Ostegunean hasiko da LABURBIRAren bederatzigaren edizioa
2012ko LABURBIRAk 30 emanaldi eskainiko ditu herriz herri, martxoaren 1etik apirilaren 2ra bitartean. Gehienak Euskal Herriko herri eta hirietan izango dira, baina Madril, Londres eta Parisen ere izango dira proiekzioak.
Saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukera izango da. Aurten aukeratutako ikus-entzunezko sorta sorpresaz beterik dator gainera:
- Alde batetik, 1961eko ‘Aberria’ eskainiko dugu. Gotzon Elortzak zuzendutako dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten digu, garaiko euskal kulturaren ikur ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik.
- Bestetik, lehen aldiz LABURBIRAn, euskaraz ez den film bat ere sartu dugu programazioan: Xoxe Diazen ‘Instalación’. Galizian eta galegoz egindako lana. Edizio honetatik aurrera, LABURBIRAk urtero eskainiko du egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren batean sortutako lan bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera.
Bi horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu ditugu programazioan: Joseba Uberuagaren ‘Izena duena’ 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren ‘Ohe azpiko zera’, gerra zibilean girotutako istorioa.
Beste lau lanak Maialen Sarasuaren ‘Hemen nago’, Jon Garañoren ‘Urrezko eraztuna’, Gregorio Muroren ‘Zeinek gehiago iraun’ eta Revolta Permanent taldearen ‘Kantuka’ bideoklipa izango dira. Azken hori Topaguneak sustatzen duen Izarren Distira kultur programaren barruan ekoitzi da.
Bistan denez, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak. Filmen sinopsiak eta emanaldi egutegia hemen aurki daitezke.