Musika maite duten guztientzako lau zita Kantuaren Kantoian

MzY2OA==

Iazko formatu eta filosofia beragaz, eta Jonan Fernandez gidariak dioskunez, “entzuleek musikariak gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten” antolatu dute. Distantzia fisikoari dagokionez dira saiook gertukoak, eta Fernandezek nabarmentzen duenez, baita “musikariek barru-barruan dituzten kezken isla diren kantuak direlako zikloaren ardatza” eta protagonista nagusi.

“Musikatik harago joateko balio dezaketela halako emanaldiek” esan digu Rafa Rueda musikariak ere: “badago publiko bat, lauon musika oso gustuko izan ez arren, berbaldian eskaini dezakegunagazko interesa badaukana”. Zentzu berean, “zikloa ez da musika-zaleentzat edo parte hartuko duten lau musikarien fan amorratuentzat bakarrik egokia”, dio Fernandezek: “solasaldietako gaiak erabat unibertsalak dira”.

Lau musikarion lana hurbilagotik jarraitzen dutenek bestalde, plazaratu berri dituzten diskoetako (Bide Ertzean taldearen Don Inorrez, Zea Mays-en Era, eta Kerobiaren Ontziak) kantak giro intimo horretan bilduta entzuteko aukera da Plateruenekoa.

Kantuak idazteko baliatzen dituzten metodoak, eta euren ibilbidean zehar bazterrean utzitako piezen (inoiz jende aurrean abestu bakoak) edota beste zenbait kantaren  hasierako txinpartak zelan sortu ziren  azalduko dute Kantuaren Kantoian sortzaileek. Iaz legez, eguenetan, 20:00etan dira doako sarrera duten Kantuaren Kantoia zikloko saioak, azaroak 4, 11, 18, eta 27an.

Lau hitzaldi musikatuak livestream bidez zuzenean eskainiko dituzte honako webgunean: http://www.plateruena.net/bloga/

Imanol Ubeda (azaroak 4): “Bazterrean alboratuta utzi ditugun kantu horiek eskaini nahi nituzke”.

Aiora Renteria (azaroak 11): “Gauza berezi eta oso interesantea izan daitekeela uste dut”.

Rafa Rueda (azaroak 18): “Poesiaren eta musikaren harremana ardatz moduan hartuta jardutea da buruan darabildan ideia”.

Xabi Bandini (azaroak 25): “Bakarrik jotzea, relajantea, baltsamikoa izaten da”. 

Irudia | Kantuaren kantoia | Plateruena | LGPL
Kantuaren kantoia
Joseba Derteano

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude