Pelikula hau ikusita daukagu

Pelikula hau ikusita daukagu –

Gorka Bereziartuak Argiako Boligrafo Gorria blogean.

.

Zazpi urteko haur batez abusatu izana leporatu diotelako AEBetan finantzazio arazoak edukitzen ari den zine zuzendariak bat egin du modu nahiko opakuan talde mediatiko handi bateko buru izatera iritsi den ekoizle kataluniarrarekin, iberiar penintsulako kostaldeko hiri txiki batean pelikula bat grabatzeko: Woody Allen, Jaume Roures eta Donostia. Ez dauka atzera bueltarik, uztail honetan New Yorkeko zuzendaria Gipuzkoako hiriburura iritsiko da.

Karl Marxek zioena errepikatuko ote den ikusteko dago, alegia, historiako gertakari garrantzitsuak bi aldiz gertatzen direla, lehenbizikoan tragedia gisa eta bigarrenean fartsa gisa. Donostian errodatzekoak diren filmaren operazioak lehenago ikusitako zerbaiten tankera badauka behintzat: joan den hamarkadako Vicky Cristina Barcelona tituludun tragedia zinematografikoaren osagaiak berriz frijituta dauzkagu platerean. Zuzendari bera, ekoizle bera eta beraien hiria turismo globalaren eskaparatean jartzeko anbizio bera duten agintari eta lobbyak.

Pelikula hau ikusita daukagu
Woody Allen 2008ko Donostiako Zinemaldian, atzean, bizkarrez, Jaume Roures duela (argazkia: Andreas Tai).

2008ko pelikula hartan Scarlett Johanssonek, Penelope Cruzek eta Javier Bardemek spot publizitario bat egin zuten Bartzelona hiri-markarentzat, hango kaleak, bizi-estiloa, arte-mundua eta “gizon latinoak emakume anglosaxoiak seduzitzen ditu” topikoa nahasiz umore txorrotada batekin. Formula kitzikagarria turistak hegazkin-billeteak erostera animatzeko: bisita ezazu Cristina Juan Antoniorekin maitemindu zen hiria, erromantze latinorik bizitzen ez baduzu ere, ondo pasako duzu mediterranear alai eta ero samarrekin.

1992ko Joko Olinpikoekin hasitako espekulazio-zikloa borobilduta geratu zen. Geroztik hiriko biztanle askoren artean sentsazio bat nagusitu da: beraiena zen zerbait kendu dietela. Marina Garcés filosofoak Ciutat Princesa liburuan esplikatzen duen moduan, industria estraktibista gisa ulertu behar da eredu turistiko hori, guztiona dena –kaleak, plazak, auzoak– enpresa pribatuek nahieran esplotatzeko lehengai bihurtzen duelako. Tragedia bat, Donostian fartsa gisa errepika daitekeena.

Urteotan gauza batzuk aldatu direla pentsatuz kontsolatzea geratzen da: #MeToo kanpainak zerbait astindu du zinema munduan eta akaso Donostiaren agerpen global handi hau ilundu dezake abusuengatik salatutako zuzendari bat beso zabalik hartzeak.

Pelikula hau ikusita daukagu
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude