Nola izan liteke inor marrazki
Nola izan liteke inor marrazki
Herenegun iragarri bezala, Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiarekin batera, Juanba Berasategi omendu zuen atzo Tabakaleran, pantaila handian euskal animazioaren lehen film luzea proiektatuta, “Kalabaza tripontzia”.
Ekitaldia hasieran, Koldo Izagirrek hitz ederrak izan zituen lagun zendu berriarentzat (azpian dituzun horiexek).
Aretoa mukuru zela, familia eta haur koskortu dexente tarteko, ekitaldi xume eta beroa eskaini zitzaion zinemagileari. Filma bota baino lehen, ikus-entzunezko pieza txiki batean bere ibilbidearen laburpena eman zitzaigun, Juanba beraren berba eta guzti.
Emanaldiaren ondotik sorpresatxoa izan genuen, aldameneko aretoan erakusketa espres bat paratu baitzuten -Juanjo Egañak Berasategiri egindako argazki erraldoia buru zela-, filmetako fotograma, storyboard, azetato eta bestez; han ziren Patxi errementaria, Txirrita, Lazkao Txiki, Flanery eta lagunak… duela gutxi bukatu eta estreinatzear den “Nur eta herensugearen tenplua” filmeko laginen bat baino ez zen falta bertan. Omenaldira hurreratutako kulturgile eta animazio zaleek mokadu bat egiteko profitatu zuten hitzordua.
Alta, ekitaldiko unerik hunkigarriena “Kalabaza tripontzia” ikusi baino lehen bizi izan genuen, pantaila aurrean Juanbaren tantalde osoa zela Koldo Izagirrek testu eder batekin laguna akorduan hartu zuenean.
.
Nola izan liteke inor txori.
Aski da papera, aski da lapitza; mokoa kantari jartzeko prest egotea, zirin egin estatua guztietan eta damurik ez gaudenean hilzori.
.
Hau ez zegoen gure gidoian, esan zidan, etzazula hartu gaizki.
.
Nola izan liteke inor arrain.
Aski da tinta beltza, aski da deskuidu bat; ondoa jotzeraino ausartzea magiaren zuloan, eta poza ekartzea nekearen gain.
.
Nola izan liteke inor zintzo.
Aski da lotsa tanta bat, aski da tximista bat; ezin duguna asmatzen egitea, alfabetoa nahasi eta gezurrik ez esatea gure buruaz mintzo.
.
Hau ez zegoen gure gidoian, esan zidan, etzazula hartu gaizki.
.
Nola izan liteke inor artista.
Aski da putzu hau, aski da zangotraba hori; milatan erortzeko, milatan zutitzeko, beti garbiago, eta komunetik behera botatzea platera bete dilista.
.
Nola izan liteke inor zeneko zuloko farola.
Aski da su txiki bat, aski da adore apur bat; pirata motzak maitatzea, txalupa kulunkariak eta jakitea besteoi lagundu nola.
.
Hau ez zegoen gure gidoian, esan zidan, etzazula hartu gaizki.
.
Nola izan liteke inor marrazki.
Aski da oker bat; ez, ez da aski, ez dakit nola izan litekeen inor marrazki. Zekiena joan da.
.
Hau ez zegoen gure gidoian, esan zidan, etzazula hartu gaizki.
.
Joan da, joan da inoiz bedeinkatuko ez duten lurrera, garaje ilun batean argia ikasitako azti.
Joan da, joan da inoiz bedeinkatuko ez duten lurrera, garaje ilun batean argia ikasitako azti.
.