Oteizaren postala

Oteizaren postala –

Dantzan atariko Argiaren itzala, Argia dantzari taldearen lan-moduak eta ekarpenak ezagutzera emateko, Juan Antonio Urbeltzi egindako elkarrizketa sorta bat da, eta bosgarren atala da “Oteizaren postala”. Gainontzekoak irakurtzeko, jo www.dantzan.eus atarira.

Oteizaren postala
Argazkia: Jose Roldan Bidaburu, 1922

Estreinalditik egun batzuetara Jorge Oteizaren postal bat heldu zitzaidan etxera. Zera zioen: “Garaipen jauziak, 1869eko urte honetan”. Ez dakit nahi gabeko edo nahita egindako akatsa izan ote zen Axuri-beltzaren estreinaldia 100 urte lehenago kokatzea. Agian berreskurapen lanaren funtsa horren sakona iruditu zitzaion, estreinaldiaren data mende bat lehenago kokatu baitzuen.

Donostia, 1969ko maiatzaren 4a. Victoria Eugenia Antzokia jendez lepo bete da Argia dantzari taldeak birsortu duen Axuri-beltza, Jaurrietako neska-dantza berriaren estreinaldia ikusteko. Bertan dira, besteak beste, Ez Dok Amairuko kide asko, eta baita Jorge Oteiza bera ere.

Oteizak behin baino gehiagotan aitortu zigun gai hauei buruz ez zietela deus azaldu gazte garaian baina aberastasun ikaragarrikoak iruditzen zitzaizkiola. Sinbologia kontuak ulertzen zituen. Berandu heldu zen dantzaren mundura. Izan ere, gurekin heldu zen, Argiarekin.

Oteiza errusiar iraultzaren zirrarek markatutako pertsona zen eta beraz, zaila zen bukatu gabeko folklorea bezalako jakintza esparru baten ikerketan has zedin; baina beti izan zuen Argiaren lana bereziki gogoko. Era berean, Jorge Oteiza maisu eta pizgarri handia izan zen guretzat. Oteizaren lana traszendentzia handikoa izan zen, bere eduki ez bakarrik metafisiko, baita prefilosofikoarengatik ere. Kutxa metafisikoak gure pilotalekuekin uztartzea, jenialtasun itzela izan zen, baina gainontzeko artistek ez zuten gaitasun bera. Guretako ere, herri kulturarena mundu tranzendentea zen, landu eta zaindu beharrekoa.

Donostia, 1994. Juan Antonio Urbeltzek Bailar el caos, dantzen atzean gordetzen diren sinboloak deszifratzen saiatzen den liburua karrikaratu berri du. Jorge Oteizari ale bat bidali dio, irakurri eta bere iritzia eman diezaion. Hortik gutxira, Oteizaren gutun bat jaso du Juan Antoniok etxean: Zure liburua bikaina da. Oraindik ezin izan dut irakurri!

Oteizaren postala
Juan Antonio Urbeltz, Jorge Oteiza eta Joxe Angel Irigarai. Argazkia: Beñat Urbeltz

Jorge horrelakoa zen, baina bestetik, gure pentsamendu lerroarekiko konfidantza osoa ere adierazten zuten bere hitzek. Lehenago ere utziak nizkion zenbait liburu, adibidez Mircea Eliaderen Txamanismoa eta estasiaren teknika arkaikoak. Une hartan Oteizak historiaurrea eta Lascaux, Santimamiñe eta Ekaingo zaldikoak baizik ez zituen buruan. Liburua asko interesatu zitzaion. Ni txalapartari buruz ari nintzen ikertzen eta orduan ulertu nuen tresna haren zentzua; zaldiaren lauhazka imitatuz, hildakoaren arima mundu batetik bestera laguntzeko balio zuen danbor sakratua. Jorge horrelako gauzekin zoratu egiten zen eta ohar interesgarriak egin zizkidan liburuaren aldeetan.

Dantzaren eta bere sinboloen mundura hurbiltzen hasi da Jorge Oteiza. Sentsibilitate berezia du herri adierazpenen alde. Esaterako, gauzatu ahal izango ez duen proiektua izanen da tradiziozko arte guztiak batuko dituen antzerki konposatua plantan ematea.

XIX. mendean Txekiako herriak Austriako enperadoreari Opera Nazional baten eskaera egin zion, eta Oteizaren asmoa horren baliokidea izan zitekeen. Asmoak bere baitan hartuko zituen kondairak, jantziak, musika eta dantza tradiziozkoak… Oteizak hori egin nahi izan zuen une hartan, baina bere bidaide ginenok ez genuen behar bezalako ezagutzarik orduan. Orain aldiz, bai gauza genezakeen Jorgeren asmo hura. Izan ere, gauzatzen ari gara!

Oteizaren postala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.