Orain euskal salgaien fetitxismoa
Orain euskal salgaien fetitxismoa –
Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.
Ohiko erakusketa batek baino oihartzun mediatiko handiagoa izan zuen Tabakaleran urri amaieran inauguratu zuten Orain diseinua! Euskadi eta industria-k. Segur aski, ezohiko arreta hori zor zaio egun hartan Donostiako kultura garaikideko zentroan agertu ziren ordezkari politikoei edo, konkretuagoak izateko, agintariek zapaltzen dituzten baldosak musukatzeko joera duten Euskal Erdiko hedabide nagusiei: egun hartan gauza “kultural” batez tartar egitea tokatu zitzaien, beste batzuetan hegaluzearen asteaz hitz egiten dute.
Irakurlea ohartuko zen komatxo artean idatzi dugula “kultural” hitza. Izan ere, inpresioa daukat Orain diseinua!-k interesen bat baldin badu, ez dela erakusketa bera, eraiki nahi duen narratiba baizik: euskal industria zein garrantzitsua den aldarrikatu nahi da beste behin ere, baina oraingo honetan, inpaktu ekonomikoarekin lotutako datuak erabili beharrean, beste legitimazio-bide batzuk bilatzen dira. Diskurtsoak dio ikus daitezkeen objektuak, daukaten “diseinu bikainagatik gure kultura, industria eta ekonomia garaikidearen adibide” direla. “Ekoizpen hori ezagutzeak eta aztertzeak harremanak sortzen ditu orainaldian eta, horrez gain, enpresaren, produktuaren, herritartasunaren eta kulturaren arteko lotura berriak proposatzeko aukera ematen digu”.
Salgaien fetitxismoa, euskal abizenekin: produktuak subjektu izaerara aupatzen dira, euskal identitatea gai industrialen bitartez definitzen ahalegintzen da erakusketa, kanpoko formari garrantzia emanez, objektu bukatuari. Baina ez digu ezer askorik esaten haiek fabrikatzen lan egin zuten euskal herritarrez. Eta, espero izatekoa zen moduan, ez dugu deus jakingo prozesu horren amaieran Lambretta motoaren piezak muntatzen aritu zen beharginaren jornalaz edo nagusiak eskuratu zuen plusbalioaz. Debate etiko serio bat ere planteatzen zaio sen kritikoa etxean utzi ez duen bisitariari: erakusketaren atal bat gurean ekoiztutako armek hartzen dute. Pistolak, metralladoreak eta subfusilak objektu estetiko bihurtuta, eta tresna horiek izan dezaketen erabilerari buruzko aipamenik ez –jendea hiltzeko erremintek ere irabaziak ematen baitituzte, beraz, ez da komeni–.
Gainera, susmoa daukat erakusketa hau sinbolo bat dela EAEko erakunde publikoentzat. Tabakalera industriarantz belaunikatzeko operazioan urrats bat gehiago, argi erakutsiz zentroaren zuzendaritza aldatu zutenetik zein den hartu nahi duten norabidea: enpresarien neurrira egindako programazio kulturala.
Orain euskal salgaien fetitxismoa