Ispilua lapurtu digute

Ispilua lapurtu digute –

Urte berri egunez, gure etxebizitzen blokean, Bilbon, lapurretak egon ziren. Eskailburuan geunden dozena erdi bat bizilagun eta Ertzaintzako bi agente, berriketan, geure beldur eta galdutako gauzen penak konpartitzen, 2018a hasteko modu xelebre horrekin txisteak eginez.

Ispilua lapurtu digute

Lapurrak profesionalak omen ziren, Europa ekialdeko talde antolatu bat ziur aski. Hizketaldiak jarraitu ahala “ijito”, “moro” eta “atzerritar” hitzak ateratzen hasten dira. Bizilagun batek dio orain ez asko “bi morito” ikusi zituela kotxe batean etxe batzuei begira eta begira. Ertzain batek erantzuten dio:

“Halakoetan, guri deitu. Ezer egiten ez badaude ere: deitu!”. Eta aitzakiarekin hurbildu, zer egiten dauden galdetu eta identifikatu egingo ditugu.

Buruan zerbaitek krak egin dit. Inork ez du ezer esan. Nik ere ez. Berriketak aurrera jarraitu du, pixkanaka bakoitza bere etxeko babesgabetasunera sartu garen arte. Buruari bueltaka hasi naiz.

Bale, bai, posible da ertzainarentzat “moritoak” izatea baino, “begira eta begira” egotea izatea gakoa eszena horretan. Baina gaizki pentsatuko dut, sentitzen dut ertzain jauna, horrelakoa da bizitza (niri ere eskapatzen zaizkit noizbehinka “perla” arrazistak, hemen ez gara inor libratzen). Ingelesez racial profiling esaten dena ikusi dut nire begien aurrean: poliziak arrazaren arabera eraikitzea susmagarrien profila. Jatorri/itxura zehatz batek norbait susmagarri bihurtzea automatikoki, alegia. AEBetan Black Lives Matter bezalako mugimenduak piztu ditu zaharregia eta larriegia den arazo honek.

A ze kontraesana: segurtasun indarrek gizartea xenofobia eta arrazismotik babesteko ardura dute, eta aldi berean xenofobia eta arrazismoa erabiltzen dute susmagarrien profilak sortzeko. Profilgintzaren zientzian ezjakin hutsa naiz, baina utzidazue zalantzan jartzen estereotipo arrazisten bidez egin behar denik nahitaez.

Bazenekiten ertzainen argotean “motano” bezalako hitzak erabiltzen direla “moro” eta “gitano” hitzak batuz? Hobetzeko saiakerak egiten dituzte, ez pentsa. Irakurri errespetu kulturala sustatzeko eskuliburu hau adibidez. Eta orain, ikusi eskuliburu hori hizpide hartuta gizon zuri talde honek egiten duen txiste-festa bideo honetan. Txiste horiek tokiz kanpo egongo diren testuinguru bat sortu behar dugu. Kulturala eta estrukturala da arazoa, eta lengoaia egoki baterako gomendio-sorta baino sakonagoak diren mekanismoak behar ditugu. Adibidez eta hasteko, botere-postuetan eta segurtasun indarretan aniztasun gehiago izatea. Gaur bertan atera den Emakunderen txosten honek dio polizia-etxeen maskulinizazioak emakumeen zaurgarritasuna handitzen duela. Polizia-etxeen zuritasunarekin gauza bera gertatzen dela susma daiteke pertsona arrazializatuekiko.

Lapurretara itzuliz, zaurgarri sentitzen dira orain bizilagun asko gure etxebizitza-blokean. Seguritate gehiago behar omen dugu, kamerak, sarraila gehiago, alarma sistemak. Ez dakit nola ekiditen diren halako sustoak, baina lapurreta berriek baino Bilbo eta inguruetan dabilen supremazismo zuriaren kiratsak sortzen dit ikara: indarkeria delitu entzutetsuen harira whatsapp-kate beldurgarri bat ibili zen urtarril bueltan pantailaz pantaila. Atzerritarrak talde arriskutsu bezala deskibratzen ditu eta DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) mugatzea exijitzen du. Eta “atzerritarrengan” arreta jartzen dugun bitartean, zuri-zuriak dira diru-kopuru handienak lapurtzen dituzten iruzurgileak. Eta gure datu digital pertsonalekin salerosketan dabiltzan hortz-perfektudun sermolari arrakastatsuak. Eta arnasten dugun airea kutsatu daitekeela erabakitzen duten gorbatadunak. Mundu mailako suntsiketaren eragilearen profilean “zuria” jartzen du letra larriz, baina zuritasuna ikustezina da zuriontzat.

Ehunka euroko trajea jantzita, txukun-txukun, ondo orraztuta, eta azken Iphone-a eskuan duen gizon zuria identifikatzeko telefonoa zein da?

Ispilua lapurtu digute
Ispilua lapurtu digute

6 pentsamendu “Ispilua lapurtu digute”-ri buruz

  • Beraz ertzainak kaikuak direla pentsatu behar al dugu? Uste al duzu beraiek ez dakitela ze kolektibo diren delitu gehienak egiten dituztenak?

    Ah tira, arazoa ez da gaizkilea. Arazoa poliziaren aurreiritzi, maskulinitate eta zuritasuna dira. Segi ostrukarena egiten.

  • Aurreiritziek, biziak salbatzen dituzte, askotan injustuak izan arren beste askotan egia direlako, eta aurreiritziak ez dira soilik arrazagatikoak izan behar (gizon mozkorrak, drogazaleak, tren geltokietatik gertu euro baten eske dabiltzanak, sektakideak, armiarmak, sugeak…).

  • Gizon zuriak kriminalizatzen ditu “idatzi” honek. Atzoko Maiderren bidalketa non da?

  • Muturra behar da gero. Gure kaleak “zenbaitzuen” joera antisozialak direla eta geroz eta arriskutsuagoak diren bitartean errua delako zuritasunari bota. Azken asteetan gertatu diren bortxaketa eta erasoen erantzule nortzuk izan diren bilatu, ea zer iritzi duzun horretaz guztiataz. Adibide bat hementxe (https://www.elcorreo.com/bizkaia/mujeres-mayores-enfrentan-20180822120744-nt.html), hedabide euskaldunek debekatua baitute arrotzen alde txarrik azaleraztea, dena da arroxa kolorekoa bertan.
    Barkatuko didazu, baina gure arbaso zuriek altxatutako zibilizazio batean bizi zara, inoiz gizarte batek eduki duen ongizate material eta segurtasun handiena lortu duena, bere akatsak-akats. Honek ematen dizu aukera zure txorakeria guztiak askatzeko, galdetu bestela elementu horiek datozen herrialdeetan berdin ote den. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik, norberari tokatzen zaion arte

  • Interger Kolektiboa 2018-08-23 15:18

    Euskal Herria Bilduren medioak EAJ, PSOE edo PPrenak baino faxistagoak direnen garaiotan soilik gauza bat esan dezakegu: mugimendu independentistaren degenerazioa erabatekoa da.

    Mundu osoko ezkerra egia azaleratzen eta adierazpen askatasuna bermatzen ari den bitartean, hemengoa eskuinaren zerbitzura…

  • euskaldun bat 2018-08-23 15:25

    Atzo gauean begiratu nuen eta Berrian eta Naiz-en ez zen agertzen albiste hori. Aldiz, El Diario Vasco eta EITBn agertzen zen. Gaur goizean ere begiratu dut eta Berrian eta Naiz-en aipamenik ere ez. Justu horretaz kexatuz idatzi zuen Zuzeu-n Maider Fernandez-ek artikulu bat, gero desagertu egin zen, handik gutxira berriro agertu zen, iruzkin pare bat idatzi nituen, jendeak bozka batzuk ere eman zituen baina handik gutxira artikulua desagertu egin zen. Zer gertatzen da? 85 eta 95 urteko emakumeei erasotzea ez da emakumeen aurkako jazarpena bezala kontsideratzen? Berrian eta Naiz-en atzo gertatutako emakumeen aurkako beste erasoen berri ematen dute gaur, baina adineko emakume horien berri ez.