“El bosque del lobo” klasikoa eta “Zonbi eguna” film laburra, Pedro Olea omentzeko
“El bosque del lobo” klasikoa eta “Zonbi eguna” film laburra, Pedro Olea omentzeko –
Euskadiko Filmategiak Pedro Olea omenduko du eta ‘El bosque del lobo’ (1970) klasikoa eta ‘Zonbi eguna’ (2015) film laburra proiektatuko ditu EAEko hiru hiriburuetan. Filmak azaroaren 3an (osteguna) Donostian eta 4an (ostirala) Bilbon aurkeztuko ditu zinemagile bilbotarrak.
Euskadiko Filmategiak Pedro Olea, gure zinematografiaren funtsezko zuzendaria, omenduko du azaroaren 3an eta 4an, Gasteizen, Donostian (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin elkarlanean) eta Bilbon egingo diren hiru saio berezirekin.
Egileak Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederretako Museoan aurkeztuko du El bosque del lobo (1970), beldurrezko zinemarekiko gustua erakusten duen film klasikoa. Gainera, Zonbi eguna (2015), Olearen film labur dibertigarria, emango dute. Autorearen lanak kemenak, jakin-minak eta dinamika sozial makurrek zanpatutako pertsonaien ohiko erretratuak zeharkatzen dituzte. Gasteizen proiekzioa azaroaren 3an izango da, baina Pedro Olea ez da egongo.
Zuzendari bizkaitarraren hitzetan, Zonbi Eguna 50 urte geroago zuzendu duen film labur musikala da, “bilbotar zenduekin eta adoptatutako donostiar batekin lan egiteak eman zion umore-sena”.
Bestalde, El bosque del lobo (1970) bere lehen filmtzat hartu du beti Oleak, hirugarrena den arren. “Valladolideko eta Chicagoko zinema-jaialdietan arrakasta izan ondoren -Lopez Vazquezek Interpretazio Onenaren Sari Nagusia lortu zuen eta Variety aldizkarian argitaratu zen nire nazioarteko lehen kritika ona-, Carrero Blanco presidenteak, bere areto pribatuan filma ikusi ondoren, “Espainia Beltzaren bertsio zakarra” zela esan zuen, “erlijioa eta sineskeria modu tamalgarrian” nahasten zituela eta debekatu egin behar zela. Benetako beldurra sentitu nuen; bilbotar eta donostiar senide batzuk konbentzitu bainituen pelikula ekoizteko”, azaldu du zuzendariak.
Hala ere, debekua geldiaraztea lortu zuten, filmak San Gregorio saria jaso zuelako Zinema Erlijiosoaren eta Giza Balioen Jaialdian (gaur egungo Seminci zinema-jaialdia): “Beti diot El bosque del lobo filmak sari asko izan zituela, baina denetan handiena hain pertsonaia gaiztoari sartu nion gola izan zela”.
.
Ibilbidea
Pedro Olea Bilbon jaio zen 1938an, eta Madrilen ekin zion bere ibilbide profesionalari gidoilari, ekoizle eta zuzendari gisa. Bere lehen film luzea 1967an zuzendu zuen: Días de viejo color. Hala ere, arrakasta hiru urte geroago lortu zuen El bosque del lobo pelikularekin, José Luis López Vázquez eta Amparo Soler Leal protagonista zituela.
Oleak hogei proiektu inguru zuzendu ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, No es bueno que el hombre esté solo (1973), Tormento (1974) Pim, pam, pum, ¡fuego! (1975), Un hombre llamado Flor de Otoño (1978), Akelarre (1984) eta Bandera negra (1986). 1993an egokitutako gidoi onenaren Goya saria irabazi zuen El maestro de esgrima filmarekin.
Bere azken lanak, 90eko eta 2000ko hamarkadetan zuzendutakoak, honako hauek dira: El día que nací yo (1991), Morirás en Chafarinas (1995), Más allá del jardín (1997), Tiempo de tormenta (2003), ¡Hay motivo! (2004) eta La conspiración (2011). Duela gutxi, Pablo Malo zuzendariak bere bizitza eta obra jaso ditu Olea ¡Más alto! (2020) dokumentalean.
“El bosque del lobo” klasikoa eta “Zonbi eguna” film laburra, Pedro Olea omentzeko