Olatu Talka bidez Donostiako puntu kritikoak eraldatzen

Olatu Talka bidez Donostiako puntu kritikoak eraldatzenOlatu Talka bidez Donostiako puntu kritikoak eraldatzen

2015eko jaialdiaren ardatzetako bat “gune ezkutuak ezagutzea” izan zen, eta 2016koan hiria eraldatzen herritarrek protagonista izateko duten gaitasunean sakonduko du Olatu Talkak.

Herritarrek badute zer esan eta zer egin ingurunearen garapenean, eta Olatu Talkaren bidez tresnak sortzen saiatuko gara, sormenaren eta auzolanaren bidez hiriko arazoei aurre egiteko. Hori aintzat hartuta, berritasun nabarmena dakar aurten jaialdiak: hiriko hainbat puntu kritiko eraldatuko ditu.

Puntu kritikoen mapa 2015ean aurkeztu zuten, Berdintasun eta Partaidetza sailek herritarrekin eta hiriko eragileekin elkarlanean landu ondoren. 41 puntu identifikatu zituzten eta, aurten, Olatu Talkaren bidez, herritarrek hainbat espaziotan esku hartuko dute, hala nola: Iztueta kaleko ingurunean, Loiolaren eta Loiolako Erriberen arteko bariantearen azpialdean, Morlanseko eraikin berrien etxabeheetan…

Interbentzio horietan herritarrek inoiz baino protagonismo handiagoa izango dute. Hiria eraldatzen ahaldunduko dira. Landatuz, eraikiz, birziklatuz, argiztatuz, berrerabiliz, konponduz, babestuz, irekiz, zainduz, askatuz… Denen artean hiri hobe, seguru, lagunkoi, irisgarri, anitz eta dibertigarriagoa egitea da asmoa.

.

Brigadak

2016an parte hartze eta hiria egite kontzeptu horiek bereziki indartzea proposatzen dugu, jaialdiaren prozesua bera ere herritarrei ireki eta euren sormena txertatzea bideratuko duten formula berriak garatuz.

Horretarako, jaialdiaren aurretik beste deialdi batzuk egingo ditu Olatu Talkak, eta aktiboki parte hartzeko grina aintzat hartuz, proiektu zehatz bat aurkeztu ez dutenei Brigadak (hiru arlotan banatuta: artea, komunikazioa eta eraikuntza) deitu ditugunetan izen emateko aukera eskainiko die. Horren adibide dira euskarri grafikoen diseinua, egitura arinen eraikuntza eta abarri buruzko doako tailerrak, adituen gidaritzapean hiriko hainbat mikro-egoitzatan edo fabriketan eskainiko ditugunak.

Hainbat sormen espaziok, Undermount, M-Etxea, Hirikilabs (Tabakalera), Kontadores, parte hartuko dute ekimen horretan.

.

Parte hartzeko interesa dutenek euren izena emateko aukera izango dute, martxoaren 7tik aurrera, jaialdiaren webgunearen bidez (www.olatutalka.eu).

Olatu Talka bidez Donostiako puntu kritikoak eraldatzen. Olatu Talka bidez Donostiako puntu kritikoak eraldatzen. Olatu Talka bidez Donostiako puntu kritikoak eraldatzen.