Niles Crane maite dut (baina ez dut horregatik Frasier gorroto)
Gaurko solasaldirako ideia ispilu bat eta entziklopedia bat elkartzetik sortu zen nire buruan. Edo, ia-ia gauza bera baita, argazki bat (arimaren ispilu hori) eta wikipedia elkartzetik. Berriki, nire argazki txukun bat eskatu didate, eta horrek asaldatu egin nau, ez bainago ohitua nire izena eta “argazki txukuna” esaldi berean –baiezko esaldi batean, erran nahi baita– ikustera. Ipuin batean, Jorge Luis Borgesek aipatzen zuen Uqbar izeneko mundu paralelo bateko jakintsu baten arabera, ispiluak eta sexua higuingarriak zirela, gizakien kopurua biderkatzen zutelako. Gauza bera erranen nuke nik nire buruaren fotografiei buruz: nazkagarriak dira, nire irudia neurriz kanpo eta inolako beharrik gabe ugaltzen dutelako (hiru urtez, munduko potretik itsusiena ikusi dut astero, Berrian, nire zutabearen gainean; halere, hondarrean ez aldatzea erabaki nuen: horrela, jendeak, ni ezagutzean, pentsatzen baitzuen: hara! Ez da argazkian bezain itsusia –eta zenbaitek pentsamendua itzuli eta zera erraten zidaten: egunkarian baino goapoago zaude aurrez aurre–).
Nire irudiak sorrarazten dizkidan konplexuak berdintzeko, noizean behin Interneten barna ibiltzen naiz, niri buruzko loreen bila: behin, adibidez, batek Einsteinen pare jarri ninduen –baina, tira, igual gaizki ulertu nuen konparazioa–; edo, wikipedia begiratzen dut: han ikusten dut –harro ikusi ere– Berria eta Noticias taldeko ohiko kolaboratzailea naizela, eta horrek beti gogoa ematen dit Noticias egunkarietarako zer edo zer idazteko, gaizki iduritzen baitzait nire alferkeriaren bidez inoiz agertuko naizen entziklopedia bakarrean jartzen duena gezurtatzea. Baina, beharbada, ohar hori mundu paralelo baterako atea da, edo unibertso paralelo bateko aztarna bat, gurera oharkabean ailegatua. Unibertso paralelo horretan, bi egunkarietako kolaboratzailea nintzateke, eta ederrak lirateke nire argazki guziak.
Are gehiago, unibertso paralelo horretan ez nuke orain dudan dilema. Bi asmo ditut aurten bete nahi ditudanak: ez dut libururik erosi nahi, eta –edo baina?– liburu potoloak irakurri nahi ditut. Momentuz, otsailean, ez dut ez bata ez bertzea bete, baina hori bertze kontu bat da. Erosi eta irakurri dudan azkena ale mehe-mehe bat da: Adolfo Bioy Casaresen Un campeón desparejo (Txapeldun gorabeheratsua). Bioy Casares izena aipatu, eta jende gehienak –literatura maite duen jende gehienak– gogora ekarriko du Borgesen laguna izan zela. Baten batek aipatuko luke Borges txikia izan zela, bigarren mailako Borges bat-edo. Kontrakoa, ordea, ez da gertatzen. Bioy Casares Borgesen laguna zen, baina Borges ez zen Bioy Casaresen laguna: bai, lagunak ziren, eta inork Borgesen amodiozko hiztegi bat (Frantzian egiten den genero bat; adibidez, lehenbailehen erosi eta irakurri nahiko nukeen aurtengo lehen liburu potoloa: Dictionnaire amoureux de Proust) eginen balu, Bioyri sarrera bat eskaini beharko lioke nahitaez; solasaldi normal batean, ordea, mintzagaia Borges bada, Bioy ez da baitezpada azaduko.
Iduri luke batzuk bertze baten itzalpean bizitzera eta haren kopia akastuna izatera deituak edo kondenatuak daudela. Istorio nagusi bateko bigarren mailako pertsonaiak, edo, gehienez ere, spin-offak. Edo jatorrizko irudi eder baten deformazio erakargarri baina ez hain perfektuak. Adibidez, Frasier telesailean (eta telesail hura bera Cheers izeneko bertze telesail baten spin-offa zen, nahiz eta mundu paralelo batean gertatzen zen: Frasier telesailean, izen bereko protagonista ez zen inoiz Cheerseko ostatura joaten –azken esaldi hori gezurtatu nahiko luketen friki guziek utz ditzatela beren mezu eta estekak blog honetako erantzunetan, esker mila anitz–), protagonistak, Frasier Crane psikiatrak, anaia bat du, Niles, haren karikatura dena, haren ezaugarri guziak muturrera eramaten dituena. Bioy eta Borgesekin gertatzen den bezala, Niles Frasierren anaia da, baina Frasier ez da Nilesen anaia, Frasier berezko nortasuna duen pertsonaia da. Nik, halere, Niles maite nuen, ez bakarrik haren fobia, beldur, mania eta ezintasun guziak arrunt neure nituelako: batez ere maite nuen fobia eta mania haietarik kanpo gauza guti zituelako Nilesek.
Zenbait idazlek itzala galdu duen gizonaren istorioa –edo horren bariazioren bat– kontatu dute: istorio horietan, problema gizonarena izaten da, ez itzalarena. Baina guk ez dugu itzalen beharrik existitzeko: itzalak, ordea, gure beharra du existituko bada. Norbaiten itzala izatea, norbaiten aldaera gisa ikusia izatea, nekagarria izaten ahal da. Nik Bioy Casares maite dut, berez, Borgesekin konparaziorik egin gabe: haren Heroien ametsa nobela zoragarria iduritu zitzaidan, bat bertzerik ez aipatzearren. Borges ere, bistan da, maite dut, baina gauza naiz biak desberdintzeko, ez baitut uste bata bertzearen bertsio pobrea denik. Biek osatzen zuten mundu txikia –ispiluak, entziklopediak, mundu paraleloak, liburu meheak eta potoloak– atsegin dut baina, bistan da, gauza gehiago ere irakurtzen dut.
Euskaraz ari garela ere, maiz auzo erdaren makuluak behar izaten ditugu: hemen, Hegoaldean, espainolaren laguntza, eta, egunerokoan, euskara maiz erdararen itzala izaten da, bigarren mailako bariazioa. Azken bolada honetan han-hemenka ikusten ari naiz zenbaiten ustez –eta ez naiz preseski Fernando Savaterrez ari– euskaltzalea izatea jarrera endogenoa, elitista eta nartzisista dela. Eta bai, franko nartzisista naiz –horretaz ohartzeko, testu honen lehen zatia ikusi bertzerik ez dago– baina ispiluak eta (nire) argazkiak gorroto ditut. Eta baliteke euskaraz bulkatu nahian mundu paralelo batean bizitzea, baina, batek daki, akaso mundu paralelo horrek bere arrastoa utziko du bai eguneroko munduan bai eta entziklopedietan ere. Nik, behinik behin, hori espero dut.