Niko Etxart, Altzürükuko maisua

Niko Etxart, Altzürükuko maisua –

Urko Ansa musika zale amorratuak Niko Etxart elkarrizketatu du aurten Entzun! aldizkarirako. Merezi du elkarrekin arteko hitz-aspertua berreskuratzeak.

Iritsi da eguna. Luze itxaron ondoren, azkenik lortu dut nire helburua: Altzürüküko maisua elkarrizketatzea. Atharratzeko Piellene ostatuan nago, Niko eta emaztearekin terrazan eserita. Jendea agurtzera geratzen da Muskaria aldizkariko azaleko bere argazkia erakusten diodan bitartean. Elkarrizketa bere Altzaiko estudioan izango da; eta, noski, bertan lo egitera gonbidatuta nago. Azkenean, goizeko 7.00etan sartu naiz ohera, ia-ia espero nuen bezala.

Atharratzetik nire autoarekin Nikoren atzetik noa, oso gertu dagoen Altzaiko bidea erakutsiko dit eta. Emozionatuta, zein CD jarriko dudan pentsatzen hasi eta, asko bururatu zaizkidan arren, Black Sabbathen lehenengo diskoa jarri dut azkenean. Bolumena topera, Niko Etxarti egin nahi dizkiodan ehunka galdera bueltaka darabiltzat buruan The Wizard kantaren riff ilunek garuna egurtzen didaten bitartean.

Aparkatu bezain pronto diskoaren portada erakutsi diot: berehala ezagutu du; eta, segidan, Pierre Hartmanni erakutsi dio. Pierre Hapa-Hapa taldeko bateria-jotzailea da eta, alsaziarra den arren, Altzaiko estudioa bere bigarren etxea da. Estudioa eta etxea erakutsi ondoren, tramankulu guztiak atera eta galdeketa hastera noa. Elkarrizketan zehar, lagunartean, edozein momentutan gitarra atera eta abesten hasi da. Izan ere, Nikok bere gonbidatuak ondo zaintzen ditu beti. Egonaldiak iraun duen ia 12 orduetan, Nikok, besteak beste, afaria prestatu dit. Gainera, bera eta Pierre gitarra eta baxua jotzen ari direlarik atabala hartzera gonbidatu nau. Halatan, Rolling Stones, The Who, Free, Jimi Hendrix eta Black Sabbathen abestiak jo ditugu, besteak beste. Sinestezina!

Saio horren aurretik, hiru abesti berri jo dizkidate; eta, gero, Nikok DJ fina dela erakutsi dit… goizeko 7.00ak arte: Slade, T.Rex, Rolling Stones, Grand Funk, The Equals, The Who, Led Zeppelin, Smoke, Dave Edmunds, Rory Gallagher, Edgar Winter… eta denetatik onena: Pitxu 5 taldearen singlea!! Pierre 2.30ean lotara joan da, baina geroago, 6.30ean, berriz esnatu eta batu zaigu. Niko eta bera dantzan dabiltza, egunak argitzen duelarik. Azkenik, 7.00etan lotara noa, baina behean parrandak jarraitzen du: Joe Cockerren With a little help of my friends topera entzuten dut ohetik. Nikoren ekipoaren bozgorailuek sekulako potentzia eta soinu-kalitatea daukate. Handik minutu gutxira Nikoren kotxea entzuten dut: goizeko 7.30ak dira eta bere etxera doa.

Niko Etxart, Altzürükuko maisua

Music Legends jaialdian jo zenuen ekainean Sondikan, Nina Hagen, Jethro Tull, Bob Geldof eta Graham Nashek jo zuten egun berean.
Ederra izan zen. Itxuraz, ‘Legend’ diren pertsonak behar zituzten eta, antza, ni Euskal Herriko mito bat nauk. Neretako oso ederra izan duk. Neska batek oso artikulu polita egin dik esanez Niko Etxarten kontzertua ikusi aitzin ez zela enteratzen euskal musikaz.

Jaialdi hartakoko kritika batzuk irakurri nituen, eta iruditzen zait Bilboko kazetariak ez direla asko enteratzen, salbuespenak salbuespen, zure ibilbideaz, eta ez prentsa erdaldunean bakarrik. Kritika askoren kasuan, zuri buruzko aipamen bakar bat ere ez nuen aurkitu.
Bai, hala da. Esan bezala, neska hark idatzi ederra egin zian. Eta nire aspaldiko laguna den Roberto Mosorena ere, El Correo egunkarian, oso hunkigarria izan zen, kristoren artikulua. Emozionatuta irakurri nian. Oso estimuan diat, ezagutu nuenian berak bazitian 18 urte edo hola, eta nik 26.

Zu Iparraldekoa izateak eragina dauka, ene ustez, Hegoaldeko prentsa jakin batean.
Bai, “El francés” –barrez–. Niri hori esatea ere! Bestalde, diozunari eutsiz, baliteke materia hortan interes gutxi edukitzea. Artikulu oso idorrak dituk, eta egunotan baduk artikulu bat argazkiarekin El Correo, Diario Vasco edo Deian esateko kontzertu hau izanen da, baina gero ez zegok emanaldiaren kritikarik. Nik ere nabari diat falta hori. Hortako hire artikuluak beti maitatu ditiat.

Hapa-Hapa taldeak mende laurdena bete du jada. Egun dauzkazun partaiderik zaharrenak Kiki Graciet eta Dominic Earl dira. Nola ezagutu zenituen?
Oso historia polita duk. 1987an Miarritzen Night Club batean topo egin nian Kikirekin. Erran nion baniala ideia bat euskaraz rock bluesa jorratzeko, eta berak harmonika jotzen zuenez… bost urte beranduxeago bete nian hitza, eta gitarrista bat behar nuela esan nion, gu bezala musika pasioz bizi duena, eta bi egun geroxeago deitzen dik “Niko, atzeman diagu: ingeles bat duk eta la ostia duk; The Kinks maite dizkik”. Haiek eta Dominica Barreix (atabalak), Pantxoa Herran (baxua) eta Xabi Hiriartekin (teklatuak) sortzen diat Hapa-Hapa berria eta grabatzen diagu Gili-gilikatzen haüt diskoa (1996).

«Nahi diat jendeak erran dezan Niko Etxart fantasia duen euskal kantari bat dela»

Azken urteotan gazte taldeekin kolaboratzen ibili zara: Willis Drummond, Eskean Kristö…
Urtean badizkiat hiruzpalau kolaborazio. Zerrenda beldurtzekoa duk.

2014an Eskean Kristören ‘Látigo’-n abestu zenuen, eta amaitzean “Azote kaldüz!” oihukatu zenuen. Gero diskoari izen horixe jarri zioten! Historia polita da. Gero Elkar-en ‘Memoria eta desira’ bildumarako (2015) zure Euskadi jator goxo eta puta hontan grabatu zuten.
Talde oso ona da. “Azote kaldüz”-ek latigo kolpez esan nahi dik xiberotarrez. Esperientzia oso polita izan zen.

Aspaldi egin nahi nizun galdera bat: ‘Lolo, Lili eta Popotxo’ kantan, Orquesta Mondragón-eko Popotxotaz ari zara?

Bai, garai hartan oso ezaguna zen taldea. Von Voyage diskoa, adibidez, ederra zen, eta Popotxo oso famatua zen. Popotxo nanoa duk, badakik.

“Lin-po-pots poxpolin, Popotxo” diozu kantan. Ba al dago hitzetan bigarren esanahirik?
Ez, ez, abesti osoan sonoritatearekin jolasten ari nauk, euskara horretarako oso ona duk. “Ragaflada rital toxt, balan balan tirixt toroxt” edo “Rakatakatiki txalupan Lili” eta abar –momentu honetan biok kantatzen hasi gara, elkarrizketan zehar besta hainbatetan bezala–. Poxpolin diodanean, pizgailuaz ari nauk.

Onomatopeien erabilera hori euskal musikan ez da batera ohikoa.
Bai, halakorik Laboaren Baga biga klik-en bazegok. Nire amonak “hamar tiro pum” kantatzen zian, Euskal Herriko amona askok ezagutzen ziaten kanta hori.

Baina Mikel Laboaz gain ez da askorik egongo.
Euskal kantariak fantasia guti dik. Mikelek, Pako Aristik baditek fantasia, baina oso guti dira bere buruaz barre egin edo umorea egiten dutenak.

‘40 Principales’en zerrendan 18.postuan egon zinen ‘Euskal rock & roll’ singlearekin 1979 eta 1980 bitarte. Konposatu eta hamar urte geroago argitaratu zen kanta hau inoiz zerrenda horretan gorenen iritsi den euskal abestia da.

Egia da izugarrizko oldarra izan zela; bai enetako eta baita, uste dut, euskal gizartearendako ere. Gogoratzen dut astero banuela dei bat Madriletik esaten: “Niko, estás en el puesto 28, 27…”.

Horrek esan nahi du zerrendan aste asko egon zinela…
Urtebete edo hola iraun zuen historiak. Madril urrun da, eta noizbehinka joaten nintzen hara, eta zinez maite nuen irratiak promoziorako antolatzen zuena: 200 gazte, nerabeak, oihuka –Nikok irribarre egiten du–. Bazirudien star-ak ginela. Baina garai hartan ez nekienez gazteleraz, ulertzen nuen arren, laster bukatu ziren Euskal Herritik kanpoko elkarrizketak. Asko saldu ziren lehen bi LP haiek (Nahasteka, 1979; eta Has Dantzan, 1980). Lehen single hura Jukebox guztietan entzuten zen Baionatik Ondarrura eta Otsagira arte; baina baita Bartzelonan, Salamancan, Andaluzian… ere. Giro oso polita izan zen bi urtez euskaldunontako, gero okertu zen.

Nolakoa da Niko Etxarten eguneroko bizitza?
Nik ez diat ordurik, goiz huntan bidali diat mezu bat 6.00ak aldera eta enetako ordu ona duk oheratzeko. Ibili nuk urteak eta urteak, nekea sentitu gabe, lan eta lan egiten. Nik so egiten diat, ene hemeroteka egiten diat egunero mundu guziko gaiak irakurtzen ditiat. Gainera, badakik, hitzak egiteko ere behar duk hartu informazioa nonbaitetik. Irakurtzen diat egunero euskaraz, espainolez, ingelesez eta frantsesez; Suitza, Belgika, Quebec… denetarik. Eta gero kantugintzako historiak, Forbes aldizkaria eta abar. Baina egun huntan garrantzitsuena huen hirekin topo egitea.

Ez dago gaizki! Lan gogorra egin duzu urte hauetan guztietan, eta kontzertu asko eman dituzu. Istripua izan zenuen behin errepidean, Bilbo aldetik hona bueltan.
Bai, ez nauk ziur baino hor Getxotik edo Barakaldotik sartzen nindian autopistara, han dantzaldia egin nialarik –Oharra: istripua Iurretako bidesaria baino lehen gertatuko zen seguru aski, Iurreta eta Bilbo arteko punturen batean–. Bakarrik nintzen, egin nuen buelta osoa, baina zorionez ez nian bazterrik ukitu, hor geratu ninian, baina ez huen han beste kotxerik.

Eta gero kotxea hartu zenuen berriz, ezta? Bakarrik gidatu ohi zenuen?
Bai, Xiberoarantz banitian 250 kilometro egiteko. Baldin jarraiki banian Minxoriakekin genuen erritmo gaitz hura, ez nian gaur hirekin gauza hauek kontatzen. Bakarrik nindian, zeren eta askotan beste musikariak sartzen baitziren elkarrekin furgoian, eta ni askotan geraiten nindian festa egiten, beti parrandero gaitza izan nuk eta. Bazekiat istripua ez huela alkoholagatik izan, nekeagatik baizik. Ni oso gogorra nauk, Euskal Herri guztia zeharkatu diat xiberoaraino. Ez ninduan lokartu. Hor nian erabakia hartu Minxoriak uztea, eta bizpahiru hilabete geroago egin nian. 1986a zen. Ezkondu, estudioa muntatu eta berriz geroxeago Hapa-Haparen historia hau sortu zen 1990ean.

Batzuetan, egun berean hiru kontzertu egiten zenituen, ezta?
Bai. Adibidez, Larzabalen, Behe Nafarroan, eguerdian, gitarrarekin edo a capella, bakarrik edo aita edo Robert Larrandabururekin, folk tradizionaleko emanaldia. Gero Bizkaian, Larraonan futbol zelai batean Niko Etxarten kontzertua, Minxoriak taldeko kideekin, baina ez huen berbena, nire errepertorioa baizik. Eta hortik Getxora, eta Minxoriakekin gaupasa. Nire kideak ere birritan ordainduak ziren. Guretako askoz hobeto zian, 100 bat aldiz pasatu zen bezala, Niko Etxart eta gero Minxoriaken kontzertua leku berean izatea, soinua ipinirik baitzegoan eta leku berean bi soldata irabazten genizkian. Minxoriakekin dantzaldia eta taldearen kantak ere jotzen genizkian, gehi nire Euskal rock & roll edo Eperra.

Zenbat aldiz egin zenuen hirukoa egun berean?
50 bat aldiz.

Arranopola! Gaia aldatuz… lau urte pasatu dira zure aita Dominika hil zenetik. Asko oroitzen naiz beraz. Abeslari berezia zen.
Bai, bortitza. Aitak ez zakian kantatzen finki. Beti ozen egiten zian, herriko estetika batean, eta a toda ostia eman behar zian ahotsa. Gauza polit eta fin bat egitea…, ez ez, behar zian eman dena, arimatik eta bihotzetik ateratzen zian hura kantatzen zian, ozenki. Guk –Dominika, Robert eta Nikok osatzen zuten hirukoteak– defendatu dugu beti kanta zinez rustikoa –roots–, eta aitarekin ez zen posible beste gauza bat egitea.

Niko Etxart, Altzürükuko maisuaEperra’, adibidez, berak erakutsi zizun.
Bai, noski. Bere herriko bi lagunek kantatu zuten Garindaineko Festival de la Chanson Basque hartan, 1974a urtean edo hola, eta bildu zian magnetofonian, eta guk Parisen ikasi genian. Kanta 1972tik aitzina ezagutzen diat, eta segur asko hil arte kantatu beharko diat –barrez– .

Baina zuk beste dimentsio batera eraman zenuen: sarrera hori guztia, bateria…
Ene lehen fasean Ximinorak eta Minxoriakekin kantatzen nian beranduago –1982an– Akelarrek Anje Duhalderekin grabatu zuen bezala, hiru bertsotan. Bat: Eperrak badituzu… Bi: Amorosak behar luke… Eta hiru: Ibili izan nuzu… Eta Madrilen grabatu nuelarik lan bat egin nuen beste bertsoak biltzeko eta beste bi antzeman nitian. Horrexegatik, ene 1979ko bertsioan –grabatua izan den lehen bertsioa– jada bertso guztiak daude. Dena den, Eperra abestiaren bertsiorik famatuena Anje Duhaldek eta nik bere zuzeneko diskoan –Zuzenean,1993– Victoria Eugenia antzokian kantatu genuena da.

Kanta 1972tik ezagutzen duzu; baina, jotzen zenuen lekuetan izan ezik, ezezaguna zen.
Hori da, zero. Guztiz galdurik zen kanta bat zen. Gero hartu zian dimentsio berri hori. Niretako gure lurralde guzian ezagunenak diren hiru kantak dituk Txoria txori  –Mikel Laboa–, Eperra, eta hirugarren Lau teilatu –Itoiz–. Hori duk niretako azken hamar urteotako rankinga.

Kantaren jatorria ezezaguna da, ezta?
Ez dakigu nork konposatu eta idatzi duen. XVIII. mende bukaera edo XIX. mende hasierakoa duk; gero, XIX. mendeko kantu egileak ezagunak baitira.

Niretzat, oraindik, lehen outsiderra zinen bezala, orain ere halakoa izaten jarraitzen duzu.
Oraindik gogoa diat ere, ez apurtzailea izateko, baina bai gauza berriak proposatzeko, nire mailan. Nik askotan erraiten diat egiten dudana dela Etxahun Iruritik Jimi Hendrixerat.

Euskal Herrian folketik rock erradikalera salto egin dugula esan izan duzu, rock klasikotik pasatu gabe.
Bai, horregatik erraiten diat zati bat falta izan dela. Nik hori beti egin diat, baina ez nuk modan izan. Euskal rock & roll-ekin bai, baina taldeetan eraginik ez dut izan. Aldiz, orain duk eragina Sexty Sexers, Eskean Kristö, Willis Drummond… Horregatik diat gogoa ere disko berria eginen dudan gogorrena izan dadin, betiere ene estetikan sarturik.

Zure ahotsak, gainera, erregistro asko dauzka. Adibidez, heavya arazorik gabe abesteko moduko tonua daukazu.
Hik Black Sabbathen CDa erakutsi ditak eta erran diat nik 16 urterekin Paranoid jotzen niala Parisen Wax taldearekin, eta ni nindian kantaria –abestia jotzen hasten da, Pierrek eskuekin erritmoa jarraitzen duen bitartean–. Riff hori eginen dik 40 urte ez dudala egin, e!

Festarako eta dibertitzeko musika aldarrikatzen duzu.
Bai, baina mistika ere badiat.

Gainera, surrealismoa, erotismoa, onomatopeien erabilera, hizkuntzen nahasketak ere hor daude. Hala ere, ereserki mordo bat ere grabatu duzu, ‘E.H. euskaraz bizi’, ‘Mila motiko ta neskatila’, ‘Presondegietan tenpest’aidia’, Korrikako kantak…
Bai, azkenean, baina, Mila motiko ta neskatila-k nihaurk kantatzeko sobera pisu egiten dik, eta ni ez nuk sekula dogmatikoa izan. Nahi diat jendeak erran dezan Niko Etxart dela fantasia duen euskal kantari bat, emozio bat ekarten duena, bere xiberotar itxura hura… eta hori, abertzalea nuk eta aldarrikatu diat beti, baina enetako ez duk ene parterik garrantzitsuena.

Baina “Donostiko karriketan mila motiko ta neskatila prestatzen ai dia” diozunean, zerbaitetaz ari zara zehazki?
Kanta hau idatzi nianetik honaino Donostia izan duk abertzaletasunaren, erresistentziaren gunea. Kanta horrek bere… momentuko arrakasta ttipia ukan dik, eta gero sobera zian mezu super abertzale hori, eta noski, nik momentu batean ez nian gogorik kantatzeko “Baxenabarra, Xiberua, Lapurdi…” Bakik, Gontzal Mendibilek zinez ongi egin zian berea –Bagare, 1976–, eta aski huen harekin. Nik gutxi gora behera momentu berdinean konposatu nian nirea. Bittor Kanpanagak idatzi zituen Bagare-ren hitzak. Ni, bera ezagutu aitzin, abertzalea nindian. Nik ere banian hori buruan, baina erran bezala, nik hau kantatzeko sobera pisu egiten dik.

Orduan, Donostiari eskainia zen, baina ez ekitaldi konkretu bati buruzkoa.
Euskal Herri guziko gaztediari eskainia zagok. Donostia huen leku bat ipinteko, gotorleku bat. Ni ez nuk Iparraldeko euskal frantsesa eta Hegoaldekoak ez dituk Hegoaldeko euskaldun espainolak. Enetako, hor aipatzen dudan Euskadi duk gaur egun erraiten dugun Euskal Herria. Hori duk, gainera, Iparretarrak sortu aitzin, pentsa. Baita Presondegietan tenpest’aidia ere. Hori izango duk 1973 edo 1974koa, nun erraiten dudan hamar urte kartzelan, eta ikusi dugu gaur egun badirela kartzelan 20 urte baino gehiago daramatzaten presoak.

«Gogoa diat disko berria egin dudan gogorrena izan dadin»

Azken galdera hau egitea derrigorrezkoa da niretzat: ‘Zkrax?’ abestiaren erdian entzuten den gitarra soloa Mixel Ducaurena da?
Bai, bera duk, Donostiako Tsunami estudioan. Mixel atera huen salatik, beti gogoratzen diat, ate bikoitzak zabaldu eta izerdi betean, gitarra pausatu, eta arnasestuka –“Ah ah ah”, imitatzen du Nikok–. Frantsesez erran zian: “Je tu du de”: dena eman dut.

Zein efektu erabili zuen hor? Oso berezia da. Nolabait, Alice Cooperren ‘Killer’ diskoko efektuak gogorarazten dizkik. Mixeli gustatzen al zitzaion Alice Cooper?
Ez diat uste, niri bai, baina akaso berari galdetu. Enetako oszilazio kalkulatua duk egiten diana.

Honaino elkarrizketa honen lehen zatia. Esperientzia izugarria izan da Nikorekin pasatako denbora hau. Hurrengo egunetan han bizitutakoa pixkanaka asimilatzen saiatuko naiz. Ez dut sekula esperientzia hau ahaztuko: totala izan da. Etxean bezala sentiarazi nau, abesti berriak jo dizkit, afaria eta ohea eskaini. Nikok dena ematen du. Sakelean, egin gabe gelditu den galdera mordoa, hurrengo batean egiteko. Badut nahikoa eta sobera material momentuz. Azkenik, soilik apunte bat: gizon honek daukan kultura (bai musikala bai orokorra) apartekoa da, eta Hegoaldean egiten den guztia ondo baino hobeto ezagutzen du: talde gazteak, kirola, politika… Baina, guztiaren gaindi, Niko Etxart gure rock & roller gogokoena izango da, beti. 

.

.

Niko Etxart, Altzürükuko maisua

Aurten egiten dik 47 urte profesionala naizela…

«1969an banian talde bat Parisen, dirua irabazten nian musika egiten. 1972an, oraindik Parisen bizi nintzalarik, Ezpeletan Odol Berriarekin egin genian kontzertu bat, orduan ETB ez zegoen, noski, baina France Pays Basque bai, indar handia ziana eta arrakasta handikoa izan zen hura. WAX taldeak 1969tik 1972ra bitarte iraun zian. Ni Eddie Barclayk sortutako Barclay Records diskoetxeko langilea ninduan. Bera izan huen nire nagusia 1972tik 1973raino. Egia erran, bera izan duk inoiz eduki dudan nagusi bakarra.

Ni XIVe Arrondissement auzoan bizi ninduan, ene familiarekin. Gurasoek, nik bi urte nituela,1955 aldera, Xiberua utzi eta Parisera joan behar izan zuten. Han, 68ko maiatza bizitu nuen 15 urterekin. 1970ean parte hartu nian ene lehenengo grabazioan, Jim Larriagaren La marche à suivre-n koruak egiten. Glam rock estetika hartu genian, nik eta nire lagunek, plataforma botak eta guzti. Haatik, nik neuk makillajea ez dut sekula erabili. Horretarako oso gizona izan nauk beti –barrez–. Euskal Etxean ibiltzen ginen itxura haiekin. Gero, Xiberuara itzultzean glam estetika utzi nian, baina rockzale itxura hau, zima luzeak, botak eta abar mantendu nizkian, eta eskandalu hutsa huen.

WAX taldeko partaide izateaz gain diskoetxeko langilea ere banintzenez, The Who ikusi ahal izan nian backstageko zonaldean. 1972an izan huen, Fête de l’humanité jaialdian. Frantziako alderdi komunistaren jaialdi erraldoia zen, urtero egiten dena, egun ere, eta urte hartan 100.000 ikusle egon zirela esan ziaten. Nire aitzinean pasatu hituen laurak, pixkat edanik, eta beti egiten ziten halako fight itxura, borroka egiten ari hituen itxura. Nik Tommy diskoa ia osorik kantatu diat Parisen.

Baina, lana izanda ere, Euskal Herrirat bueltatzea nian erabaki 1974ean. Nagusiak ezin zian sinetsi. Ipurdian ostikoa eman zidan, erdi txantxetan. Euskaraz kantatzea nian erabaki, eta rock & rolla euskaraz egitea posiblea zela frogatu nahi nian».

.

Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart Niko Etxart

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.