Natalia Tena: “Euskal azentua dudala esaten didate!”
Hona hiru bide Natalia Tena (1984) aktore ingelesa ezagutzeko: Harry Potter sagako filmak, ‘Game of Thrones’ telesaila eta estreinatu berri duen ‘10.000 km’ filma.
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Harry Potter sagako azken lau filmetan Nymphadora Tonks magoaren papera egiteagatik egin zen ezagun Natalia Tena. Jende askok baina, Game of Thrones telesail arrakastatsuan jarraitzen du; martxan da laugarren denboraldia, eta guztietan agertu da Osha izeneko pertsonaiaren azalean. Eta duela gutxi, Carlos Marqués-Marcet Bartzelonako zuzendari gaztearen lehen film luzea estreinatu du: 10.000 km. Tenak eta David Verdaguerrek gorpuztutako bikotea du filmak protagonista; lan kontuak direla eta, Los Angelesera joan da Alex, eta Bartzelonan geratu da Sergi. Ordura arte bikote egonkorra zena, pixkanaka apurtzen hasiko da, teknologia berriek egunero elkar ikustea ahalbidetu arren.
Londres eta Eibar artean ere badira kilometro batzuk, baina errazagoa da lantzean behin hegazkina hartu eta familia bisitatzera etortzea. Agian, hurrengo aldian, Molotov Jukeboxeko bost taldekideekin batera etorriko da gurera, akordeoia eskuetan herriren bateko jaiak alaitzera.
Milaka kilometrok banatutako bikotearen istorioa kontatzen du ‘10.000 km’ filmak. Gaur egun, teknologia berriak baliatuta, errazagoa da distantziak banatutako harremanak mantentzea?
Bai, teknologia berriek munduaren beste puntan bizi diren familikide eta lagunekin harremana mantentzea ahalbidetzen dute. Baina era berean, filmak erakusten duen bezala, bikote harremanetan, sentimenduak eta sexua tarteko direnean, pertsonek elkar ukitzea behar dute, elkar usaintzea.
Aktoreek asko bidaiatzen duzue. Identifikatuta sentitu zara?
Ez, ezta gutxiago ere. Ez naiz batere ordenagailu zalea. Alde batetik, horregatik erabaki nuen filma egitea, nik bizi izan ez dudan esperientzia hori bizitzeko. Izan ere, badakit distantziak banatutako harremanak zailak eta gatazkatsuak izan daitezkeela. Adam Burke gure musika taldeko gitarra jotzailearen neska-laguna italiarra da, bi urte pasatxo daramatzate elkarrekin, eta asko maite dute elkar. Baina noski, biran gaudenean bideotxat bidezko harremana dute, eta ikusi dut frustrantea izan daitekeela. Adibidez, ikamika txikiak aurrez aurre konpondu ezin direnean arazo handi bihur daitezke. Alde horretatik, zorteduna naiz, Sam alboan dut eta! [Sam Apley bikotekidea Molotov Jukebox taldeko biolin-jotzailea da].
Filma ikusten den bezala errodatu duzue: David Verdaguer Bartzelonan zegoen, zu Los Angelesen, eta bideotxatak benetakoak dira. Zaila izan da?
Sarritan oso frustrantea izan da. Filma biok batera gauden 26 minutuko plano sekuentzia batek irekitzen du. Hori errodatu genuen lehenengo. Eta gero, zuzendaria aktore batekin bakarrik egon zitekeenez, lehenengo Bartzelonan geratu zen lantalde guztia Daviden sekuentziak errodatzen. Ni Diegorekin, soinu teknikariarekin, bakarrik nengoen Los Angelesen, ordenagailuko pantailaren beste aldean. Interneteko konexioa moztu egiten zen… Baina beste alde batetik, esperientzia interesgarria ere iruditu zait, izan ere, askatasuna izan dut lasaitasun osoz antzezteko.
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en