Odoltza
Odoltza –
Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan.
“Batzuetan neure buruari galdetzen diot zergatik itzultzen naizen behin eta berriz oholtza gainera. Zergatik egiten zaidan horren erakargarri. Zenbaitetan, sentitzen dut hara igotzetik ihesi nabilela, eta, hala ere, beti itzultzen naiz. Hara. Oholtza gainera”. Ez dira nire berbak, Oier Guillanenak baizik, Zauri Bolodia liburutik ostu dizkiodanak. Baina izan zitezkeen nireak, sinatuko nituzke. Poztu nau, liburu honek berresten duelako ez naizela ni hori sentitzen duen bakarra; are gehiago, bertsolari ez direnek ere oholtzarekiko emozio kontraesankor berdinak senti ditzaketela esan nahi du.
“Gorroto dut oholtza sufriarazten didalako, beti ez bada ere ia beti energiaz gainezka egotera derrigortzen nauelako. Jendeak nahi ez duenean ere haiekin komunikazioa bilatzera behartzen nauelako”. Guillanen orrialde osoa tatuatuko nuke bizkarrean nahiz eta ez den oso praktikoa bizkarrarena, berriro ere besteren batek irakurri beharko nindukeelako, eta ez nik. Jendea entzuteko oso prest ez zegoenetan ere kantatu behar izan dugulako, eta kantatzerik nahi ez genuenean kantatu izan dugulako jendeagatik.
Ahul sentitzen garen egunak daudelako, haserre gauden uneak, erdi gaixo, hilekoarekin edo, besterik barik, mundua mantapetik ikusi nahiko genukeen momentuak, eta horrelakoetan ere oholtza batera igo garelako eta ehunka pertsonaren begiradapean egon ordu eta erdiz, bi orduz. Ez du balio “gaur ez nator gogotsu eta utzidazue lasai” esateak. Herriko antzoki, plaza, entzule, udaletxe, agenda kultural, arratsalde oso bati tira egin behar diolako oholtza gainekoak, berdin dio zein egun daukan; egun hori agendan gordeta zeukan eta herri horren eguna da orain artistarena baino gehiago.
Guillanek gorroto du oholtza, euria edo elurra izan errepidera bidaltzen duelako, dena eman ostean bolantearen aurrean etxera buelta barne-husturik egitera behartzen duelako. Bueltako bidaia horretan gure autoa subjektibitate kapsula bihurtzen denean, ez dakigunean oso ondo zer pasatu den, zer egin dugun, pozik egon behar genukeen edo triste, asko txalotu bagaituzte ere bigarren lerroko hark une batean jarri duen aurpegiak edo gero egin digun iruzkinak krak txiki bat eragin digulako eztarriaren eta bihotzaren arteko lekuren batean.
Baina, hala ere, igo egiten gara berriro. “Horregatik guztiagatik ere maite dugulako oholtza”. Ohiko bizitzatik kolpera erauzten gaituelako, paradoxikoki, bizitzen erakusteko. Biluzten, maskarak jartzen, inprobisatzen, sentitzen, kontrola ez galtzen, odolusten ari garelako jendaurrera irteten garen bakoitzean. Eta taldean inoiz eskurik altxatzera ausartzen ez garenoi, norbaitek eman ezean berbarik hartzen ez dugunoi, difuminatuta gusturago geundekeela sinesten dugunoi baimen bat eman digu oholtzak, hasiera batean zalantzan jarriko ez den autoritate bat, ahots bat, norberak eztarririk urratu beharrik barik entzungo dena. Ea nor den horri uko egiteko kapaz.