Pierre Jean Garat Parisen kantari
Pierre Jean Garat –
Garat Hiriart familia lapurtarra ospe handikoa dugu gure historian, batez ere, Dominique eta Dominique Joseph anaiak. Uztaritzeko Mailia etxekoak ziren, gero Garatenea deitua izan zena. Biak politikariak, hargin beltzak edo masoiak, eta Lapurdiko Biltzarraren defendatzaile sutsuak. Pierre Jean Garat Dominiqueren semeetako bat izan zen, musikari gisa Frantzia osoan ospe handia lortu zuena.
1.- Garat familiaren nondik norakoak.
Dominiquek (1735-1799) Larresoroko apaizgaitegian egin zituen lehen ikasketak eta gerora, Bordelen, zuzenbide ikas izuen. Bordelen ezkondu zen eta 1761etik aitzina, han bizitzen gelditu zen. Lapurdiko eskubideak defenditzen sutsu ari izan bazen ere, Frantziako Batzarrak, 1789ko abuztuan, Iparraldeko hiru herrialdeen eskubide eta libertate guztiak ezabatu zituen.

Horren ondotik, departamenduak egin zituztenean, gogor aritu zen euskal lurraldeendako departamendu bat lortu nahian, baina orain ere alferrik, Frantziak Iparraldea Biarnorekin departamendu berean sartu baitzuen. Horrelako porrotak ezin jasanez, Uztaritzera erretiratu zen, eta iraultzaileek Lapurdin egindako bidegabekeriak eta hilketa lazgarriak salatu zituen. Espetxean izan zuten Robespierre zendu zen arte. 1794ko lapurtarren deportazioa argitzeko sortu zuten batzordean lan egin zuen, Uztaritzeko auzapeza (alkatea) izan zen eta irakaskuntza elebiduna defenditu zuen.
Berea anaia, Dominique Joseph (1749-1833), Parisera joan zen gazte zelarik, eta abokatu, kazetari eta filosofo gisa aritu zen. Hargin beltza izan zen, bere anaia bezala. 1789an, Lapurdiko Biltzarrean, hirugarren estatuko diputatu hautatu zuten, anaiarekin batera, eta izugarri saiatu zen Lapurdiko Biltzarra defenditzen. Hala ere, ezin izan zuten deus egin Frantziako Batzarrak, 1789ako abuztu tragiko hartan, Iparraldeko hiru lurralderen libertateak bertan behera utzi zituenean.

1792ko urriaren 9an, abokatu ganbarako ministro izendatu zuten, eta kargu horretan zegoela, 1793ko urtarrilaren 20an, Louis XVI. erregeari heriotza zigorra eman ziotenean, bera izan zen jakinarazi behar izan ziona. Gerora, enbaxadorea izan zen Napolin, eta 1830ean, monarkia Frantziara itzultzean, Zientza moral eta politikoen Akademiako kide izendatu zuten.
Euskal Herri osoarentzat Fenizia Berria izeneko proiektua landu zuen, Frantziako Inperioren barneko erresuma bat sortzeko asmoz, eta Napoleoni aditzera eman zion. Zoritxarrez, ez du ematen, enperadoreak ontzat hartu zuenik. 1833an zendu zen Uztaritzen.

2.– Pierre Jean Garat kantari eta musikagile.
Dominique Garaten semea izan zen, 1762ko apirilaren 26an Uztaritzen (edo Bordelen) sortua eta 1823ko martxoaren 1an Parisen zendua. Aitak abokatu bideetatik abiarazi nahi izan bazuen ere, Pierre Jean gazteak oinarrizko musika ikasketak Baionan egin zituen eta hamasei urterekin Parisera abiatu zen bere ikasketak sakontzera. Opera kantari eta musikagile famatua izan zen. Parisen, bere ahots ederra zela eta, “incroyable” deitzen zioten, famatua izan zen gortean dandy gisa eta Maria Antonieta erreginak maiz deitu zuen bere aurrean kanta zezan. Gortean egindako ibilerak zirela eta, Frantziako Iraultzaren garaian, 1793. urtean, espetxeratu zuten, eta Izuaren Aroan, zigortuta, Parisetik kanpo bizi behar izan zuen. Konbentzioa iritsi zelarik, berriz, Pariseko Musika Eskolako irakasle izendatu zuten.
Bere kontzertuetan, maiz, Lapurdiko euskal kanta tradizionalak abesten zituen eta horietako batzuk modan ipini omen zituen Frantziako gortean. Frantziako Orfeoa deitu izan zioten.

Kontzertu ugari eman zituen Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, Herbeheretan, Espainian… Europa osoan ospe handia erdietsiz. Isidoro Fagoaga nafar kantariak haren biografia idatzi zuen gaztelaniaz : Pedro Garat, el Orfeo de Francia, eta gerora, 1948an, Yon Etxaide idazle donostiarrak euskaratu zuen.
Familiaren tradizioari jarraituz, bera ere hargin beltza edo franko-masoia izan zen. 1823an zendu zen Parisen.
3.- Pierre Jean Garaten anaiak.
Jacques Joseph Garat anaiak (1767-1839) bestelako bidea hartu zuen bizitzan, politikaria eta administratzaile publikoa izan baitzen. Brumaireren 18ko estatu kolpean partu hartu zuela eta, auziperatua izan zen eta libre ateratzean bere kargu publiko guztiak utzi zituen. Uztaritzeko jatorria zela eta, Garat-Maillia ezizenaz ezagutua zen. Gerora, Bordele aldeko prefekturako idazkari nagusia izendatu zuten, eta lan horretan aritu zen 1839ko azaroaren 5ean, Bordelen zendu zen arte.
Joseph Dominique Fabry (1772-1851) anaia ttikiena armadan sartu zen gazte-gaztetik, baina hango diziplinarekin gustura ez zegoenez, armada utzi, eta hogeita bost urterekin musikaren munduan murgildu zen bete-betean. Parisera joan zen, Pierre Jean anaiaren itzalean, eta han berehala ospe handia bereganatu zuen musikari eta musikagile gisa.

Garatar guztiak bezala, hau ere hargin beltza izan zen. 1851n zendu zen. Joseph Dominique Fabry izan zen Garat familiaren sagako azkena.