Erronkaz betetako urte berrirako egitasmoak onartu ditu UEMAk, Legorretan egindako batzar nagusian

Erronkaz betetako urte berrirako egitasmoak onartu ditu UEMAk –

Urte amaierako batzar nagusia egin zuen larunbatean UEMAk Legorretan. Bertako herri antzokian elkartu ziren UEMA osatzen duten 86 udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak eta, besteak beste, 2018an egindakoaren balantzea aztertu eta 2019rako egitasmo nagusiak onartu zituzten. Oro har, udalerri euskaldunen garapena, hizkuntza politiken zeharlerrotasuna, elkarlana, lege babesa eta herritarren sentsibilizazioa nabarmendu zituzten 2019ko ildoen artean.

[Gaur egun UEMA osatzen duten 86 udaletako hainbat alkate eta zinegotzi, larunbat eguerdian, Legorretako plazan, batzar nagusia amaitu ondoren]

Amaitzear den urteko balantzean, egindako hiru lan nabarmendu zituen UEMAren batzar nagusiak: udalerri euskaldunen prebentziotik garapenera eman beharreko urratsak biltzen dituen txostena, udalerri euskaldun eta turistikoetan bisitariei euskararen inguruan egindako azterketa, eta eragin linguistikoak azken urtean izan duen ibilbidea eta zabalkundea.

2019rako egitasmoen artean, berriz, UEMAren ohiko bost ildoen baitan aztertu eta onartu zituzten hurrengo hilabeteotako lanerako ildo nabarmenenak.

  • Udalerri euskaldunen lurgunea osatzea: UEMAra sartu daitezkeen herriekin egin beharreko lanaz gain, maiatzeko hauteskundeen ondoren agintaldi berriko udalbatzekin eta udal ordezkari berriekin UEMAren nondik norakoak eta UEMAren lana ezagutaraztea.
  • UEMA erakunde gisa sendotzea: hainbat lan ildo izango dira 2019an. Hainbat erakunde publikok udalerri euskaldunen garrantzia ikusarazteko elkarlanean egingo duten komunikazio kanpaina, elkarlana gainerako erakundeekin, eta sortuko diren udal eta aldundi berriekin harremanak eta hitzarmenak.
  • Udalen eta udalerrien euskalduntzea: udalen erabateko euskalduntzeko bitartekoekin eta planekin lanean jarraitu, udalerrietako diagnostikoak osatu, zerbitzu sektorea euskalduntzeko kanpainak eta formakuntza saioak, etorri berriekin bereziki landu beharrekoak, eta abar.
  • Herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea: sektorekako tailerrak eta trebakuntza saioekin jarraitzea, eta UEMAren hezkuntza proiektua sendotzea, bai hezkuntza arautuan (ikastetxeetan) eta bai eremu ez arautuan (gazte topaketak).
  • Udalerri euskaldunen zaintza eta garapena: zaintzarako eta babeserako bitartekoak garatu (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa: zabalkundea), eta garapenerako urratsak eman, zeharlerrotasunez.

86 udal eta 250.000 biztanleko lurgune euskalduna

Gaur egun, 86 udalek osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 72 herri ziren UEMAko kide. Gaur egun 86 dira.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Sendotze urtea izango da 2019a UEMArentzat (El Diario Vasco, 2018-12-15).
· 2019an herritarrak ahalduntzea jarri du UEMAk helburu (Berria, 2018-12-16).
· Udalerri euskaldunak ikusaraztea helburu (Noticias de Gipuzkoa, 2018-12-16).
· Erronkaz betetako urte berrirako egitasmoak onartu ditu UEMAk (Urola Kostako Hitza, 2018-12-17).
· Erronkaz betetako urte berrirako egitasmoak onartu ditu UEMAk, Legorretan egindako batzar nagusian (Argia, 2018-12-17).
· Erronkaz betetako urte barrirako egitasmoak onartu ditu UEMAk (bizkaie.eus, 2019-12-18).
· UEMA hazi eta indartzen (Goierriko Hitza, 2018-12-18).

 

 

euskara, UEMA
UEMA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude