Orreagako gudu-lekua zehaztu nahian
Orreagako gudu-lekua zehaztu nahian –
Betidanik erakarri nau baskoiek 778ko agorrilaren 15ean Xarlomanen gibel-armada suntsitu zuteneko oihartzunak. Horregatik, Kanaldudek plazaratu bideoa ikusi nuenean, berehala erosi eta ikusi nuen. Film dokumentala da eta izenburu luzea du: “Orreaga 778. Euskal Herriko ixtoriorik zaharrena, lehen aldikotz, euskaldunek kondaturik”
Titulu luzea eta erakargarria.
Dokumental honetan, ikertzaileek teoria bat aurkezten digute gertakarien lekuaz eta zergatiez. Zentzuzko argudioak azaltzen dizkigute eta horien bidez, leku zehatz bat seinalatzen digute: Lepoeder.
Ikertzaileak Garazi eskualdekoak dira eta aitortzen dutenez, ez dira adituak, baina bai bertako semeak, bertako legendak, istorioak, lekuak eta toponimi izenak ezagutzen dituztenak. Hori bera da beraien abantaila horrelako teoria bati ekiteko unean. Talde horretan dabiltza Eñaut Etxamendi kantari eta idazle ezterenzubitarra eta Basil Ibañez Eiheralarrekoa.
Bideoan zehar Antton Kurutxarri historialari baigorriarra eta Anjel Aitzinburu bertsolari luzaidarra mintzo zaizkigu historiaren nondik norakoak kontatuz eta eskualdeko eraikin eta tokien berri emanez. Kurutxarrik oroitarazten digu Pierre Narbaitzek 1978an biziki liburu interesgarria plazaratu zuela: “Orria ou la bataille de Ronceveau” eta liburu hori izan dela askorentzat lehen iturri eta abiapuntua.
1.- Historiaren nondik norakoak
Antton Kurutxarrik ongixko azaltzen du Kristoren aurreko I. mendean erromatarrek bide luze bat egin zutela Akitaniatik Tarraconensisera joateko, Nafarroa Behereko mendietatik barna pasatzen zena. Bide honek Burdigala (Bordele) eta Asturica (Astorga) hiriak lotzen zituen eta Via Romana deitzen zitzaion. Bide horretan gertatu zen zehazki 778ko agorrilaren 15eko gatazka.
Xarloman, Karlandi edo Karlomagno frankoen erresumako enperadorea zen, Xarles Martel-en akaziakoa. Haren erresuma giristino eta germanikoa zen. Garai hartan Saxonia konkistatu berria zuen. Inperioaren hegoaldean, hau da, Pirineoz bestaldean, Kordobako emirerri omeiarra zegoen. Bi inperioen artean baskoiak ziren, Iruñearen inguruan antolaturik, eta hiru familia handiren agindupean: belaskotarrak, hariztarrak eta banu-kassitarrak. Belaskotarrak Xarlomanekin ongi moldatzen ziren baina ez horrela, beste bi familiak.
Kontatzen denez, 777. urtean, Xarlomanek, Saxonia konkistatu berrian zegoela, Bartzelonatik iritsitako enbaxada bat hartu zuen haren gortean. Bartzelona, garai hartan, musulmana zen. Bertako agintariak musulmanak ziren, baina ez arabiarrak, eta Kordobako emirrarekin lotzen zituen mendeko uztarria hautsi nahi zuten. Hori dela eta, Suleiman agintari bartzelonatarrak penintsulan sartzeko eskatu zion Xarlomani. Penintsulan sartzean Suleimanek bat egin beharzuen Xalomanen armadarekin Zaragoza hartzeko eta Kordobako emirraren soldaduak eskualde zabal horretatik igortzeko.
Xarlomanek Suleimanen proposamena onartu zuen eta 778an armada handi bat bidali zuen penintsulara. Bere agindupeko armadak Nafarroa Beherea zeharkatu zuen Via Romanatik igarota eta Nafarroa Garaiko lehen ibarretara sartu zen. Bigarren armada bat Perpiñanetik pasatu zen. Frankoen asmoa Suleimanen tropekin biltzea eta Zaragoza hartzea zen.
Ibañetatik Iruñera pasatu ziren eta bertan goarnizio bat utzi ondoren, Zaragoza aldera jarraitu zuen, bidean topatzen zituen herri guztiak arpilatuz eta baloreko guztiak ebatsiz. Zaragozako agintariak, Kordobako emirraren mendeko eta aldeko izaki, ez zizkien hiriko ateak zabaldu, eta orduan, frankoek hiria hesitu zuten. Badirudi hesitzeak luze jo zuela eta horretan ari zela, Xarlomanek Akisgran-go gortetik premiazko gutun bat jaso zuela. Gutunean Saxonia iratzartzen eta matxinatzen ari zela esaten zioten. Hori dela eta, Zaragoza itotzen zuen hesitzea bertan behera utzi eta gibelera, bere inperiora itzultzeko agindua eman zuen.
Bere erresumara itzultzeko Via Romana hartu beharra zeukan, eta horrela egin zuen. Iruñetik berriz pasatzerakoan, harresiak birrindu, herria bipildu eta herritarrak sarraskitu zituen. Iruñeko hainbat gaztek hiri nagusitik ihes eta bortuetako euskaldunei gertatutakoaren berri eman zieten. Eskualdeko baskoiak Via Romanaren gaineko gailurretan bildu eta mendekatzeko prestatu ziren. Xarlomanen armadak inolako arazorik gabe egin zuen aurrera, baina gibelaldean zihoan erretagoardia kondenaturik zegoen. Bertan enperadorearen iloba zen Errolan zalduna zihoan, beste aitor-seme ainitzekin batera, baita Turpin apezpikua ere, beraiekin, karroetan, penintsulan ostuz egindako altxorra zeramaten. Orreaga eta Garaziren artean, zehatzago esanik, Ibañeta eta Leizartekaren artean, hango mendietako baskoiek Xarlomanen erretagoardia suntsitu zuten.
2.- Eginhard fraidearen testigantza
Xarlomanen garaikide izan zen Eginhard fraideak “Caroli Magni” izeneko liburuan enperadorearen bizitza eta ibilerak kontatu zituen. Liburua latinez idatzi zuen eta Aita Marzel Etxandik euskarara itzulirik, Garaziko ikertzaileek ezagutu ahal izan zituzten fraideak aipatu liburuan idatzi zituen aipamen eta deskribapenak.
Eginhardek garbi esaten du baskoiak izan zirela eraso egin zutenak, eta gailur batetik harritzarrak biribilka jaurtiz, gizonak eta karroak igarotzen ari ziren lepoko bidetik erreka zulo sakon batera amildu zituztenak. Geroxeago, enperadorea hiltzean, frankoek legenda berriak asmatu zituzten, erasotzaileak giristinotasunaren etsai ziren musulmanak izan zirela zabalduz eta sinestaraziz. Prestigio kontua zen. Dena den, Eginhard fraide garaikidearen liburu horretan legenda faltsu horien aurreko egia gordina kontatzen da.
Eginhardek gatazkarekin zer ikusirik izan zuten bideak, oihanak, errekak, lepoak eta amildegiak ontsa deskribatzen ditu, beraien kokapena eta itxura ederki azalduz.
Liburu horren laguntzaz eta inguruetako artzainek gaur egun oraindik erabiltzen dituzten toponimo edo leku-izenak aztertuz, haien teoria eraiki du Garazi aldeko ikertzaile taldeak.
3.- Teoriaren funtsa
Xarlomanen erretagoardia Lepoederreko bide estutik zihoala, baskoiek, 1506 metroko goiera duen Astobizkar menditik, harritzarrak mendi beheiti, biribilka, bota zizkieten frankoen artean sekulako triskantza eraginez. Gizonak eta karroak Xangoako errekak zeharkatzen duen zulora bota zituzten eta gero menditik jaitsiz, baskoiek hilzorian ziren soldaduak kalitu eta beraiekin zeramaten altxorra bereganatu zuten.
Froga gisa, Eginhard fraidearen deskribapenez gain, honako toponimoak aurkezten dizkigute. Fraideak dioenez, Astobizkarreko goiko aldean, gailurretik gertu, dagoen oihan batetik, euskaldunak ezkutaturik, begiratzen eta erasoa prestatzen aritu omen ziren. Gaur egun, bada itxura horretako oihan bat, bertako artzainek Begirako oihana deitzen dutena. Eskuinean den iturriari Arrolanen iturria deitzen diote eta Arrolanen soropila aldamenean den soro sortari. Leku hauek guztiak Eginharden deskribapenetan azaltzen omen dira. Gainera, Xangoako zuloan, errekaren inguruetan, ba omen dira Astobizkarretik baskoiek jaurti zituzten harritzarrak.
Nire ustez, bai Xangoako zuloan, bai Lepoederren, eta baita inguruetako bazterretan ere, indusketak egin beharko lirateke, hipotesi hau baieztatu edo ezeztatu ahal izateko. Dena den, horrela eginik ere, ez dut uste gauza handirik topatuko dugunik, ziur aski baskoiek balio zuen guztia eraman baitzuten. Agian, baliteke, hezurdura batzuk topatzea eta ADN-ren froga eginez Europako Iparraldeko gizonenak direla frogatu ahal izatea. Nork daki. Denborarekin indusketak eginen dituztelakoan nago.
Nik lerro hauetatik bideoa egin dutenak zoriondu nahi ditut, eta baita, nola ez, horrelako hipotesi ausarta plazaratu duten ikertzaile adoretsuak ere, Orreagako gatazkaren inguruko gai historikoari bultzada handia egiteaz gain, ur berria ekarri baitute gure historiaren eiherara.
4.- Orreagako gudua euskal literaturan
1834an M. Garai de Monglave baionarrak Altabizkarko kantua izeneko poema epikoa idatzi zuenetik ainitz izan dira gai honen inguruan egin diren olerki, kantu eta narrazioak. Benito Lertxundi kantari oriotarrak famatu egin zuen kantu hau musikatu eta bere disko batean plazaratu zuenean.
Horra hor:
I
Oihu bat aditua izan da
Eskualdunen mendien artetik,
eta etxeko jaunak bere atearen aitzinean xutik,
ideki tu beharriak eta erran du:
Nor da hor? Zer nahi daute?
Eta xakurra, bere nausiaren oinetan lo zegoena
altxatu da eta karrasiz
Altabizkarren inguruak bete ditu.
II
Ibañetaren lepoan harrabots
bat agertzen da, hurbiltzen da,
arrokak ezker eta eskuin jotzen dituelarik;
hori da urrundik heldu den armada baten burrunba.
Mendien kopetetarik guriek errespuesta eman diote;
berek duten seinua adierazi dute,
ta etxeko jaunak bere dardak zorrozten tu.
III
Heldu dira! Heldu dira! Zer lantzazko sasia!
Nola zernahi kolorezko banderak
heien erdian agertzen diren!
Zer zimiztak atheratzen diren heien armetarik! (bis)
Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi!
Bat, biga, hirur, laur, bortz, sei, zazpi, zortzi, bederatzi
hamar, hameka, hamabi, hamairur, hamalaur, hamabortz, hamasei,
hamazazpi, hemezortzi, hemeretzi, hogoi.
IV
Hogoi eta milaka oraino
Heien kontatzea denboraren galtzea liteke.
Hurbil ditzagun gure beso zailak,
errotik athera ditzagun arroka horiek.
Bota dezagun mendiaren patarra behera.
Heien buruen gaineraino;
leher ditzagun, herioz jo ditzagun.
V
Zer nahi zuten gure mendietarik
Norteko gizon horiek?
Zertako jin dira guro bakearen nahastera?
Jinkoak mendiak egin dituanean,
gizonek ez pasatzea nahi izan du.
Bainan arrokak biribilkolika erortzen dira,
tropak lehertzen dituzte.
Odola xurrutan badoa, haragi puskak dardaran daude.
Oh! Zenbat hezur karraskatuak! Zer odolezko itsasoa
VI
Eskapa! Eskapa! Indar eta zaldi dituzuenak.
Eskapa hadi, Karlomano errege, hiru luma
beltzekin ata hire kapa gorriarekin;
hire hiloba maitea, Errolan zangarra, hantxet hila dago;
bere zangartasuna beretzako ez du izan.
Eta orain, Euskaldunak, utz ditzagun arroka horiek.
Jauts giten fite, igor ditzaugun gure dardak
eskapatzen direnen kontra.
VII
Badoazi! Badoazi! Non da bada lantzazko sasi hura?
Non dira heien erdian ageri ziren zernahi
kolorezko bandera hek.
Ez da gehiago zimiztarik ateratzen heien
arma odolez betetarik. (bis)
Zenbat dira? Haurra, kontatzak ongi.
Hogoi, hemeretzi, hemezortzi, hamazazpi, hamasei, hamabortz,
hamalaur, hamairur, hamabi, hameka, hamar, bederatzi,
zortzi, zazpi, sei, bortz, laur, hirur, biga, bat.
VIII
Bat! Ez da bihirik agertzen gehiago.
Akabo da. Etxeko jauna, joaiten ahal zira zure xakurrarekin.
Zure emaztearen eta zure haurren besarkatzera.
Zure darden garbitzera ata altxatzera, zure turutakin
eta gero heien gainean etzatera eta lo itera
Gabaz, arranoak joanen dira haragi puska lehertu horien jatera.
Eta hezur horiek oro xurituko dira eternitatean.
Geroztik famatuak izan dira gure artean, Jan Battitt Daskonagerrek idatzitako Atheka gaitzeko oihartzunak izenburuko eleberria, Piarres Larzabalek idatzi Ibañeta Junes Casenave-Harigilek idatzi eta plazaratu zuen Euskaldunak Ibañetan izeneko pastoral gogoangarria, Joxe Anjel Irigaraik idatzi Orreagako gatazka olerki bikaina edota Patxi Zabaletak idatzi Errolanen Harria titulupeko eleberri ederra.
Baina zer egokiago artikulu honekin bukatzeko Iratzederrek idatzi eta Lertxundik musikatu Orreaga izeneko olerkia baino. Horratx.
Zuhaitzetan den ederrena da oihan beltzean pagoa…
Orreagako mendi gainetan badabil euskal-gogoa:
Galernen eta gerlen artetik mendetan barna xut doa,
pagadoietan ixilik ontuz Europakoen geroa.
Zonbat gerlari, sarraskiz gose, odolez eta suz hordi,
Europatarrak zanpatu nahiz iragan denik hor gaindik!
Ibañetako mendi lepoa heitaz mintza baladi,
aipa letzazke lehen-lehenik Arrolan eta Karlandi.
Buru-gabetu, bihotzez hustu jendalde lehertuekin,
mundu guztia nahiko zuten, beren azpiko bategin.
Euskal jendeak, denengatik xut, gogor jeikitzen du jakin
mendi gain hautan, burua gora, gizonak gizon dagotzin.
Indarkeriak ezarri mugak kraskatzen hasi orduko,
Euskal gogoa noiz da jauziren arranoaren pareko?
Azpilkueta bezain kartsuko eta jakintza gaitzeko
gizon libroak noiz ote dire Orreagatik jaliko?
Zoin den pizgarri mendietarik jauzika doan xirripa…
Euskal-semeak, Aiten gogoa bihotz guziaz hurrupa!
Altxa burua, denek bat kanta: Euskal Gudua gaur aipa:
Entzunik zuen irrintzina, xutik jar dadin Europa!
Etzekia ezagutzen dekan Xabier Irujoren (azken edo) lana: ‘778: La batalla de Errozabal en su contexto histórico’ (Editorial Vasca Ekin Argitaletxea, Buenos Aires, 2018). Nik hitzaldia entzun nioan Donostian eta hipotesi interesgarria zirudian.
Prentsan irakurri diat zeredozer, baina liburua irakurri beharra zeukat.
Dena den, aipatzen duen Errozabaleko kontu hori, erromantzez Los Rozaballes (hortik gero Roncesvalles eratorria), biziki interesgarria iduritzen zaidak.
Irujoren ikerlana erreferentziazkoa da, Bittorrek adierazi bezala. Oker ez banabil, ukatu egiten du Eginhard, edo Einheardt, izan zenik Vita Caroli Magni kronikaren egilea. Gogoan izan behar dugu ere kronika karolingiarrak propaganda agiri peto-petoak direla; horrek ez du ukatzen haien balio osoa noski.
Leku izenak badira nire ustez zantzu bat, baina ez dakit zenbateraino diren fidagarriak. Errolan harriz, atekagaitzez eta antzekoez beteta dugu Euskal Herriko geografia osoa! Gerora eta kondairari lotuta sortutako izenak.
Zuk Joseba aipatzen duzun bezala ere, baskoiei egotzi zitzaien erasoa, “wasconica perfidia” aipatuz, oker ez banabil. Hor ulertzen dut baskoiei beren zabalean egozten diela errua, zehaztasun handitan sartu gabe, alegia, nafarrak ere izan zitezkeela, Dukerriko baskoiez aparte.