Noiztik ospatzen dira Gabonak?

Noiztik ospatzen dira Gabonak? –

Noiztik ospatzen dira Gabonak?Noiztik ditugu ospakizun Gabonak? Kristauek euren ibilbidea hasi zutenetik beretik, erantzungo genuke logika hutsak hala bultzatua. Bada, ezta hurrik eman ere. Goazen, bada, pixkana-pixkanaka datazio horren nondik norakoak hona ekartzen. Erantzun azkar bat eman nahi izatekotan, bi azpi-erantzun eman beharko genituzke derrigor. Bateko, eliz egutegiko ospakizun kanoniko eta formaldu gisa, IV. mendera arte ez zen ospatzen hasi, nahiz-eta orduko hartan artean oso molde soilean izan, eta gizartean zuen isla eta pisua ez izan kristau egutegi liturgikoko beste zenbait ospakizunena baino askoz handiagoa. Hortik segitzen da egin beharreko bigarren zehaztapena; gure egunetara arte izango zuen garrantzi hori ez du Erdi Arora arte lortuko. Noan segidan historian jazotako bi inflexio-puntu horiez zer edo zer esatera.

Badakigunez, Kristo aurreko aroan gure egungo abenduaren 25ak jada bazuen garrantzi handia; “eguzki garaiezinaren” jaiegun kosmiko-politikoa ospatu ohi zuten egun horretan, bateko, neguko solstizioari kultuarekin lotuta, eta, besteko, enperadorean kultuari. Bake konstantinotarrarekin batera, IV. mendean, jai paganoa baino ez zen hori, errotik birmoldatu zuten, eta argiaren eta eguzkiaren sinbolismo horiek beroiek baliatuz, eta kristautuz, Jesusen jaiotzaren ospakizunaren sinbolo bilakarazi zituzten. Jesusen jaiotza, garrantzizko mugarritzat jo zuten aldetik, ospatu nahi izan zutenik ezin uka, ez eta horretara data bat aurkitu behar izan zutenik ere. Orduko hartan baina, artean, ezin esan kristau egutegi liturgikoan gerora izango zuen inportantzia zuenik, eta, itxura guztien arabera, eman zezaken, batetik, ospakizun horretarako data bat aurkitu beharra zutela, eta, bestetik, orduko hartan egun horretan ospakizun zuten solstizioarena isilarazteko beharra.

Badago, dena den, aipatu beharreko beste jauzi bat gure egunetara ailegatu diten Gabonen zer-nolako zein beraiek gizarte egutegien hartuko zuten garrantzia azaltze aldera (X.BASURKO, Historia de la liturgia, 268. or. Hurr). Izanez ere, Erdi Aroan sartuta jai honek beste eite bat hartu zuen. Asisko Frantziskok, jaiotzaren gaineko zehetasunak Lukasen ebanjeliotik hartuta, Jesuen jaiotza irudikatuko zuen paraliturgia modutsuko bat antolatu zuen. Hortik hara, jaiotzak, belenak eta estalpea eta kidekoak jartzeko ohitura pixkana-pixkana indartuz eta zabalduz joan zen eta, hartara, erlijiotasun herrikoiaren esku hartzea indartuz joan zen ospakizun honetan.

Zer dela-eta ez zen Erdi Arora arte hau gertatu? Kristautasunaren lehenengo milurtekoan Pazkoa zen muineko eta erdiguneko osakizuna, bere soilean. Berorretan Kristo loriatsu eta goraltxatuak hartzen zuen garrantzi guztia. Kristoren kontzepzio gailena eta ia bakarra hori zen. Jaunaren ondoan lorifikatua izateko Kristo moldea hartzen zuten aitzat, oroz gain. Bigarren milurtekoan baina, Kristo guretariko bat bilakatu eta gure munduan sartu zeneko forma, bere dimentsio gizatiarra, eraila izan arteko ibilbidea eta pairatu behar izan zuen guztia gero eta gehiago aintzat hartuz joan ziren. Geroztik, Jesusen Jaiotza eta Nekaldia izango dira pietate erdiarotarraren bi muinak. Kontzepzio-marko berri honen baitan hartu zuen Jesusen Jaiotzak egungo egunera artean izango duen pisu eta garrantzia:

Kristo gizaki bilakatu izanean dagoen fede teologalak bultzatu zuen Asisko Frantzisko, irudimenezko hegaldi batez lagunduta, eta Jesusen jaiotzaren aurkezpen ebanjelikoan oinarrituta, paraliturgia bat antolatzerako…Enkarnazioaren misterioa sublimeegia zen jende xehearentzat; Frantziskok, ostera, beste umeen pareko Jesus aurkeztu nahi izan zuen, eta beneratua izateaz gain, maitekor-maitekorra izango zena. Ordura artean gizartean ez zegoen ume zen Jesusentzako lekurik, Asisko Frantziskok ber-aurkitu zuen berau ebanjelioan oin harturik… (E.DELARUELLE, La pieté populaire au Moyen Âge, 245.or)

Noiztik ospatzen dira Gabonak?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude