Egiari zor, Madariagak bezala

Liburu on eta txar asko irakurtzea egokitzen zait nire lanak hartara behartuta. Liburu ia guztietara, gainera, aurriritziz beteta sartzen naiz. Esan nahi baita, lehenengo lerroa irakurri aitzin, halako aldarte zehatz bat edukitzen dudala liburu bakoitzarendako, ezdeusak bezain ia infinituak izaten direlarik horretarako arrazoiak: egilea ezagutzen dudalako, ezagutzen ez dudalako, haren azken liburura gorotza iruditu zitzaidalako, urrea aurkitu nuelako haren lerroetan, modakoa delako, ez delako modakoa…

Hori horrela dela aldez aurretik aitorturik, era berean diot irakurle erraza naizela, inuxente xamar horietakoa,  eta desiran egoten naizela liburuak irents nazan. Ez da sarri gertatzen, baina halakoetan, “abandonatu” egiten naiz, eleberrietako amorante emezkoa bainitzan.

Julen Madariaga

 

Hala bada, ETBrako Euskaldunak saioaren atal berriak egiten dihardugula eta, Julen Madariagakoaren EGIARI ZOR izeneko liburua irakurri “behar” izan dut, saioetako batean gonbidatuetakoa baitugu ETAren sortzaile historikoa.

Haren liburua, neke bat bezala nekusan, gure lanak duen aje horietako bat bailitzan, Madariagak idazten ez baleki bezala, betiko kontu ezagunekin aspertuko ninduela sinetsita… hamaika eta bat aurritzi, esan bezala. Ezer berririk ez, irakurtzeko garaian izaten dudan aldarte mengelean.

Liburua ez da gaurkoa, baina plazaratu zen egunean  ez nion ahatik arreta zipitzik eskaini, horixe bakarrik falta baitzaio Madariagako Juleni,  izandako guztiez gain, idazle ere izatea. Eta, jakina, SAUTRELA gure literatura saioan, idazleak elkarrizketatzen ditugu, agi denez. Idazleak bakarrik, eta ez erdipurdiko kontalari aguretuak. Horietatik aski eta gehiegi bai baita beti.

Kontuak kontu, EUSKALDUNAK ez da literatura saio bat, eta ez dut kausitu ihespiderik batere haren liburuarentzat. Aitzakiarik ez Madariagarena esku artean hartzeko, nahiz eta aurretiazko erabaki irmoa ere banuen, jakina: aspertzen hasitako unean bertan, kito,  utzi egingo nion  irakurketari (hamargarren orrirako edo).

Halakorik ez batere, ordea. Aspertu? Zer diot, thriller harrigarri bat bailitzan irakurri dut, gure idazle handi askoren lanak baino askoz gusturago. Ez dut esango Madariagakoa idazle apartekoa denik ez dut hemen esango, baina autobiografia bat idazteko bi gauzetako bat bat badu behintzat: zer kontatua. Eta forma aldetik ere, kasu, ez da ahuntzaren eztula, atseginez baita irakurtzen hain era pertsonalean kontatuta dagoena.

ETAren sortzaile (eta jarraitzaile) izan den aitzakian, lerroz lerro eraman nau abentura-liburu onenetan bezala hegan, leku, pertsona eta gertaera garrantzizkoetan katramilatuta. Gure herriaren zorion eta zorigaitzak gardenago jarri dizkit agerian eta baita neure gaztaroko gertaera asko ulertzeko giltzak eman ere…  Besteak beste.

Bere bizitza sinesgaitzaren aitortza handi bat dagi Madariagakoak liburuan eta horretan oinarriturik egin nion galdeketa EUSKALDUNAK saiorako. Haren ibilera harrigarriak izan genituen mitzagai, batez ere. Baina kazetari kaxkarra izaki, lizarrak ezin eman sagarrik eta ahaztu egin zitzaidan funtsesko galdera, esate baterako, Meliton Manzanasen hilketan oso bertan ibili zela onartu zuenean. Edota kontatzen duenean berrogeita hamarren bat kaputxaturen ETAren bileretako batean, (seigarrenean preseski), baten batek esan zuela:

– Gure artean traidore bat dago.

Julen Madariagakoak txanoa kendu, zutitu eta erantzun zuen:

– Bai, neu nauzue hori!

Ez nuen erreflexurik ukan, eta damu naiz orain, galdera egin gabe geratu zen, domaia da. Hurrengoan beharko du, aukerarik baldin bada.

Eta beldurra? Non gordetzen zenuen beldurra?

 

 

 

egiari zor, Julen Madariaga, liburuak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude