Musikariak Ikastetxeetan aurrera, “Ez dadila haria eten”

Musikariak Ikastetxeetan aurrera Ez dadila haria eten –

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak Musikariak Ikastetxeetan programa bertan behera uztea erabaki zuela-eta, makina bat euskal musikarik elkarretaratzea egin zuten ostiralean Iruñean, “Ez dadila haria eten” lelopean. Bertan irakurri zuten manifestua da azpian duzuen hau, Nafarroako Gobernuak erabakia zuzendu eta programari eutsiko diola jakin ostean dakarguna.

Musikariak Ikastetxeetan aurrera Ez dadila haria eten

Musikariak Ikastetxeetan manifestua:

2018an abiarazi zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Musikariak Ikastetxeetan programa, honako abiapuntu eta helburuekin:

“Hezkuntza Departamentuaren helburuen artean dago euskaraz ikasten duten ikasleen hizkuntzarekiko identifikazioa sustatu eta, era berean, euskal kulturaren tradizioaren transmisioa eta ezagutza bultzatzea bere adierazpide guztien bidez. Hau dela eta, Departamentuak badaki ze garrantzitsua den musika helburu horiei begira, eta, era berean, ezagun du musikaren kontsumoak ze eragin daukan DBHko eta Batxillergoko ikasleengan eta haien jarrera linguistikoetan. Horregatik, oso tresna garrantzitsutzat jo du musika bera, hezkuntza maila hauetan euskararen erabilera sustatu eta bultzatzeko.

Musikari eta konpositoreen eta ikasleen arteko interakzioa lantzea eta musika tradizioaren eta haren eboluzioaren identifikazioa aztertzea jarduera aintzindaria da, eta Departamentuak uste du sustatu eta bultzatu behar duela”.

Eta horixe egin dugu bost ikasturteotan gure saioetan eta horixe egiten jarraitu nahi dugu:

  • Kantak sortzeko prozesuak partekatzen ditugu: Gutako bakoitzak, kantak nondik, nola eta zertarako sortu ditugun azaltzen diegu ikasle eta irakasleei, baita kanta horiek zuzenean jo ere. Programan parte hartzen dugun musikariak askotarikoak gara, bai genero, bai musika mota, bai euskalki, bai lurraldeari dagokionez. Uste dugu aniztasun horrek are aberasgarriago egiten duela ikasle eta irakasleentzat programa hau eta musika bizi eta ulertzeko aukera asko daudela ulertarazten diela.
  • Euskarazko kantagintzaren historia eta oraina transmititzen dugu: Gu euskarazko kantagintzaren historian katebegi bat garela irakasten diegu, gure aurretik beste askok sortu zutela musika euskaraz eta gure ustean, agian gure eraginez, beste batzuk ere sortuko dutela musika euskaraz.
  • Euskaraz sortzeko grina transmititzen diegu: Kulturgintzaren transmisioa edukiak eta jakintza partekatzeaz gain, sortzeko gogoa piztea ere bada, norbere buruaren ahalduntze bat. Guk ere, beste batzuk eredu izan ostean erabaki genuen geure kantak sortzen hastea.
  • Ikasleen gaitasun linguistikoetan eragiten dugu: Gure kanten letrak lantzen dituzte ikasleek, gure azalpenak, gogoetak, iritziak jasotzen dituzte. Horrek, ezinbestean, euskara maila hobetzeko tresna bat eman die. Kantagintza hizkuntza baten osasunerako ezinbesteko zutabeetako bat baita, mundu osoan bezala, Euskal Herrian ere.
  • Ikasleen garapen integralean laguntzen dugu: Sormena pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko tresna da. Gure arloari dagokionez, adimen musikala garatuz, afektibitatea eta harremanak hobetzen laguntzen dugu, adierazpen eta komunikazio aukerak eskaintzen ditugu, alegia, sentitzen eta pentsatzen dutena kanten bitartez adierazi dezaketela erakusten diegu eta eurak ere kantari izan daitezkeela ulertaraziz, euren burua ahalduntzeko tresna bat eskaintzen diegu.
  • 2018tik hona, ikasturtero ikasturtero, saioei buruzko balorazioak idatzi ditugu, bai ikastetxeetako arduradunek bai musikariok. Esku bateko atzamarrekin konta daitezke balorazio txarra jaso duten saioak. Eta asko izan dira eskaini ditugun saioak. Bost urteotan, ia 700 saio eskaini ditugu Nafarroa osoko D eta A ereduko ikastetxeetan. Gure saioen balorazioetako batzuk aipatzearren:

– Oso ekintza aberasgarria.

– Oso balorazio positiboa, irakasle zein ikasleen partetik.
Saioa arras ongi joan da, ederki prestatua eta guztiz interesgarria. Errepikatzeko modukoa. Dudarik gabe. Esker mile.

– Interesgarria da abestu behar dituen abestiak adostea ikasleekin aurretik lantzeko,batez ere A ereduan ulermena ziurtatzeko.

– Oso gustora aritu gara. Ikerrek oso ongi egituratuta zuen lanketa eta oso interesgarria izan da. Dinamikoa eta ikasleen partehartzea, sormen prozesuan, bultzatzen.

– Zuzeneko abestiak goraipatu dituzte ikasleek. Bestetik, akorde batzuk joaz, zein abesti den asmatzeko jolasa ere oso gustuko izan dute.

– Ikaragarrizko pribilegioa eta gozamena maila horretako musikari baten azalpen eta emanaldia gurean izatea. Ikasleek atzenduko ez duten eguna. Esker mila anitz!

– Oso interesgarria hamarkada bakoitzean azpimarratutako gertaerak musika estilo ezberdinekin lotuak.

– Musikariak dena oso ongi lotu eta prestatua zuen eta ikasleengana hurbiltzea lortu zuen. Gainera, ikasleak ere dinamikan oso ongi sartu ziren eta denok momentu oso polit eta gozagarria bizi izan genuen. Oso gomendagarria.

Bistan denez, musikariok ere zinez balorazio positiboa egiten dugu Musikariak Ikastetxeetan programazioari buruz eta erran bezala, balorazio hauek idatziz jasota daude eta Hezkuntza Departamentuaren esku 2018tik.

Beraz, zergatik eten behar dute ikasleen, irakasleen eta musikarion horren balorazio positiboa duen programa bat?

Hezkuntza Departamentuak Musikariak Ikastetxean abiarazi zuenean, orduko kurrikulumaren eskakizunen baitan kokatu zuen. Gaur egungo LOMLOEk are gehiago indartzen du Musikariak Ikastetxeetan bezalako programen beharra. Izan ere, lege horren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxillergoan sormena sustatu eta kultura transmititu behar dira. Guri dagokigunez, euskara eta euskarazko kultura.

Sormena sustatzen duen heinean, konpetentzia linguistikoetan eragina duen heinean, kantagintzaren transmisioa sustatzen duen heinean, ikasleen garapen integralean eta nortasunaren ahalduntzean eragiten duen heinean, Musikariak Ikastetxeetanek kurrikulumaren eskakizunei erantzuten die. Horren adibide da, 2018tik hona hezkuntza komunitateak antolatutako hainbat jardunaldi pedagogikotan praktika on bezala aurkeztu dela programa hau eta ikastetxe askotako arduradunek goretsi dutela.

Bi arrazoi nagusi hauengatik eta Nafarroako hezkuntza komunitateko eragile askok adierazi dutenarengatik, zera eskatzen diogu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari:

Ez dezala bertan behera utzi Musikariak Ikastetxeetan programa.

2018tik Musikariak Ikastetxeetan programan parte hartu izan dugun musikariok egiten dugu bat idatzi honekin:

Abereh (Erik Berganza), Aguxtin Alkhat, Amorante (Iban Urizar), Aneguria, Birkit (Birkite Alonso), Eñaut Elorrieta, Esti Markez, Gorka Urbizu, Habia bikotea, Ibai Osinaga, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Iñigito Txapelpunk, Jon Basaguren, Jon Gurrutxaga, Joseba B.Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu (Elena Caballero), Lide Hernando, Maite Larburu, Maria Rivero, Mikel Inun, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza, Odei Barroso, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Paxkal Irigoyen, Rafa Rueda, Thierry Biscari, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian, Zuriñe Hidalgo.

Musikariak Ikastetxeetan aurrera Musikariak Ikastetxeetan aurrera 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude