Oletako irri-bertsoak
Oletako irri-bertsoak –
Besta eta parranda zalea izan naizela, eta gaur egun, nire 67 urterekin, martxa ttikiagoan, baina betiko ildotik jarraitzen dudala aitortu behar dizuet. Behin bizi eta horietatik urrun ibiltzea ez zait bat ere zuzena iruditzen. Ibilbide luze horretan denetarik ikusi dut, baina oraingo honetan irri kantu edo bertsoekin loturik ikusi ditudanak kontatuko dizkizuet. Tarteka, niri eta zuei ere, ziur aski, parranda zurrunbilo batean murgilduta nabilela, izkina batean kantari ari diren mutil edo neska koadrila bat ikusi, zenbait hitz lizun entzun, beraiengana hurbildu eta kasualitateaz, haiengana iritsi orduko, kantua bukatu da. Kantuaz galdetu eta erantzun sinesgarririk ez.
Horrelakoak entzun ditut Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan, eta beti gauza bera gertatu zait, hurbildu orduko akabo! Gainerako euskal herrialdeetan antzeko samarra izanen delakoan nauzue. Kontu bera gertatzen da, kantuan ari den mutil taldera neska bat hurbiltzean, edo neska taldea bada, mutil bat hurbiltzean. Denborarekin, konturatu naiz, irri kantu edo bertsotan ari direla, eta horrelakoak badirela gure geografia luze-zabal osoan. Batzuk famatuak dira eta zabalduta daude, baina gehien-gehienak tokian tokikoak dira, eta bertakoek bakarrik ezagutzen eta kantatzen dituzte. Hori bai, beti bazter batean, koadrila ttikitan eta konplizitate handiz. Algarak eta barreak izaten dira, parte hartzaileen artean, eta normalean, muturra berotuta izaten dute horiek kantatzen dituztenean.
Ni Lapurdiko Urruña herrian bizi naiz, eta parrandetako ordu ttikietan, zirkulu ttikietan, “Piper eta tomate” izeneko kantu bat entzun izan dut beti. Hurrengo egunean bezperan kantari ari zen batengana hurbildu, letra eskatu, eta kantu itsusia zela erranez, beti ukatu egin didate. Azkenean, zirkulu itxi horietan ohikoa ikusi nautenean, kantuaren lehen bertsoak ikasi ahal izan ditut, horiek izaten baitira gehienetan kantatzen dituztenak. Batzuek lehen bertso gehiago bazirela erran didate, baina tamalez, ez ditut oraino atzeman.
Irri-kantu honek, mota honetako kantu gehienen antzera, baditu hainbat bertso edo kobla, eta errepika edo lelo bat, bertsoen artean kantatzen dena. Bertsoen ildoa laborarien Oleta auzoan kokatzen da, eta neska batzuen berri ematen digu. Maria Motza eta Mottela dira, zehatz-mehatz, aipatzen diren ezizenak. Bordela montatu zutela Oletan diote. Ez dut uste hori erraiteko zehazkizun historikorik dagoenik, eta barrea sortarazteko aipamena dela erranen nuke nik. Baina berdin da, egia ala irudimena, gauza da bertso hauek beti entzuten direla Oletan, eta Urruñako beste auzoetan, hori bai, beti mutil lagunen giroan, gaueko ordu ttikietan, eta hurbilean neskarik ez denean.
Badakit hau irakurtzen duten batzuentzat bertso hauek txarrak eta infernuko garretara jaurtitzeko modukoak izanen direla, ez baitute tokirik gaurko gizarte modernoan (urbanoan, batez ere), eta gaurko arau sozialen aurkakoak direlako, baina gauza batek ez du bestea kentzen, eta Euskal Herriko leku askotan, bai mutilak, eta bai neskak, horrelako kantuetan aritzen dira parrandak horrela ahalbidetzen dienean; eta gainera, askotan, bai batzuek eta bai besteek kantu bera abesten dute, hori bai, pertsonaien sexua aldatuta, prefosta!
Baina utz dezagun hitz aspertua eta ikus dezagun zer-nolako gertaera (egiazkoa edo balizkoa) kontatzen digute urruñar mutilek “Piper eta tomate” izeneko irri-bertsoetan. Auskalo noizkoak diren eta nor den egilea.
,,,
1.- Hamabi, hamahiru,
hamalau urtetan,
kontsiduarik ez dela
oraingo nesketan.
Errepika.- Piper eta tomate,
tipula dut kalte,
barneko xixariek
atakatzen naute.
2.- Batto zen Maria Motza,
bestia Mottela.
haiek montatu zuten
Oletan bordela.
Errepika.- Piper eta tomate,
tipula dut kalte,
barneko xixariek
atakatzen naute.
3.- Nik ikusia dut
neure begiekin
neska ttiki-ttikia
titi haundiekin.
Errepika.- Piper eta tomate,
tipula dut kalte,
barneko xixariek
atakatzen naute.