Online denda, bor-bor
Online denda, bor-bor –
Landako Guneko online dendako biltegian ez dago atsedenik; badoa aurrera Durangoko Azoka.
Landako Guneko online dendako biltegian erritmo bizia dago egunotan; 24 orduz lanean dabiltza biltegiko langileak lana aurreratzeko eta paketeak eramateko. Hirugarren egunerako hainbat produktu agortu ziren jada biltegian, eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu dira Landakora produktu gehiago ekartzera, berriro ere dendan eskuragarri egon daitezen. Online denda bor-bor dagoen bitartean, Azokako egitaraua ere ez dago geldi: www.durangokoazoka.eus
Online denda, bor-bor
Durangoko Azoka azken egunera helduko da bihar, sentsazio baikorrarekin biltegian eta hainbat ikuskizunekin
,,,
- Bihar goizeko 12:00etan “Taupadaz taupaDA” ekitaldi berezia izango dugu Landako Gunean. Durangoko Azokaren leloa jarraituz, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak, Miren Amurizak eta Mursegok euren taupada plazaratuko dute.
Azken txanpara heltzen ari da Durangoko Azoka! Bihar izango da 55. edizioaren azken eguna, eta sentsazio baikorra bizi da online dendaren biltegian. Gaur ere eskaera kopuruak ez du behera egin eta etengabea izan da mugimendua eta kutxen joan-etorria biltegian: gaur gauez ere txanda antolatu behar izan da eskaerei aurre egin eta paketeak goizean goiz kulturzaleengana bidaltzeko. Halaber, egunean zehar ere hainbat argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle gerturatu dira Landakora produktu gehiagora ekartzera, biltegian agortuta zeudelako.
Bihar azken erosketak egiteko aukera egongo da gaueko 12ak arte. Bitartean, egunean zehar hamaika ikuskizun egongo dira Landako Gunean eta Plateruenan. Goizeko ekitaldirik bereziena 12:00etan izango da, “Taupadaz TaupaDA!”. 55. Durangoko Azokaren leloa eta mezuari jarraituz, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak eta Miren Amurizak bakarrizketa eta hausnarketa ezberdinak plazaratuko dituzte, bakoitzak beretik eta bere eginez mezua. Hiruren hausnarketak musikarekin harilkatuko ditu Maite Arroitajauregi “Mursego”musikariak.
Horrez gain, egunero bezala, familiei begirako aurkezpenak egongo dira: “Liburu babby kluba”, “Miru, zoriontsu izateko sortu gara” eta Eider Eibar ilustratzaileak sortutako “Kokojokoak”. Literatur solasaldietan, besteak beste, honako sortzaileak izango ditugu: Kattalin Miner, Pako Sudupe, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte, Amaia Astobiza, Juan Kruz Igerabide… Ganbila antzerki bildumako azken hiru argitalpenak ere aurkeztuko dira.
Plateruenan, bere aldetik, 9 kontzertu egongo dira: Korrontzi & Xabier Amuriza, Haxotz, Peio eta Itsua, Silicies Grizzlies, Maria Rivero, Raitx, Kohatu, Braulio eta Pantxix Bidart. Egunero bezala, ikuskizun guztiak www.durangokoazoka.eus webgunean jarraitzeko aukera egongo da streaming bidez.
“Zu non, han DA!” egitasmoaren baitan, goizeko 12:00etan Ene Kantak egitasmoaren bigarren eta azken emanaldia izango da Bilboko Euskalduna Jauregizan. Arratsaldean, 19:00etan, Nøgen taldearen kontzertua egongo da, eta sarrerak ere agortuta. Horrez gain, beste hainbat kontzertu izango ditugu Euskal Herriko honako udalerrietan: Mihise eta Kaskezur (Donostiako Doka Kafe Antzokian); Amorante eta Moxal (Gasteizko Jimmy Jazzen); Sua (Azpeitiko Sanagustinen); eta Ezpalak (Ondarroako Beikozinin).