Nork alaituko du Ander?
Baserri giroan harreman homosexual baten istorio dramatikoa, euskaraz. Hori eskaintzen du 2009an Roberto Castón-ek zuzendutako”Ander” filmak. Hala ere, gutxiago hitz egin da filmaz haren inguruko kontuez baino. Zuzendaria nahiz kritikariak atsekabetuta daude gertatzen ari denarekin.
Nazioartean sari mordoa irabazi baditu ere, Euskal Herrian eta Espainian non estreinatu ezin du aurkitu. Roberto Castón zuzendariak argi hitz egin zuen elkarrizketa batean: “Banatzaileak filma bahitu du”. Zine aretoak ez daude onenetan eta baserria, amodioa, homosexualitatea eta euskara biltzen dituen filmak ez dio abantailarik eskaintzen. Prentsan ere oihartzuna izan du egora honek, Mikel Insausti zine kritikariak “kafkiartzat” jo du egoera eta El País-en zentsuraz hitz egin da.
Hau gutxi ez eta joan zen astean argitaratu zen auzi ilun bati lotu zaio “Ander”. Aurreko legegintzaldian desbideratutako diru publikotik jaso omen zuen finantziazioa filmeak, 330.000 euro. Uste hau erdi ustel izan badaiteke ere, zipriztinduta atera da “Ander”.
Berri txarrak dira bata bestearen atzetik. Baina, hala ere, erne! Bada albiste oso onik zinema zale euskaldunentzat. Sarean eskegita dago “Ander” beste hamaika euskal filmerekin batera. Buruko minak ez dizkio aldenduko honek zuzendariari, baina, aspalditik “Ander” ikusi nahi zuenak edo notizia txarren kontuak kuriositatea piztu dionak eskura du. Zer hobeagorik Anderrentzat filma ikustea baino?
Oso ondo pasatu dut filmarekin. Erritmo geldoa duten horietakoa da, areago, erritmo barea bera filmaren osagai nagusietakoa da, baina behin bere abiaduran uzten diozularik gogoari murgiltzen, gozamena da kontakizuna. Oso ondo girotua dago, interpretazioa aparta da eta aktoreen lana itzela, batez ere Josean Bengoetxea protagonistarena. Egia da istorioaren amaiera ere aurrikus daitekeela neurri handi batean, baina bestelakoa izan ote daitekeenaren zalantzak, arretaz amaitzera eramaten du ikuslea. Kontakizuna sentiberatasunez beteta dago eta bizkaiera/gaztelaniaren erabilera errealitatez lortuak, egiatasuna damaio. Nik ez dakit ezer Ezker Batuako kontu horiei buruz, eta lapurtu badute, ordain dezatela, baina filma bikaina iruditu zait. Eskerrik asko.