazaineko komandante gisa, eta Hendaian kokatu zuen bere bizilekua. Kanoiontzi horretan ibili zen Bidasoan barna eta Lapurdiko, Gipuzkoako eta Nafarroako lurraldeak eta jendeak ezagutu zituen. Horrela jakin zuen Bidasoaren bi aldeetan herri bera bizi zela, Euskal Herria, eta euskaldunez arrunt liluratuta gelditu zen betiko.

Ordurako bazituen zenbait eleberri plazaratuta, beti itsas bidaia eta ezagupenen fruitu zirenak, eta frantses literaturan beren tokitxoa bereganatzen hasiak zirenak:  Aziyadé (1879), Rarahu (1880), Le Roman d’un Spahi (1881),…  Aipa dezagun azken eleberri horrekin hasi zela gerora famatua eginen zen Pierre Loti ezizenaz sinatzen.  Loti Tahitiko lore baten izena omen da.

1883an Le Figaro egunkarian, frantses soldaduek Indotxinako gerran egiten ari ziren itsuskeriak gogotik salatu zituen, eta horrek etsai ugari sortarazi zizkion frantses intelektual eta politikarien artean. Antifrantsesa zela leporatu zioten luzaz.

1891n Frantses Akademiaren kide izendatu zuten, hamahirugarren jarlekua betez, eta hil zen arte kide gisa jarraitu zuen, hau da, 1923ra arte.

1894an, Hendaiako Bakar Etxea erosi zuen eta hortxe idatzi zituen bere eleberrietako asko. Lapurdiko kostaldeko herriak bisitatu eta ongi ezagutu zituen,, baita barnekoak ere. Azkainera joaten zen maiz, eta pilota-plaza ondoan, Jean Pierre Borda Otharre pilotariak zuen hotelean (Hotel de la Rhune) aterpetzen zen. Hoteleko leihotik pilota partida ederrak ikusten omen zituen. Otharre, pilotariaz gain, kontrabandista izana zen, eta haren bizipenak eta ibilaldiak kontatu zizkion. Iduriz, kontakizun horietan oinarritu zen Pierre Loti, 1897an plazaratu zuen Ramuntxo eleberri ospetsua idazteko. Liburu horretan euskal gaia da nagusi: pilotariak, laborariak, kontrabandistak… eta garaiko frantses gizartean oso zabalkunde handia lortu zuen.

Pierre Lotiren euskal familia
Pierre Loti Azkaingo pilota-plazan.

Osora berrogeita hamar bat liburu inguru idatzi bazituen ere, Ramuntxo izan da, zalantzarik gabe, bere obrarik famatuena, mundu osoan ospe handia eman ziona.

Bizitzaren azken urteetan  Rocheforten zuen gazteluan bizi izan zen, Jeanne Blanche Franc de la Ferrière emaztearekin eta Samuel semearekin. Haatik, ahal zuen guztietan Hendaiako Bakar Etxera etortzen zen egonaldi luzeak egitera, eta hortxe hil zen 1923ko ekainaren 10ean. Azken hatsa horrenbeste maite zuen Euskal Herrian eman bazuen ere, Saint Pierre d’Oloronen ehortzi zuten.

Hauxe da bere bizitza ofizialaz dakiguna, baina jakina da, bere familia frantsesa izateaz gain, Pierre Lotik bigarren familia euskaldun bat ukan zuela eta lau seme izan zituela. Seme naturalak zirenez gero, Gaintza abizena zuten, hau da, amaren abizena.

Pierre Lotiren euskal familia
Pierre Loti eta Hendaiako Bakar Etxea

2.- Pierre Lotiren euskal familia

Hendaian bizi zelarik, Pierre Lotik adiskidetasun handia egin zuen Xarles Abadia-Ürrüstoi euskalariaren Sophie Carline Lisette emaztearekin. Xarles Abadia Antton Abadiaren anaia ttikia zen eta haren emaztea idazle ezaguna izan zen bere garaian. Andere honek bete-betean sartu zuen Lotiren euskaldunen munduan, era guztietako zehazkizunak emanez. Hori dela eta, Ramuntxo eleberria aipatu andereari eskaini zion.

Loti liluratua zegoen euskaldunekin eta euskaldunen artean, eta horrek bere familia frantsesa izateaz gain, bigarren familia euskaldun bat egitera bultzatu zuen. Seme-alaba euskaldunak nahi zituen. Hori dela eta, jatorriz irundarra zen, baina ttiki-ttikitatik Hendaian bizi zen Kruxita Gaintzarekin bigarren familia bat antolatu zuen eta lau seme izan zituzten: Ramuntxo (Raymond) (1895-1926), Edmond (1897-1975), Charles Fernand (1900-1901) eta André, jaio orduko hil zena, (1920).  1894tik aitzina berarekin batera eraman zituen Rochefortera. Familia ofizialarekin gaztelu batean bizi zen, eta beste auzo bateko etxe xumean, bere familia euskalduna zuen.

Pierre Lotiren euskal familia
Kruxita Gaintza eta Ramuntxo Gaintza semea

Kruxita Gaintza oso kristaua zen eta bizitza osoan eraman behar izan zuen berekin egoera horrek sortzen zion barne-talka, alde batetik Pierre Lotiren maitalea zen eta bestaldetik “bekatuan” bizi zen sinestuna. Garbi dago Pierre Lotirekiko zuen maitasun handia atera zela borroka horretatik garaile.

3.- Ramuntxo pastorala

Pêcheur d’Islande (Islandiako arrantzalea) (1886) eta Ramuntxo (1897) izan dira, Pierre Lotiren libururik famatuenak, ospe eta zabalkunde handia atzeman dutenak. Edizio asko egin dira eta zenbait hizkuntzatara itzul., baita zenbait film eta antzezlan ere. Euskaraz oraino ez dugu inolako itzulpenik izan, nik dakidala, baina berriki jakin dudanez bada itzulpen bat, agian laster plazaratuko dutena, eta azkenean, euskaldunok gure mintzairan irakurri ahal izanen dugu.

2003an, Zuberoako Idauze-Mendi herriak Pier Pol Berzaitz-ek idatzitako Ramuntxo pastorala jokatu zuen uztailaren 27an eta abuztuaren 2an, eta Irungo eta Hendaiako udalek horrela eskaturik, Hendaian ere jokatu zuten abuztuaren 31n. Hiru emanaldietan harmailak jendez gainezka egon ziren eta arrakasta handia erdietsi zuen. Idauze-Mendin 7000 pertsonak ikusi zuten eta 1000 pertsonak Hendaian.

Ez da erran behar, Berzaitzen pastoral hau Pierre Lotiren Ramuntxo eleberriaren istorioan oinarritua dela. Errejentak André Epherre eta Pier Pol Berzaitz izan ziren, dantza errejentak Lidia Berzaitz eta Claude Iruretagoiena, eta arropen egilea: Erramun Gartzia Zabalegi. Osora 85 arizalek parte hartu zuten 23 jelkaldiz osatutako pastoral eder horretan.

Lehen perediküaren bertsetetan honela dio Berzaitzek:

3. bertseta:

Ramuntxo güre süjeta,

eüskaldün arxetipoa,

Pierre Lotiren libürüa

güre gain gük antzeztüa.

11. bertseta:

Sogile adixkidea,

hasiko dügü pastorala,

izan bedi hunkigarri

Ramuntxoren hixtoria.

 

Buka dezagun artikulu hau, aipatu pastoralaren 19. jelkaldia gogora ekarriz. Ramuntxo kontrabandista lagünekin izena du.

123. bertseta: Battitta.

Hebentik Züberoala

bost oren bide nonbait han,

aisa atzamanen diagü han

Gaxuxa bere komentüan.

124. bertseta: Joakin.

Gero Bordelen ontzia

ta trauka aintzina itsasoa,

Ameriketako hirietan

züentzat bizi berria.

125. bertseta: Ramuntxo.

Sekülan düda baledi,

kanbiatü balü deseina,

enikek nahi bortxatü,

lehenik errespetüa.

126. bertseta: Ütsüa.

Hi hiz düdatzen Ramuntxo,

ez dükek gero dolürik.

Korneta ütziko dik fite

hiri bürüz datekealarik.

Pierre Lotiren euskal familia  Pierre Lotiren euskal familia  Pierre Lotiren euskal familia  Pierre Lotiren euskal familia  Pierre Lotiren euskal familia  Pierre Lotiren euskal familia  Pierre Lotiren euskal familia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude