Nobita Bolaextra

Nobita

Herenegun –edo igandean izan zen? Ez naiz oroitzen: nire burua lanean hasia da naski, izandako trauma oroimenetik ezabatzeko– Stand by me Doraemon (Gelditu zaitez nire ondoan, Doraemon) ikustera joan nintzen semearekin. Izugarri aspertu nintzen. Ez zait inporta marrazki bizidunak ikustea, eta, gehienetan, ongi pasatzen dut: irri egin nuen Mortadelo eta Filemonekin; onak iduritu zitzaizkidan The Lego Movie eta Wreck It Ralph; Boxtrolls filmak grazia egin zidan; Hegazkinak filmaren bigarren zatiak berak, erdipurdikoa eta ezin topikoagoa dela aitortuta ere, disfrutatzeko aukera eman zidan, AC/DC-ren kanta bat –Thunderstruck– soinu-bandan sartuz; eta oraindik pena dut Paranorman filmaren hasieran zinema aretotik atera behar izana, baina haurra artean ttikiegia zen eta izitu egiten zen stop-motion zonbi haiekin.

Stand by me Doraemon, ordea, gaizki kontaturiko istorio penagarria da. Erritmo mantsokoa da; egoerak absurdoak dira eta pertsonaien erreakzioak lekuz kanpokoak, ikaragarri hanpatuak; eta pertsonaiak gaizki aurkeztuak daude: teorian, nornahik ikusten ahal du filma, baina komenigarria da, pelikula ongi ulertzekotan –igual aditz hori gehiegizkoa, dena nahiko ulertezina baita–, aldez aurretik telesaila ezagutzea eta pertsonaien arteko harremanen berri izatea. Alegia, Doraemon nor den ere ez dakitenendako egokia izan daitekeen film gisa saldu badute ere, jarraitzaileendako filma da; izan ere, soilik jarraitzaile amorratuak izanen baitira gauza filmak irauten duen denbora luuuzea zinema-aretotik ihes egin gabe jasateko.

Bertzalde, filma egiten ez dira sobera nekatu: pantailan ikusiko ditugun egoera, anekdota, problema eta asmakizun guzi-guziak –salbuespenik gabe– telesailetik atereak dira, ez dute deus berririk asmatu. Halere, pelikulak arrunt ongi laburbiltzen du Doraemonen gai nagusia: alienazioa. Ezaguna den bezala, bai telesailean bai filmetan –hondarreko honetan eta aitzineko film guzietan– protagonista Nobita Nobi da, hamar urteko mutiko bat; hari katu –edo mapatxe– itxurako robot bat –Doraemon– etorri zaio etorkizunetik, haren problemak konpontzen laguntzeko. Eta izan, problemak baditu Nobitak; nik hiru azpimarratuko nituzke: gaizki ari da eskolan; lagun desegokiak ditu, Erraldoi –taldeko abusatzailea– eta Suneo –aberaskume ergela–, lagun izena ere merezi ez dutenak, egunero umiliatzen baitute; eta gurasoek ez dioten kasurik batere egiten –gai hau ez telesailean ez filmean inoiz jorratzen ez den arren edo gai gisa sekula onartzen ez den arren–. Arrakasta sozialik batere ez duen haur bakarti honen egiazko problemak landu beharrean, telesailak –eta filmak– umearen balizko gaitasuna deuseztatzen duen fantasia batean bilatzen du aterabidea: Nobitak eginahalik egin gabe, teknologiaren bidez dena konponduko dion robot batean hain zuzen ere –bertze kontu bat da teknologia horrek behin eta berriz huts egitea–.

Nolanahi ere, arrunt interesgarria da zein den Doraemonen zeregin nagusia: lortu behar du Nobita zoriontsua izatea, eta, horretarako, ziurtatu behar du etorkizunean Shizuka izeneko neskatiko batekin ezkonduko dela. Berriz ere, benetako problemez arduratu beharrean, Nobitak alegiazko problema erromantiko bat du kezka nagusia: ez orain gustuko duen neskatikoarekin “ateratzea” lortuko duen, baizik eta etorkizunean neskatiko horrekin esposatuko den. Alde horretatik, Nobitak dituen aukerak ere franko argigarriak dira: edo Shizuka –teorian buru-argia den arren, batez bertzelako bertute femenino estereotipiko batzuen bidez aurkezten zaiguna: ederra, sentibera, apala, pastel eta galleta goxoak egiten dakiena–, edo Jaiko –manga marrazkilaria, arrunt sentibera, baina, Erraldoiren arreba izanik, honen ezaugarrien bidez definitzen dena, eta, batez ere, jatorrizko bekatu mortal bat duena: itsusia da, eta lodia. Are gehiago, Doraemonek etorkizunetik ekarririko argazkietan ikusten den bezala, oraindik gizenago bihurtuko da seme-alabak izan ahala; Shizuka ez bezala, honek betiko atxikiko baitu bere argaltasun liluragarria–.

Badakigu, beraz, Nobitak, telenobela batetik aterea iduri duen mundu arrosa horretan, Shizukarekin bizi beharko duela, handitan zoriontsua izanen bada. Ez dakigu, ordea, aukera Shizukari komeni zaion, baina iduri luke inori ez zaiola axola neskatikoaren ikuspuntua edo komenientzia. Hondarrean, mutikoak Shizukaren amodioa merezi duela erakusteko, Nobitak –etorkizunean– neska salbatu eginen du, hau elur ekaitz batean, galdua mendian, hiltzeko zorian dagoenean: nire ustez, zilegi litzateke galdegitea gizontasunaren gaineko zer-nolako ideia hedatzen ari garen, onartzen baldin badugu minutu bateko ekintza heroikoak eguneroko milaka trakeskeria, axolagabekeria eta ezintasun zuritzeko balio duela. Are gehiago, heroitasun hori gizonezko fantasia bat bertzerik ez delarik; baina, hain zuzen ere, horixe da Doraemonen mezua: zertarako bilatu egiazko problemetarako egiazko aterabideak –egiazko eginahalak eskaintzen dituztenak–, traste magikoz beteriko sakela bat duen 22. mendeko robot bat asmatzen ahal baldin badugu?

Forman, beraz, aspergarria da Gelditu zaitez nire ondoan, Doraemon, eta, edukian, arrunt badaezpadakoa. Nolanahi ere, filma ikusi ahala, zera bururatu zitzaidan: Doraemon, edo, hobeki erranda, Nobita, haurren munduan, Herminio Bolaextraren baliokidea da. Hiru barrabil dituen –amak bollicaoak jan baitzituen, haurdun zegoelarik– kazetari horren abentura bakoitzaren hasieran, Mauro Entrialgok lelo hau jartzen ohi zuen: “Herminio Bolaextra, kazetari drogazale eta putakumea, baina pertsona gisa, zoragarria”. Filmaren akaberan, Doraemonek honela deskribatzen du Nobita: ikasle kaskarra, traketsa kiroletan, alferra, ez da fidatzekoa, desastre hutsa, baina arrunt bihotz onekoa. Entrialgok ironiaz kritikatzen duen humanismo merkea saldu nahi digute Doraemonen filmek eta telesailak: nonbait, zer egiten duzun eta nolakoa zaren gauza diferenteak dira, ez dute elkarrekin deus ikustekorik, sentimendu onak izatea omen da inportanteena.

Halere, sentimenduak –onak ala gaiztoak– izatea zer den ez dute sobera ongi ulertu Doraemon egin dutenek: haiendako, sentibera izatea negar egitea da –noiznahi, nonahi eta zernahirengatik–, eta praktikara eraman nahi izan dute teoria hori, haurrei negar eginaraztea baita filmaren helburu nire ustez nagusia –eta zin dagizuet filmak ederki betetzen duela helburu hori–. Zineman bortizkeria funsgabea salatzen den bezala, sentimentalismo ergel alienatzaile funsgabea ere salatu beharko genuke. Baina horren ordez, Nobitaren balentriak ikusi ondoren zera bururatu zait: inoiz denboraren makina bat asmatuko balute, etorkizunera joanen nintzateke, Doraemon akabatzera, hark kalterik egin baino lehen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.