Dock of the Bay: Musikariak pantailan

Dock of the Bay: Musikariak pantailan –

Musikari buruzko dokumentalen zinemaldia da Dock of the Bay, Donostian hamahirugarrenez jorratuko dena, gaur hasita.

Jaialdiak Trueba zinematan proiektatuko ditu filmik gehienak, eta Antzoki Zaharrean gainontzekoak; guztira 26 proiekzio eta tartean 7 estreinaldi direla, larunbata bitarte.

Aparte, ohi bezala, zuzeneko musika -besteak beste Joseba B. Lenoir eta Elena Setien– eta liburu aurkezpenek osatzen dute jaialdia -Juanma Gilen “Un hombre bajo el agua” eta Ramón Lluis BAnderen “Cuaderno de la revolución”-, eta berrikuntza modura aurten lehenengoz programatu dituzten elkarrizketek: zinema eta musika arloko gonbidatu bana elkartuko dituzte beraien artean solas dezaten;  Garbiñe Ortega eta Stefano Scarani asteazkenean, eta Mreia Iniesta eta Aitor Etxebarria ostegunean.

Gainera, hiru irratsaio berezi ere ekoiztu ditu aurten jaialdiak -larunbatean bat, “Zure bizitzako diskoa”, Asier Leoz, Juan Luis Etxeberria eta Nacho Vegasekin-; eta jaialdia bukatu bitarte Kutxa Kultur Plazako bideo horman egunero proiektatuko dira Musikeneko bideomusikako lanak.

.

Lehian diren filmak

Sail Ofiziala bederatzi film luzek eta hiru film laburrek osatzen dute -tartean Euskal Herriarekin zerikusia duten bi-, eta epaimahaia Nacho Vegas musikariak, Garbiñe Ortega irakasleak eta Koldo Almandoz zinegileak osatua dago.

Film luzeak:

“At the matinee” (Giangiacomo de Stefano): Filmak New York hiriko CBGB sonatua aurkeztuko digu bertan jotako hardcore taldeen bitartez: Black Flag, Youth of Today…

“A Bright light – Karen and the process” (Emmanuelle Antille): 60ko hamarkadako Karen Dalton ahaztuaren arrastoa jarraitzen duen filma da.

“OUTDEH – The youth of Jamaica” (Louis Amon Josek): Jamaikako gazteria erretratatzen duen filma da.

“Rolling Stone: Life and death of Brian Jones” (Danny García): 1969an zendutako Brian Jones musikari mitikoari buruzko lehen dokumentala da.

“Felix in Wonderland” (Marie Losier): Felix Kubin-en musika sorkuntza esperimentalari buruzko lana.

“VVV (Trippin´ you)” (Santiago Mejías Blake): Gazteria etsi eta nahasi baten eguneroko kontraesanak jasotzen dituen filma, VVV taldea ardatz.

“Disco confessions: John Morales, a life in the mix” (Javi Senz): Dantza musikan legenda den morroiaz eta DJ munduan mintzo den lana.

“Miguelito” (Sam Zubrycki): Puerto Ricoko musika “salseroa” ardatz duen filma.

“Los demenciales chicos acelerados. Primera parte: Euskadi y tal” (Kikol Grau): 80ko hamarkada sarritan mirestuegian jartzen du arreta (Kortatu, Zarama, Baldin Bada, Naste Borraste, Hertzainak…) dokumental sorta hauen lehen atalak -Bartzelonako eszenari buruzkoa da bigarrena-. Grauk eginak ditu aurretik ere zenbait euskal punk talderi buruzko lanak: Eskorbutori buruzko “La más macabra de las vidas” eta Cicatrizi buruzko “Inadaptados”.

Film laburrak:

“Musical Voyage (A trilingual abstraction by Lee-Ann Curren)” (Patrick Trefz): Biarritzetik San Franciscorako bidaia, musikaren eta surfaren arteko konexioaz hitz egiten duena.

“Vigilia – Fi de gira 45 cerebros y un corazón” (Pol González Novell): Maria Arnal eta Marcel Bagésen hiru urteko lankidetza artistikoa agertzen duen filma.

“Kyoko” (Marcos Cabotá eta Joan Bover): John Lennon eta Yoko Ono Mallorcan atxilotu zituztenekoa.

.

Gainontzean, lehiaz kanpoko Perfect Day atalak hamaika film proiektatuko  ditu, besteak beste PJ Harvey, INXS eta Suede zein sintetizadoreen aroa ardatz dituztenak.

Paint It Black atzera-begirakoak Daniel Johnston omenduko du; AEBetako underground eszenan figura garrantzitsuenetakoa zena irailean zendu zen, bihotzekoak jota. Eta nerabeei zuzendutako Ikusle Berriak atalak M.I.A. kantariari buruzko dokumental bat proiektatuko du.

Dock of the Bay: Musikariak pantailanDock of the Bay: Musikariak pantailan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude