Patata tortillari deitura aldatzen
Patata tortillari deitura aldatzen –
Betidanik “española” esaten entzun ohi dugun patata tortillari deitura aldatzeko garaia iritsi da. Izan ere, bere lehen aipamena egiten duen dokumentua nafarra da eta aurten 200 urte bete berri ditu.
Dokumentu hori, nekazarien ordezkari batek 1817an Nafar Gorteei zuzendutako eskari bat da, eta bertan deskribatzen den nekazarien bizimodu petrala adierazteko, besteak beste egunean zehar zer otordu egiten dituzten kontatzen da xehetasun handiz. Afariaz diharduela ageri da zorioneko aipamena: “ … bi edo hiru arrautza tortillan bost edo sei laguntzentzat, gure emakumeek arrautza gutxirekin tortilla handi eta lodiak egiten dakitelako, patatak, otapurrak eta beste zenbait gauza nahastuta”.
(‘’…dos o tres huevos en tortila para cinco o seis, porque nuestras mujeres la saben hacer grande y gorda con pocos huevos, mezclando patatas, atapurres de pan u otra cosa.”).
Patata tortillaren nafar jatorria baieztatu ez ezik, dokumentuak “atapurres de pan” esamoldea ahanzturaren eremutik ateratzeko ere balio du. Bonaparteren mapak Iruñerri osoa euskal eremuan sartu baino 60 urte lehenagoko albiste honen protagonistak euskaldunak ziren eta “atapurres” esaten zieten otapurrei haien erdara traketsean. Ondo legoke aprobetxatzea, gaur orokorra den “migas” ordezkatzeko nafar ostalaritzaren hiztegian.
Ikusten denez, deskribapena nahiko irekia da eta sormenerako bidea ematen du, arrautza, patata eta otapurrekin batera, garaiko nekazari etxe txiro batean egon zitekeen edozer erants dakiokeelako: Tipula, baratxuria, piperra, beste edozein barazki, esnea, ardoa,… Erronka kitzikagarria, hainbeste elementu era egoki eta gustagarrian nahasten asmatzea.
Patata tortillaren nafartasuna aldarrikatzeko eta errezeta zaharraren araberako proposamen berriak plazaratzeko, Nafar Tortillaren I. Eguna ospatuko da Iruñean, Abenduaren 17an, igandez. Parte hartzeko baldintzak eta xehetasunak honako helbide honetan aurki daitezke: www.kukubat.eus.
Bertan egingo den patata tortilla lehiaketan Iruñetik kanpoko jendeak ere parte hartu ahal izan dezan, Iruñeko hiru peñak (Muthiko, Txarko eta Donibanek hain zuzen), haien egoitzetan hainbat su erabiltzeko baimena eman digute. Beraz apunta zaitezte lehenbailehen Iruñeaz kanpo bizi zaretenak ere. Ea nork asmatzen duen nafar tortillarik goxoena egiten.
Zoritxarrez gaurko nafar gehienek espainiartzat dute bere burua, beraz beldur naiz berdin diela española edo nafarra deitzea eta lasai asko geldituko lirateke (Izquierda Unidakoak adibidez)” euskalduna” esaten ez zaion bitartean.
Zoritxarrez patata tortillaren lehen aipamena Villanueva de la Serena Extremaduran kokatu da hor ageritakoa baina urte aski lehenago, XVIII mendean. Beraz, patata tortillari “espainiar tortilla” deitzea kakazaharra litzateke. Frankistak horretan saiatu ziren baina Jainkoari eskerrak inork edo inork gutxik egin zien kaso.
Arrazoi duzu gauza batean: Villanueva de la Serenako aipamena, Nafarroakoa baino zaharragoa da. Baina ez du ezertarako balio bertan deskribatzen dena ez delako patata tortila. Besteak beste, arrautzarik gabe egina delako. Hori bai, errezetaren testua ezkutatuta bere aipamenak behin eta berriz medioetan eginez iruzur galanta montatu dute. Xehetasun gehiago izan nahi baduzu, http://www.kukubat.eus helbidean aurkituko duzu gorabehera horien inguruko informazio osoa.
Eskerrik asko Hartsuaga zure datuengatik.
Espainolistak nekaezinak dira bere apropiazo lan horretan. Nik wikira jo nuen zuzenean baina zuk argitu didazu egia: espainolek ez dutela ezta inondik ere nafar-euskal jatorririk eman nahi patata tortilla apalari. Eta horregatik ari dira nonnahi beste aipamen baten bilaketan.
Bukatzeko:
Gora euskal tortilla!
Patata arraultz-opila izendatzeaz nahikoa da.
Iparraldeko bizilaguna gonbidatu nuen afaltzera, duela ez asko, eta berarentzat “exotikoa” (eta niretzat erraza) izango zen zerbait eskaintzeko asmoz, zer eta patata tortilla egitea otu zitzaidan. Ikusi orduko, “voialá la vraie omelette basque!” esan zuen. Ez dakit ezeren frogagarri den, baina…