Nor da? (NORK daki?)
Nor da? (NORK daki?) –
Nik ez dakit. Katu jakin bat. Badakit, noski, zer katu den. Zuk badakizu?
2013ko abenduan Bertsolari Txapelketa Nagusia ospatu zen Barakaldoko BEC-en. Irabazleak azken agurra emateko unean, eszenatokian, zortzi finalistez, aurkezleaz eta telebistako kameralariaz gain -beste kamera batek erakutsi bezala- katu bat zebilen, goiko fokuen aldamioetan. Azpian zuela, hain juxtu ere, Egaña elektrokutatu zuen mikrofonoaren kablea sartuta zegoen fregatzeko kuboa.
Badakizu ba, zer katu den?
Eta nor den katu hori?
2015eko neguan, Bertsolari aldizkariaren 100. zenbakiaren karira Xabi Paya eta Patxi Gallego-k kaleratutako Nork komikian agertzen da.
Badakizu noren katua den, bederen? Nik ez.
Soilik dakit Ertzaintzaren Arkauteko buru baten katua dela -edota zela, orduan-. Baina ez dakit nor den “Bigun jauna” delako Ertzaintza buru hori. The Simpsons telesaileko Wiggum polizi buruarekin du zerikusia?
Pixka bat erreala edo guztiz fikziozkoa den ere ez dakit. Komiki osoan ez zaio aurpegia ikusten. Soilik ezagutzen zaio zizipaza egiten duela, solasean: “Argitu al da zerk hutz egin zuen finalaren egunean?”. Eta idatziz: “Abortatu mizioa. Zuzmagarri baztertua.”
Euskadiko -EAEko- hiritarra ez naizelako ihes egiten dit pistaren batek, agian?
Nire inguru hurbilean ere ez dut nori galdetu.
Komikian ezagutzeko moduko 140 bat aurpegi agertzen dira.
Horietatik 7 baino ez dira goi-nafarrak: Angel Erro, Etxenike profesorea -aspalditik EAEn lekutua-, Estitxu Fernandez, Iñaki Perurena, Julian Iantzi, Gartxot -Olentzero ere nafarra izan liteke, baina Mungia aldean kokatua agertzen da-, eta Bertsozaleen elkarte sekretuko ordezkari anonimoa -lesakar, neska, pottoloa; Estitxu Arozena?-.
Aldean argentinar gehiago agertzen dira -misioaren parte bat Argentina aldean gertatzen da-.
Nazioarteko aurpegi ezagunak 30 bat dira -gehienak jatetxe famatu bateko argazki galerian-.
Zazpi goi-nafarretatik 2 emakumezko, beraz -bataz bestekotik gora; 34 emakumezko ezagun zenbatu ditut, guztira-.
Politikari gehiago baleude parekatuago legoke, agian? Yolanda Barcina, Uxue Barkos, Ainhoa Aznarez, Laura Perez, Maria Chivite, Ana Beltran…
Baina politika mundukoak 9 baino ez dira -Fidel, Che, Obama, Merkel, Arantza Quiroga, Karlos Iturgaitz, Juan Karlos Izagirre, Odon Elorza eta Josu Jon Imaz-.
Gremioka -logikoa denez-, bertsolaritza mundukoak dira nagusi. Gaur egungoak eta garai bateko hilezkorrak. Azken horietatik dira, gehienbat, ezagutzera -ez izenez, ez bistaz- iritsi ez naizen 25 bat aurpegiak -soilik Txirrita, Xalbador, Bilintx, Uztapide, Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarra ezagutu ditut-.
Dena den, 140 aurpegietatik 115 bat bai ezagutu ditut -dozena bat bistaz, telebistan, soilik-. %80 pasatxo.
Emazteari galdetu diot, eta antzeko zenbakitan mugitu da, baina ez da Nork irakurtzera animatu. Nobiotan inguruko bertso saioetara joaten ginen, eta Txapelketa Nagusia telebistan segitzen genuen. Baina ezin izan genion ezkondu arte eutsi.
Arrebari galdetu diot, eta 40 bat ezagutu ditu -batzuk izena emanda-.
Amari galdetu diot, eta 20 bat ezagutu ditu -gehienak izena emanda-.
Hamabost urteko alabari ez diot galdetu. Ziur nago Ikastolan izen horietako asko ikasi eta etxeko telebistan aurpegi horietako asko ikusi dituela, eta ia denak ahaztu.
Eskailerako hurrengo bileran 11 auzokideei sondeo bat egin niezaieke. Baina zenbakiak badakizkit, gutxi gora behera: batek 130 bai; beste batek 100 baino gehiago bai; bostek 40 baino gehiago ez, naski; eta beste hiruek 40 baino gutxiago, seguru.
Lantokiko sei lankideekin, berdin: batek 100 baino gehiago bai, naski; bik 40 baino gehiago bai; eta beste hiruek 40 baino gutxiago, seguru.
Nafarroa Garaian, baina zonalde euskaldunean, bizi naiz.
Ez dut lagun koadrilarik, ezta familiatik edo Facebook-etik kanpo “laguna” izena merezi duen inor hurbilik ere. Seguru ez zarela harritzen, zuk bai eduki, edo ez eduki.
Facebook-eko konturik ez dut. Eta inguru hurbileko 21 lagun horietatik bakar batek (1.-B pisukoak, demagun) du, naski, ZU ZEU-ren berri. Baina hau txiripaz irakurriko balu ere, ez luke inola susmatuko 2.-A pisukoa -demagun- naizela. Espero -ez galdetu zergatik, historia luze, arrunt eta nahasgarria da-.
Esango didazu zuk, bada, nor den -edo nor uste duzun dela- Nork komikiko katua?
Ez dela marrazki hutsa -nik susmatzen dudan bezala-.
Irudi huts-hutsa.