Non ezkutatu dute artea?
Probokazio gordinenak ere ez gaitu zurbiltzen. Hain gaude nahasita korronte kultural eta ideologikoen mazedonia purean. Diotenez, bazen garai bat non probokazioak ez zituen haizeak barreiatzen. Han eta hemen erakusten zituzten berriaren distirarekin. Ez paper erreziklatuaren kolore horixkarekin.
Arte plastikoak eta musika. XX. mendea. Intelektualen aroa. Artistaren probokatzeko ahalmena eta gizartearen harritzeko gaitasuna. Biak eskutik. Eta, tartean, bi izen. Marcel Duchamp (1887-1968) eta John Cage (1912-1992). Artista eta musikaria, hurrenez hurren, nonbait sailkatu beharraren beharraz. Ildo artistiko berriak urratu eta zegoena zartatu, eztabaida piztu eta fakultateak aztoratu.
Lehendabizikoak, Duchampek, artea itzulipurdika jarri zuen, objet trouvé batekin. Objektu komun bat testuingurutik atera, eta harri eta zur utzi kritikorik zorrotzena. Haren paradigma iturria da, fountain, 1917an New York-en agertu nahi baina ezin izan zuena. Gaur ba ote da horrelakorik? Artearen kanonetan kabitu ez eta ukatua den artelanik?
Ez ote da probokazioa bera ezinaren maskara?
John Milton Cage, piano jole handia. Notarik gabeko musika lana da bere piezarik ospetsuena. Isiltasun iheskor bat besterik ez piano aurrean jesarritako musikariaren egonaldiaren oihartzun gisa. Eztul bat, bakeroen igurtzia hankak butaketan kokatzean, zurrumurru-erdiak. 4’33”. Soinua, zarata ala musika. Zer axola du? Eta eman zuen zeresana. “Dena da musika”, zioen ausart, konpositore handiak hilkutxan dardararaziz.
Badut lagun zahar bat, arte kitzikagarririk aurkitzen ez duena, bilatzaile amorratua izanagatik. Oteizaren kuboak txunditzen du, baina apenas du aurkitzen hoberik arte galeria aintzatetsienetan ere. Begi zorrotzekoa akaso, zakur zaharra. Harek edo beste edonork, masiboaren erreinuan kostata ezberdintzen du balio duena eta ez duena. Baina bada ona eta txarra ezberdintzeko modu bat, XXI. mendeko zeitgeist bat badioena artean nor den nor. Edonork badaki: etiketako prezioa irakurri. Edo museoko sarrerako billetean agertzen den zifrari begiratu. Gogoratzen duzu Guggenheim museoko bisitariei adarra jo zien Mikel Nedo: “edonor izan daiteke artista, nola hedatu jakinez gero”.
Zera gertatzen da, probokazioa inoiz ez dela artea izan. Probokazioa talenturik ez zutenei sarrera ireki zitzaienean sortu zen, eta baita zerbait berritzailea bezala balitz aurkeztu!
Probokatzea erraza da, edertasuna espresatzea ia ezinezkoa ordea. Soilik jeinuen esku dagoen zerbait. Orain sar zaitez munduko edozein galerietara… Mediokreek hartu dute mundua, eta uste dute gainontzekook kitzikatzen gaituztela! Hori uste du mediokreak, gainontzekoak kobazuloan bizi diren tradizional tentel atzerakoiak garela. Ispiluan begiratuko balira… 70. hamarkadan ez gaudela jakingo lukete.