Nola dago euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza araututik kanpo?

Nola dago euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza araututik kanpo – 

Nola dago euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza araututik kanpo?“Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa” jardunaldia(k) antolatu dute bigarren aldiz elkarlanean Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Topagune honek egungo kultur bitartekaritza hartuko du hizpide, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu duelarik. Oraingoan eskolaz kanpoko transmisioan jarriko dute arreta Senpere, Laudio, Lesaka eta Azpeitian egingo dituzten topaketetan. Izena emateko epea zabalik dago: www.ueu.eus

2019ko urrian ehun lagunetik gora bildu ziren Azpeitian ‘Sormenean Hezi, Kulturan bizi’ I. jardunaldian. Jardunaldiok antolatzeko abiapuntua argia zen: euskal kulturgintzaren transmisioan (ezagutzan eta praktikan) etena eman da. Ondorioz euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta familia edo etxe giroan. Azpeitiko jardunaldiak hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatzeko antolatu zituzten. Jardunaldi haietatik sortu zen gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat.

Aurtengo jardunaldietan hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren (ezagutza eta praktika) egungo egoera esperientzia praktikoetatik ezagutu nahi dute. Egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat proposatu nahi dute, zeina honako bi galderak hausnartuta osatu asmo duten: Nola euskaltzaletzen gara? Nola kulturzaletzen gara? Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko? Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileok?

Bestetik, jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute erakunde antolatzaileek, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa (ezagutza eta praktika) eskolaz kanpo nola bermatu dezakegun aztertu eta proposatuko duen.

Hauek dira antolatu dituzten jardunaldiak (klikatu bakoitzaren egitaraua ikusteko):

  • 2021-10-23 – SENPERE (Larraldea)
  • 2021-11-06 – LAUDIO (Aiaraldea Ekintzen Faktoria)
  • 2021-11-13 – LESAKA (Harriondoa)
  • 2021-11-20 – AZPEITIA (Elikagunea)

Jardunaldiaren antolatzaileek aipatu dute kulturgintza ekosistema bat dela, sortzaileek, antolatzaileek, komunikabideek, hezitzaileek eta zaleek osatzen dutena: “Ekosistemako eragileek guztiek batera jardun behar dugu. Elkarlanik gabe, ez kulturgintzak, ez euskalgintzak ez herrigintzak ez dute etorkizunik. Aterabideak elkar hartu eta artikulatzetik soilik etorriko dira ulertzen dugunez, elkarlanerako ateak zabalik daude”.

Nola dago euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza araututik kanpo?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

Zer duzu buruan “Nola dago euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza araututik kanpo?”-ri buruz