Kalabaza Tripontzia, berriro pantaila handian

Kalabaza Tripontzia, berriro pantaila handian

“Kalabaza tripontzia” filma pantaila handian proiektatuko da bihar, maiatzak 2. Juanba Berasategi zendu berria omentzeko asmoz antolatu du ekimena Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiaren laguntzarekin.

35 milimetro eta 90 minutuko zinta 19.00etan botako dute Donostiako Tabakaleran, jatorrizko bertsioan, euskaraz. Sarrera doan izango da, aretoa bete arte.

Euskarazko animaziozko lehen film luzea da “Kalabaza tripontzia”, Berasategik zuzendu zuena 1985ean. Gidoia Koldo Izagirrek idatzi zuen, musika Oskorrik, eta Luis Goya izan zuen ekoizle.

Filmean Euskal Herriko ipuin eta kondaira tradizionaletako heroi eta pertsonaiarik adierazgarrienak ageri dira, hala nola Tartalo begibakar ipurterrea, Kukubiltxo txiki eta bihurria, Galtzagorri deabru lotsagabe eta gezurtia…

.

* Biharko hitzordura agertu ezin baduzu, hemen duzu filma osorik ikusgai:

“Ezina ekinez egiten dela erakutsi zuen proiektua -dio  Argiak “Kalabaza tripontzia” egitasmoaz-. `Hemen, Euskal Herrian, hori ez da posible, nola egingo duzu? Hori Frantzian, Amerikan… Baina hemen?!´ esan zioten erakundeetatik.

Baina bost urtetako lan itzelaren ostean, autobus txartelaren gastua eta eguneroko bokadiloa beste soldatarik ez zuten 30 lagun ingururen laguntzari esker, kondairetako lami eta sorginak, Xaxpiki, Patxi errementaria edota Kukubiltxo biltzen zituen pelikula estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian. Ohorezko aipamena jaso zuen jaialdian eta Espainiako Kultura Ministerioak kalitate berezikoa izendatu zuen”.

Filmeko animazio lanetan Jon Etxebeste, Jose Angel Lopetegi, Pedro Sestelo, Angel Gomez Espinosa, Carlos Varela, Juan Luis Landa eta Juan Ramon Arretxek jardun zuten, muntaiaz Alerto Magan eta Karmele Ortega arduratu ziren bitartean. Apainketak Angel Gomez Espinosak egin zituen, eta efektu bereziak, Jorge Rodriguezek.

.

Aitzindari eta ameslari

Juanba Berasategi (Pasai Donibane, 1951-2017) euskal animazioaren aitzindaria izan zen –Euskadiko Filmategiaren aburuz-. 1977an, Ekialdeko izarra film laburrarekin debuta egin zuen, eta zortzi urte geroago Kalabaza tripontzia marrazki bizidunetako lehen euskal film luzea zuzendu zuen.

Kalabaza Tripontzia, berriro pantaila handianBere ibilbideak film zerrenda luzea utzi digu: Ekialdeko izarra (1977), Fernando Amezketarra (1979), Ikuska 6 (1980), Kukubiltxo (1983), Kalabaza tripontzia (1985),  Balearenak (1991), Ahmed, Alhambrako Printzea (1997), El embrujo del sur  (2002), Alhambrako giltza (2003), Barriola, San Adriango azeria  (2008) edo Nur eta herensugearen tenplua (2017), besteak beste.

2013an, Zinemira saria jaso zuen Donostia Zinemaldian.

Kalabaza Tripontzia, berriro pantaila handian
animazioa, Euskadiko Filmateka, euskaraz, Juanba Berasategi, Kalabaza Tripontzia, omenaldia, Tabakalera, zinema

Zer duzu buruan “Kalabaza Tripontzia, berriro pantaila handian”-ri buruz

  • Josu Lavin

    Çail date aurkitzea neuc baino guehiagotan film hau ikussi duenic.
    Urthe ascotan ikastalde ascorequin ikussia dut eta behin ere cansatu ez.
    Milla esquer eguileei eta berheciqui Berasategui jaun cendu berriari. Goian bego.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude