Gu, supremazisten konplizeok

Gu, supremazisten konplizeok –

Hispanitatearen eguna igaro berri den honetan, berriz ere ikusi ahal izan ditugu espainolen supremazismoaren hainbat agerraldi, han-hemenka. Eta, horien artean, niri bereziki deigarri egin zait Mario Vargas Llosaren “La lengua oculta” izeneko artikulua, El País egunkarian irakurgai.

Bertan, Espainia Estatuko hizkuntzen arteko harremanari dagokionez, diskurtsorik ultraeskuindarrena egin du idazle latinoamerikarrak, hizkuntza hegemonikoa den gaztelania Estatuko hizkuntza gutxituek mehatxaturik agertuta. Logika historikoak betitik agerian utzi izan duena hankaz gora irauli eta errealitatea iruntzietara agertu digu supremazista perutarrak, zapaltzailea zanpatu bihurtuta, hegemonikoa gutxitu. Eta diskurtso zital horrek, logikoa denez, zeresana eman du sare sozialetan; Twitterren, behintzat.

Gu, supremazisten konplizeokArtikuluari egin zaizkion kritika eta kontra-argudio asko euskaraz irakurri ahal izan ditugu, baina beste asko gaztelaniaz ere bai. Normala deritzot, euskaraz jakin ezik, gaztelaniaz egiteari, baina hainbat euskaldunek Vargas Llosaren zakarkeriei erdaraz aurre egin izanak, atzera ere, aztoratu egin nau, eta askotan neure buruari egiten diodan galdera gogora ekarri: ez al gara gu, euskaldunok, erdal supremazisten konplize?

Izan ere, aspaldion, hainbat eta hainbat izaten dira, Twiterren-eta, erdaraz irakur daitezkeen euskaldunen txio eta iruzkinak. Eta horietatik mingarrienak euskaltzaletzat (abertzale, naziozale…) jotzen ditudanenak izaten dira. Gero eta eramangaitzagoa egiten zait euskararen aldeko erdarazko aldarrikapen eta erretolikak entzutea euskaldunen ahotik, euskaldunek sinatutako gero eta txio, ohar eta artikulu gehiago irakurtzea. Eta, halakoen artean, politikariek behar lukete eredu izan.

Bada garaia, izan ere, koherentzia izan dezaten gure ordezkari politikoek. Ez dut ulertzen EAJk eta EHBilduk, biek ala biek, zergatik komunikatu (txioak, prentsa-oharrak…) behar duten gaztelaniaz nagusiki, edota elebidun, baita Euskaraldian zehar ere, baldin eta Euskal Herriaren, Euskararen Herriaren aldeko ordezkariak badira. Ez dut ulertzen nolatan egin dezaketen erdaraz mass-medien aurrean, esaterako, Iñigo Urkulluk eta Maddalen Iriartek euren arteko ezbai politikoetan. Ez dut ulertzen, baldin eta inoizko Legebiltzarrik naziozaleena baldin badugu Gasteizen, zergatik egiten den bertan erdara gehiago euskara baino. Eta, politikariez harago, ez dut ulertzen, Euskararen Legearen berrogeitaka urteren bueltan, zergatik ez den euskara lehenesten, edo aukera bakartzat ematen, hainbat eta hainbat euskaldun euskaltzale/naziozaleren jardunetan, beren-beregi, beraiek eredu izan behar luketenean.

Beti aritzen gara kritikatzen erdara inposatzen digutela, ez digutela euskaraz bizitzen uzten, eta, aldi berean, uko egiten diogu gure hizkuntzan aritzeari. Eta GU plural maiestatikoa darabilt, politikari ez-eredugarriak jopuntuan jarri arren, irudipena dudalako euskaldun anonimo arrunton artean ere askotxo garela (zaretela, direla) horrela jokatzen dugunak. Ez uste, supremazisten konplize hori?

Gu, supremazisten konplizeok

B E S T E N I A

3 pentsamendu “Gu, supremazisten konplizeok”-ri buruz

  • Aupa Mario… “… a quien arrancarle la lengua sería arrancarle el alma…” diozunean ukitu nauzu …

  • Nik esango nuke “euskal” klase politiko autoizendatuta ez dela soilik supremazismoaren konplize, artikuluak ondo adierazten duen bezala, baizik eta inperialismoaren parte ere badira. 2010eko uztailaren 22an epaian NBEk berak babestutako independentziarako aldebakarreko adierazpena aktibatu ordez, gure lurraldeek okupatuta dituzten Estatu inperialistaren aurrekontuak onartzen eta bultzatzen dituzte.
    “Euskal” klase politiko hori benetako oztopoa da kendutako askatasuna berreskuratzeko bidean.
    http://www.orreaganep.net/artikuluak/ee-bildu-ezerezera-bidaia/

  • Zure asmoarekin bat egiten dut guztiz, baina gauza garrantzitsu bat kontuan hartzea beharrezkoa da. Hizkuntza identitatearen zutabe bat ez ezik, komunikaziorako tresna bat da.
    Gure mezua nori heltzea nahi dugun, horren arabera aukeratu behar dugu hizkuntza, hizkera, modua, bitartekoa eta abar.
    Euskaldunon artean erderaz aritzeak ez dauka zentzurik euskaltzale gareneon aldetik.
    Ez-euskaldunak tartean egon baina mezua haiei ez iristea ardura ez digunean ere euskaraz aritu beharko genuke. Zer diogun interesa badute ikas dezatela euskara.
    Baina gure mezua ez-euskaldunei iristeko interesa geurea den kasuan haiek ulertuko duten hizkuntza batean zuzendu behar gatzaizkie. Kasu hontan, beti ere aipatutako sailkapena ondo egin badugu, horrela jardutea ez da kontraesana gustuko izan ala ez geure helburua betetzeko ezinbesteko jokabidea baizik.