Oihanederren azken txanpak musika eta zinema uztartuko ditu
Oihanederren azken txanpak musika eta zinema uztartuko ditu –
Musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak egitasmoa ekainean izango da aurten.
Bi ikus-entzunezko eta kontzertua eskainiko dira 28tik 30era bitartean: New Yorkeko punk-rock eszena, Marokoko gazte rapzaleak eta Euskal Herriko rockeroak jaialdi bakarrean.
Zikloa Laborak Kutxak babesten du, eta Filmazpit programarekin batera antolatu da.
Zortzi urteko ibilbidea eten, eta Oihaneder Euskararen Etxeko azken jarduerak izango dira honako hauek.
Kortxeak & Krispetak jaialdiaren edizio berria ospatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Uztaileko datak aurreratu eta ekainaren amaieran izango da hitzordua oraingoan, ekainaren 28tik 30era bitartean, hain zuzen ere. Zortzigarren edizio honetan bi ikus-entzunezko eta kontzertu bat eskainiko dira. Antolatutako egitaraua bideratzeko ezinbestekoa izan da Laboral Kutxaren babesa.
Ohiko egitarauari jarraituz, musika eta musikariei lotutako filmak eskainiko dira zikloarekin hasteko: ekainaren 28an, Danny Garciaren Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC filma ikusteko aukera izango da. Filma honek New Yorkeko Max’s Kansas City klub entzutetsuaren eta Punk Rockari hasiera eman zion hiriko 70eko hamarraldiko rockaren historia kontatzen du. Ekainaren 29an, berriz, Marokoko gazte rapzaleak izango dira protagonista Casablanca Beats dokumentalaren bitartez. Biak ala biak jatorrizko bertsioan emango dira, eta euskarazko azpitituluak izango dituzte, Filmazpit programarekin egindako elkarlanari esker. Dokumentalak Ortun?o aretoan emango dira, arratsaldeko 19.00etan.
Kortxeak & Krispetak jaialdiaren hirugarren egunean, ekainaren 30ean, kontzertu bikoitzaz gozatzeko aukera egongo da: Lamiak eta Liher talde ezagunek rock doinuak ekarriko dituzte Falerina lorategira arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Lamiak hirukote donostiarrak hainbat estilo jorratzen ditu rockaren barruan, stoner itxurako riffak, 90. hamarkadako distortsioa eta gaur egungo soinu modernoaren arteko nahasketak egiten baitituzte beren kontzertu eta diskoetan. Lide Hernando abeslari eta gitarristak gidatutako Liher taldeak ere rock musikaren adar ezberdinak nahasten ditu. Estilo eta soinu geroz eta pertsonalagoak garatzen joan dira azkenaldian, eta zuzeneko indartsuetan beren aurpegirik sendoena erakusten dute.
Bi talde rockero hauek bezala, Oihaneder Euskararen Etxea ere indartsu heldu da bere zortzi urteko jardunaren azken txanpara: 2014an bere ibilbideari ekin zionetik 2022ko ekainaren 30era bitartean, 66.500 erabiltzaile gerturatu dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretara. Kopuru orokor horren baitan, Kortxeak & Krispetak jaialdiak 20 film nahiz dokumental eta 13 talderen kontzertuak hartu ditu, eta 2.500 lagun inguru izan dira musika eta zinema uztartzen duen jaialdi honen edizio ezberdinez gozatu dutenak.
Horrez gain, gogoratu behar, beti bezala, azken jarduera hauek ere doakoak izango direla, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez hartu beharko direla bi filmetarako astebeteko aurrerapenaz eta ohiko bideak erabilita (ekainaren 21etik aurrera). Kontzertuaren kasuan, berriz, sarrera librea izango da Falerina lorategiko edukiera bete arte.
Oihanederren azken txanpak musika eta zinema uztartuko ditu