Sautrela 413: Patri Urkizu, ilustratzaileak eta Galdu arte
Gure letretako figura garrantzitsuetako bat dugu Patri Urkizu, urte luzetan lan eskerga eginikoa. Gazte garaian abangoardiaren lehen lerroan ibili ondoren, gerora ikertzaile moduan lan egin izan du batik bat. Langintza horretan ikertu ditu antzerkigintza eta bertsolaritza, edo bildu izan ditu Agosti Chao-ren kantuak. Bilketa lana dugu ere, hain justu, haren lan berria, Maiatz argitaletxearen eskutik plazaratutako 1914-1918. Lekukoak. Euskaldunek Gerla Handiari buruz idatzitakoak bildu ditu liburuxkan, molde ugaritako testuak apailatuz: kronikak, gutunak, bertsoak, eleberri zatiak, antzerki zatiak… Parada bikaina da euskaldunek gerra haren inguruan zer idatzi zuten ezagutzeko. Gehienak gerra jazo zen urteetan idatzitakoak dira, frontean bertan idatziak ugari, baina badira ondorengoak ere. Gerra lazgarri hartaz eta euskaldunek idatzitakoez arituko gara, bada, Urkizurekin.
Bestetik, literatur lanen ilustrazioen inguruan ariko gara erreportajean. Ezagun denez, batez ere haur literaturako liburuak ilustratu ohi dira, eta langintza horietan ibiltzen diren bi ilustratzailerekin mintzatuko gara: Leire Salaberria eta Maite Gurrutxaga. Literatur lan bat nola ilustratzen den azalduko digute, zeintzuk diren langintza horretarako trikimailu, oztopo eta enparauak.
Azkenik, Beñat Sarasola batez ere gazteek aski estimatu izan duten liburu bati buruz jardungo da, Juan Luis Zabalaren Galdu arte nobelari buruz. Azkoitiko gaztetxearen inguruan kokatua, garai baten erretratu ederra ondu zuen Zabalak liburu harekin.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen
Bideoa ikustera jo eta, hara!, Nivearen anuntzio bat gaztelaniaz, euskarazko saio batean, euskarazko webgune batean. Paradoxa ikaragarria iruditzen zait euskararen mesederako sortutako ETB1ek egiten duena. Hain zaila al da koherentzia?